Koronabirusa

Kazetaritza, funtsezko jarduera inoiz baino gehiago

BERRIAren webguneak inoizko audientziarik handiena izan du azken hilabeteotan. Iazko datuekin alderatuta, bisitak bikoiztu egin dira martxoan eta apirilean

Pello Urzelai.
2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiak ez du etenik ekarri hedabideen jardunean. Alderantziz, hedabideen jarduera areagotu egin da, eta, larritasuneko informazio beharrak eraginda, hedabideen audientzia nabarmen ugaritu da. Kazetaritzaren funtsezko jardueraren izaera indartu egin da osasun krisi honetan.

Ustekabean etorri da COVID-19aren osasun krisia, azkar, bat-batean, eta egun eta aste batzuetan sekula ezagutu gabeko egoera larri bat ekarri du (gaixoak, hilak, itxialdia...). Inoiz ez bezalako informazio egarria eragin du: gertatzen ari zena ulertzeko, jarraibideei buruz, egoeraren bilakaerari buruz... Informazio behar horren ondorio dira hedabideen audientzia datu historikoak. Baina, era berean, baita behar horri erantzunez egindako kalitatezko kazetaritzaren ondorio ere. Eta, zirkulua itxiz, hilabeteotan irakurle askok BERRIAlagun egiteko jauzia egin dute, egindako kazetaritza balioetsiz eta sarituz.

BERRIAk martxoan izan du audientzia kolperik handiena, izurriaren eztandarekin batera. Hilabete batean, inoiz pilatutako erabiltzaile kopururik handiena: 298.859 erabiltzaile. 2019ko martxoarekin alderatuta, %71,9ko hazkundea. Martxoaren bigarren astean hasi zen ezohiko hazkundea, martxoaren 9tik aurrera. Inflexio puntua martxoaren 12a izan zen, eskolak itxi behar zirela iragarri zen eguna. Egun hartan pilatu zen martxoko erabiltzaile kopururik handiena: 35.439. Hortik aurrera, eguneko irakurle kopurua oso handia izan da: egunero 20.000 erabiltzaile baino gehiago (bi egunetan 30.000tik gora, eta hamahiru egunetan 25.000tik gora).

Saio edo bisita kopuruari begiratuta, martxoa izan da hilabeterik oparoena ere. Sekula ikusi gabeko zifrak izan dira hor ere: 1.129.475 saio hilabete batean. Iazko martxoko bisita kopurua bikoiztu egin du BERRIAk aurten (%108,9ko hazkundea), koronabirusaren krisia dela eta. Beraz, inoiz baino irakurle gehiago izateaz gain, inoizko erabilerarik handiena izan du BERRIAren webguneak. Erabiltzaile bakoitzak 3,78 saio egin ditu joan den martxoan.

Apirilean eta maiatzean zifra historikoetan jarraitu du BERRIAren webgunearen audientziak, martxoko kopuruetatik pixka bat beherago bada ere.

Apirilean, 287.949 erabiltzaile izan ditu BERRIAren webguneak; iazko apirileko datuekin alderatuta, %63,9ko hazkundea. Egun bat kenduta, egunero 20.000 erabiltzaile baino gehiago aritu dira webgunean. Egun gehienetan, 25.000tik gora, eta bi egunetan, 30.000tik gora. Saio edo bisita kopuruari dagokionez, apirileko jarduera oso bizia izan da: 1.106.516 saio hilean. Iazko apirileko bisita kopurua bikoiztea lortu du (%102,7ko hazkundea). Batez beste, erabiltzaile bakoitzak izandako saio kopurua martxokoa baino altuagoa izan da apirilean: 3,84. Audientziaren hazkundea maiatzera ere luzatu da. Beraz, hiru hilabetez jarraian ezohiko audientzia eskuratu du webguneak. Maiatzean, 275.666 erabiltzaile izan ditu (apirilean baino %4,2 gutxiago). Iazko maiatzeko datuekin alderatuta, erabiltzaile kopuruan izandako hazkundea %37,1ekoa izan da. Egunez eguneko datuak begiratuta, maiatzaren 9an beste errekor bat gertatu da: egun bakar batean inoizko erabiltzaile kopururik handiena bildu da (41.564).

