Israelek eta Iranek, «batak zein besteak gerra amaitzea nahi zuten», esan du gaur Donald Trump AEBetako presidenteak Truth Social bere sare sozialean. «Mesedez, ez ezazue urratu!», eskatu die su etena sartu eta segituan. Batak zein besteak urratu egin dute, ordea, eta horrek sutu egin du Trump. Tregoa indarrean sartu izanagatik ere, bi herrialdeen arteko tentsioa ez da baretu, harik eta AEBetako presidenteak errieta egin dien arte: esan du ez dagoela «kontent» Iranekin, eta are gutxiago Israelekin: «Hainbeste denbora eta hain gogor elkar joka aritu dira, ezen jada ez baitakite zer demontre egiten ari diren», esan du kazetariei egindako adierazpenetan. Printzipioz indarrean jarraitzen du su etenak, eta Israel eta Iran adi daude besteak zer egingo.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak agerraldia egin du gaur gauean, telebistan, eta esan «garaipen historikoa» lortu dutela; «belaunaldi luzez iraungo du». Erantsi du Israelek Iranen azpiegitura nuklearrak suntsitu dituela, eta horiek berreraikitzen saiatzen bada, beste behin suntsituko dituela.
Halere, Iranek ere garaipena aldarrikatu du, hamabi eguneko erasoaldiaren ostean Israelek eta AEBek ez dutelako programa nuklearra guztiz desegin. Irango presidente Masud Pezexkianek adierazi du «inposatutako gerra» amaitu dela «nazioaren erresistentzia heroikoari esker», IRNA herrialdeko berri agentziak jaso duenez.
Aurrez, Trumpek Netanyahurekin hitz egin du telefonoz, eta exijitu dio behingoz bertan behera utz dezala erasoaldia. Esan eta egin. Deia amaitu eta gero, lehen ministroaren bulegoak oharra kaleratu du: Israelek «gerrako helburu guztiak» bete ditu, eta ez du eraso gehiagorik egiteko beharrik. Pezexkianek ere ziurtatu du, haren bulegoak jakinarazi duenez, Iranek ez duela misilik jaurtiko: «erregimen sionistak» ez badu su etena urratzen, Iranek ere ez du urratuko.
Arratsaldean heldu dira adierazpen horiek, Trumpek su etena adostu duela iragarri eta zenbait ordu geroago. Gauerdian esan du hori, eta nola aplikatuko den ere azaldu du: Euskal Herrian 06:00ak direnean Iranek Israeli eraso egiteari utzi behar dio; hori betetzen dela egiaztatuz gero, 18:00etan Israelek erasoak etengo ditu; eta, egun baten buruan menia errespetatuz gero, «hamabi eguneko gerra» bukatu egingo da. «Horrela esan beharko zaio, hamabi eguneko gerra». Aurreikuspenak, ordea, ez dira bete.
Meniaren berri eman eta hura indarrean sartu bitarteko sei orduetan, elkarri eraso egin diote bi herrialdeek. Israelgo iturrien arabera, Teheran iparraldean Mohammad Reza Seddiqi zientzialari nuklearra hil da —ekainaren 13an erasoei ekin zionetik hamar zientzialari erail ditu gutxienez—, eta herrialdearen ipar-mendebaldeko beste eraso batek bederatzi hildako eragin ditu, eta 33 zauritu. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak goi bilera egingo du gaur hasi eta bihar arte, Hagan, eta, hegazkina hartu aurretik, Trumpek kazetariei esan die ez dagoela pozik Netanyahurekin: «Ez zait gustatu akordioa egin bezain azkar Israelek [bonbak] deskargatu izana. Ez lukete halakorik egin beharko».

Bestalde, Iranek bost misil sorta jaurti ditu Israelerantz, Israelgo armadaren arabera; Beer-Xeva hirian lau hildako eta hogei zauritu eragin ditu eraso batek, herrialdeko larrialdi eta erreskate zerbitzuek jakinarazi dutenez.
Hamabi egun hauetan, gutxienez 610 lagun hil dira Iranen Israelen erasoengatik, herrialdeko Osasun Ministerioaren arabera; Israelen, berriz, 28 lagun hil dira.
Israelgo Gobernuak salatu du behin su etena indarrean sartuta Iranek ez duela oldarraldia eten: goizean, Euskal Herrian 10:00ak jotzear zirela, Irandik jaurtitako misilak detektatu dituzte, eta aireko defentsa sistema aktibatu dute; iparraldean, Haifa hirian, sirenak entzun dira. Irango Guardia Iraultzaileak, ordea, gezurtatu egin du tregoa indarrean zegoela erasorik egin duenik. Tel Avivek misilak jaurti ditu Irango hiriburuaren iparraldera, eta radar bat suntsitu du. Irango hedabideen arabera, zenbait eztanda ere entzun dira arratsalde hasieran, iparraldeko Babolsar hirian. Trump azken eraso horiek eragozten saiatu da Netanyahuri deitu dionean, nahiz eta, Israelgo iturri ofizialen arabera, Israelgo lehen ministroak ezin izan dituen atzera bota. Ondoren, zera idatzi du Trumpek, sare sozialetan: «Israelek ez dio eraso egingo Irani. Hegazkin guztiak etxerantz doaz. Inor ez da zaurituko, tregoa indarrean dago!».
