New Yorkeko Munduak
New Yorkeko munduak

Bai indietara

2023ko urriaren 13a

New Yorkera itzultzeko eguna dugu gaur astelehena. Udako Euskal Herriko egonaldia bukatu eta udatzenari han ekiteko. Gezurra dirudi, seigarren ikasturtea dagoeneko. Zaila izaten da partitzea. Gure aita zenak hemezortzi egun ematen zituen itsasoan lanean eta hiru atseden egun lehorrean. Hiru horietatik hasierako eguna eztanda bat izaten zen, zorionekoa. Bigarrenenerako baina hasten zen pentsatzen biharamunean itsasoratu egin behar zela. Eta hirugarren eguna goibela izaten omen zuen oso. Hori kontatu berri dit amak.

Atal gehiago
New Yorkeko Munduak

Halloween haizeak

2026ko urriaren 26a

Halloween haizeak nabari dira New Yorken. Zabaldu dituzte mozorroen pop-up dendak, aldi baterakoak alegia; hiritarrak hasi dira fatxadak eta atarietako eskailerak atontzen, eta giroan ere igartzen da.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Loti ederrak

2026ko urriaren 19a

Loti ederrak esaten zaie zientzian aspaldian idatzi eta ahaztuta geratu ziren artikuluei, bat-batean norbaitek berreskuratu eta teoria berri bat sortzeko balio dutenean. Zein edo zeinek ideia bat izan zuen, ez zitzaion kasurik egin, eta urteak geroago beste zientzialari batek ideia hura aurkitu, baieztatu eta handitu egiten du.

Loti ederrak izeneko liburua aurkeztu zuen David Byrne musikariak Riverside Church elizan. Leku ezaguna da eskubide zibilen historian. Han hitz egin zuen Martin Luther Kingek Vietnamgo gerraren aurka. Duela gutxi Bernie Sanders entzutera ere bertara joan ginen.

Une batean ahaztuak edo baztertuak izan diren ideia eta pertsonei buruz hitz egin zuen Byrnek, urte asko geroago haien balioa aitortu zaien horiei buruz.

Erromatarren zementuaz aritu zen, haren formula mendeetan ahaztuta egon ondoren gaur egun berriro ikertzen ari baitira. Botticelliz ere bai: ospetsua izan zen bere garaian, gero bazterrean geratu zen luzaroan, eta mende batzuk geroago berreskuratu zuten. Lynn Margulis zientzialariaz hitz egin zuen, zelulen arteko sinbiosiari buruzko haren ideiez. Zero zenbakiaz. Eta, azkenik, klitoriaz.

Byrneren ustez, modernitateak itsutu egin gaitzake. Iraganean ere egon daitezke erantzunak. Datuen obsesioaren garaian, informazio gutxiago izatea ere lagungarria izan daiteke. Pentsamendu metaforikoa aldarrikatu zuen, zentzuzkotzat jotzen den horretatik aldentzea, ikonoklastei erreparatzea: gazteei, baztertuei, sistematik kanpo daudenei.

Eta esparru bakarrean ez ixtea. Gauza asko gustuko izatea. Espezialista hutsa ez izatea.

Horiek denak entzun genizkion Byrneri eskubide zibilen elizan.

Baina ez zuen politikaz hitz egin.

Non ote dago gure mundua lasaituko duen loti ederra, etorkizun hobe bat eskainiko diguna?

Lo dago.

Itzar dezagun.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Etxerako ostera

2026ko urriaren 5a

Aurreko astea eroa izan da. Hegaldia hartu eta Euskal Herriratu naiz. Siri Hustvedtekin elkarrizketa Bilboko Euskaldunan, Xabier Leteren ingelesezko itzulpenaren aurkezpena Donostian, Bitartean heldu eskutik poema-liburuaren 25. urteurreneko emanaldiaren iragarpena Arriagan eta, bukatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoaren inaugurazioa atzo.

Fosterren txapelak museoa bildu egin du. Dena da eskuragarriago, eta berez ona zen bildumari ikusgarritasun handiagoa eman dio. Mende askotako artea biltzen duen museoa da, egile klasiko handiekin eta, berezi egiten duten, euskal artistekin. Azpimarratzekoa da emakume artisten presentzia handitzeko egin den ahalegina.

Museoa beti izan da inspirazio-iturri niretzat. Bilbao-New York-Bilbao-n Artetaren Erromerian lana da eleberriko ildoetako bat. Elkarrekin esnatzeko ordua-n, berriz, Gezala da protagonista. Gezalak gela propioa du orain museoan, Sonia eta Robert Delaunayrekin elkarrizketan.

Erromerian gordeta egongo zela uste nuen, baina ezustean aurkitu nuen eraikin berrian, diseinuari eskainitako gelan.

Segituan joan nintzen amonaren bila.

Nobelan asmatu egin nuen Artetak nire amona margotu zuela. Hantxe zegoen ustezko amama, inoiz baino irribarretsuago, ni ikusteaz poztuko balitz bezala.

Gaur New Yorkera itzuliko naiz. Sei orduko aldea dagoenez eta egunaren alde egingo dudanez hegan, 30 orduko eguna izango da gaurkoa.