Saio kopuruari dagokionez, jarduera handia izan da maiatzean ere, milioi bat saio baino gehiago: 1.020.436. Iazko maiatzarekin alderatuta, %63,2ko igoera.

Gorakadaren atzean, kazetaritza

Zer dago audientzia gorakada handi honen atzean? Kazetaritza. Krisi garai batean kalitatezko informazioa eskaintzeko ahalegina. Hau da, zailtasun guztien gainetik, BERRIAren eginkizuna betetzeko konpromisoa: Ā«Kalitatezko informazioa ematea da, berehalakoa zein arnasa luzekoa, egiarekin engaiatua, ikuspegi kritikoarekin eta independentearekinĀ». Hori diote webguneko datuek.

Zer motatako edukiak izan dira erreferenteak irakurleentzat? Azken orduko informazioa, datuen bisualizazioa, informazio argigarria, iritziak eta analisiak, elkarrizketak eta testigantzak...

Gehien irakurritako artikuluak azken orduko albisteei lotuak izan dira. Osasun larrialdiaren garaian, aktualitatearen berri ematea funtsezko zerbitzu gisa ulertu behar da. Ikastetxeen itxialdiaren iragarpena, konfinamenduaren ezarpena, funtsezkoak ez diren jardueren etenaldia, lehen osasun langile baten heriotza, Jose Luis Zumeta margolariaren heriotza, joan-etorriei ezarritako mugak, kalera ateratzeko arauen iragarpena... Martxoan eta apirilean, azken orduko informazioaz osatutako laurogei artikuluk 316.593 ikustaldi izan dituzte.

Grafikoak

Aktualitatearekin batera, audientziaren hazkundean gehien eragin duen beste kazetaritza ildoa datuen bisualizazioa izan da. Izan ere, epe berean (martxoa-apirila), krisiaren muinean, ikustaldi gehien izan dituen artikulua koronabirusaren azken datuak grafikoetan erakusten dituena izan da: 176.864 ikustaldi bildu ditu martxoan eta apirilean. Horrekin batera, koronabirusaren zabalpena herriz herri eta osasun eremuka adierazten duten mapa interaktiboen eta taulen artikuluak ere oihartzun handia izan du (63.391 ikustaldi). Bien artean 240.255 ikustaldi. Krisi honetan, datuak eta datuen bisualizazioak funtsezkoak izan dira; datuak bildu, eguneratu eta erakusteko ahalegina saritu dute irakurleek. Maiatzean, ildo hori osatu egin du BERRIAk, mundu osoko grafiko berriekin eta datu ekonomikoekin.

Egoerak, arazoak, auziak, edo gertaerak argitzen saiatzen den kazetaritza ere oso estimatua izan dute irakurleek krisi garai honetan. Horrelako hemeretzi artikulu gehien irakurrietakoak izan dira, eta, denen artean, martxoan eta apirilean 83.751 ikustaldi izan dituzte. Adibide batzuk aipatzearren: Alarma egoera, zer egin liteke, eta zer ez? (7.442), Zeintzuk dira funtsezko jarduerak? (6.973), Politika eta enpresa mahai berean(5.636), Nola aldatuko du koronabirusak mundua?(10.038)...

Oso harrera ona izan du, halaber, Miren Basaras Mikrobiologia irakasleak eta Ana Galarraga zientzia dibulgatzaileak krisia zientziaren ikuspuntutik jorratzeko egindako lanak. Bien artikuluek 53.811 ikustaldi izan dituzte martxoan eta apirilean.

Iritzi saileko zutabe eta artikuluek, elkarrizketek eta testigantzek, euskarari edo hezkuntzari lotutako artikuluek ere lagundu dute audientziaren hazkundean. Baita bideogintzan egindako ahaleginak ere: BERRIA Aretoa, Etxeko Leihotik, elkarrizketa digitalak... Bereziki aipagarria da BERRIA Aretoak izandako oihartzuna: guztira, 61.952 ikustaldi pilatu ditu aretoaren orrialdeak. Horrez gain, saioen bideoek askoz oihartzun handiagoa izan dute, Youtube, Facebook edo Instagram plataformen bidez; Youtuben bakarrik, 120.000tik gora ikustaldi izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.