Iranen programa nuklearra, etenik gabe
Itxurazko barealdia lortuagatik ere, Etxe Zuriko maizterrak ez du ahaztu «hamabi eguneko gerra» zerk eragin zuen: Iranen programa nuklearra eta arma nuklearrak egiteko gai delako ustea. «Ohorea izan da [Irango] azpiegitura nuklear guztiak suntsitzea eta gero gerra amaitzea», idatzi du Truth Socialen. Irango Energia Atomikoaren Erakundeko bozeramaile Behrouz Kamalvandik, ordea, gaur adierazi du inork ezin dituela Iranen programa nuklearraren «sustraiak kendu». Irango telebista publikoan egin ditu adierazpenak: «Aintzat hartuta gure gaitasunak eta abileziak, industria nuklearrak jarraitu egin behar du, eta ez dute inoiz geratuko». Are, erakundeko buru Mohammad Eslamik esan du kalteak aztertzen ari direla, eta aurreikusia zutela konponketa lanak egin behar izatea: «Gure asmoa da produkzioa edo zerbitzuak ez etetea». Hala jaso du Mehr Irango berri agentziak.
Izan ere, Iranen eta Israelen arteko meniarako akordioa eta gaurko eraso oldea asteburuko gertakarien ondotik jazo da: AEBek Irango hiru gune nuklear nagusiak bonbardatu zituen herenegun —Fordowkoa, Isfahangoa eta Natanzekoa—. Washingtonen arabera, hondatu egin zituzten uranioa aberasteko erabiltzen diren zentrifugagailuak, eta hau esan du Trumpek gaur: «Iranek ezingo ditu bere azpiegitura nuklearrak inoiz berreraiki».

Rafael Grossi IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako buruak beso zabalik jaso du Iranen eta Israelen arteko tregoa, eta sare sozialetan idatzi duen mezu batean, esan du espero duela «aspaldiko polemikari [Iranen programa nuklearrari] soluzio diplomatikoa» ematea. Agentziaren eta Teheranen arteko harremana berrezartzeko deia ere egin du.
Iranek eraso «proportzionalarekin» erantzun zion atzo: Washingtonek Qatarren duen aire base baten kontrako Garaipenaren iragarpena operazioari ekin zion. Teheranek «aurrez» jakinarazi zion Washingtoni Al-Udeideko baseari eraso egingo ziola, eta hamabi misiletatik batek jo zuen base militarra, nahiz eta ez zuen kalterik eragin. Eraso horren ondoren iragarri zuen Trumpek «bakerako garaia» heldu zela.
Trumpek behin baino gehiagotan aipatu du «erregimen aldaketa», eta Iranentzat halakorik nahi duen galdetu diote gaur kazetariek. «Ez. Baldin badago, egongo da, baina ez dut nahi. Egoera baretzea nahi dut ahalik eta azkarren. Erregimen aldaketek kaosa dakarte, eta ez dugu nahi halakorik ikusi», erantzun du AEBetako presidenteak.
Israel, Gazari begira
Baliteke Israelen eta Iranen arteko azken oldarraldia baretu izana, baina gatazkek bere horretan jarraitzen dute Ekialde Hurbilean. Israelgo armadak ohar bat kaleratu du gaur, eta bertan esan du «fase esanguratsu» bat amaitu dutela, baina «Iranen kontrako kanpaina» ez dela amaitu: «Fase honetako lorpenei esker beste fase batean sartu gara. Atzera eragin diogu Iranen proiektu nuklearrari, eta gauza bera esan daiteke misilei buruz ere». Fase berri horrek ekarriko duenaren esperoan, Israel «Gazan zentratuko da bueltan».
Gazan 25 lagun hil ditu Israelek elikagaiak hartu zain zeudela
Gazan ez dago su etenik. Palestinako defentsa zibileko iturrien arabera, laguntza eta elikagaiak hartzeko itxaroten ari ziren palestinarrei eraso egin diete Israelgo militarrek, zerrendaren erdialdean. Gutxienez 25 lagun hil dituzte, eta 150 inguru zauritu —horietako 62 oso larri daude—. Lekukoen arabera, hegoalderantz doan errepidean zeuden laguntza banatzeko kamioiak, eta militarrek tankeetako obusekin eta droneekin egin diete eraso.
Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak salatu du laguntzaren banaketa jomugan jartzea gerra krimena dela. «Etsita, Gazan gose den jendeak ezbai bidegabe bati aurre egin behar dio: goseak hil, edo jana hartu bitartean hiltzeko arriskuari aurre egin».