Nire urtebetetzea, hain zuzen.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Argi hura

2026ko irailaren 28a

 

Ostiral arratsaldea argi berezi batek hartu zuen New Yorken. Ametsetakoa zirudien. Urrezkoa, laranja, gorria. Aurreko egunetako ilunabarrak ere ikusgarriak izan ziren, baina hark bazuen beste zerbait. Ez zuen lasaitasuna transmititzen, ezinegona baizik. Hain zen ederra, ezen zerbait txarra ekarriko zuela baitzirudien.
—Munduaren akabera datorrela ematen du —esan zidan espaloian zeruari argazkia ateratzeko geratu zen emakume batek.
Ez zen bakarra. Hiriaren abiadura geldiarazi zuen argi hark.
Asteburuan The New York Times-en David Wallace-Wellsi irakurritako artikulu batekin gogoratu nintzen. Ez ote garen apokalipsian gehiegi pentsatzen ari zioen: klima aldaketa, COVIDa, hirugarren mundu gerra, eta orain adimen artifizialaren mehatxua.
Ez zien mehatxu horiei garrantzirik kentzen. Galdera beste bat zen: zer gertatzen zaigu etorkizuna irudikatzen dugunean hondamendia besterik ikusten ez badugu?
Zer ari gara gazteei transmititzen? Mundua amaitzear dagoela, ez dagoela etorkizunik; eta, gainera, ez dakitela ez irakurtzen ez idazten.
Esan genezake, ordea, gauzak aldatzeko aukerak badaudela. Garaipen zibil eta sozialei esker mundua gauza askotan hobetu dela. Eta, bai, badagoela oraindik hobeto egiteko aukera.
Apokalipsiak beldurra sortzen du, eta beldurrak geldiarazi egiten zaitu.
Gauza horiek buruan nituela, fantasiazko argi hura urtu egin zen eta gauak hartu zuen hiria.
Eta biharamuna ere iritsi zen, ezustean bezala.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Erantzuna

2026ko irailaren 21a

Arrebak deitu dit. Auto berria erostera joan dela kontatu dit.

Euskalgintzan egin du lan bizitza osoan, erretiroa hartu duen arte. Autoa zahar geratu zaiola eta, berria erostea erabaki du. Anaiak lagundu dio. Kamioizalea izanik, badaki zerbait motor kontuez.

Joan dira biak auto saltoki batera. Badute modelo bat gogoan, baina onena saltzaileari galdetzea otu zaie: zer dagoen berri, zero kilometroko autorik badagoen eta horrelakoak.

Gizon bat atera zaie. Gaztelaniaz agurtu ditu. Arrebak, edukazio handiz, galdetu dio ea euskaraz badakien. Ezetz. Ados. Orduan, ea saltzaile euskaldunik badagoen galdetu dio. Gizonak baietz, gaztetxo bat badagoela, baina une hartan kanpotik dabilela. Gainera, berak askoz gehiago dakiela autoei buruz.

—Nik ez dut sekula arazorik izan autoak saltzeko euskaraz jakin gabe —esan die harroxko.

—Bada, nik uste gaur izango duzula lehena —bota dio anaiak.

Eta biak atera dira dendatik.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Eleanor

2026ko irailaren 14a

Parketik paseatzen gabiltzala, Eleanor Roosevelten irudiaren aurrean geratu gara. Elizako santuei eskatzen zaien legez, Nereari otu zaio Eleanorri zorte ona eskatzea.

—Egia esan, –esan dit– Eleanorri sekula ez diogu ezer eskatu. Migrariei laguntzeko seguru egokiagoa dela.

Irudia lorategi txiki batean dago, eta lurrean haren hitz batzuk irakur daitezke. Giza eskubideak etxetik gertu hasten direla dio, leku txikietan; han bilatzen dituela gizon, emakume eta haur bakoitzak justizia, aukera eta duintasun bera.

Roosevelt anderea ahaztuta geneukan etxeko atea jo dutenean. Ate aurrean Whole Foodseko zortzi poltsa zeuden.

—Noiz egin duzu erosketa? —galdetu dit Nereak.

Ezetz esan diot, nik ez dudala ezer eskatu. Okerreko etxera ekarri dituzte itxuran. Poltsetan begiratu eta ez zen izenik ageri. Auzokoei galdetu diegu, baina inork ez zekien ezer. Dendara deitu dugu azkenik. Esan digute okertu egin direla. Janaria nora eraman galdetu diegu. Ezetz, jatekoa galdu egingo dela eta guretzat geratzeko; beraiek arduratuko direla benetako erosleari poltsak berriro eramateaz.

—Ikusi duzu? Eleanorrek kasu egin digu —esan dit barrez Nereak.

Astebeteko jana, debalde. Egia esan, eskertzen da hain garestia den hiri batean. Poltsak zabaldu ditugu: arraina, arrautzak, arroza, fruta eta barazkiak. Benetako altxorra.

Tira, kakahuete-gurina ere bazetorren. Horrekin ez du asmatu Eleanorrek.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Sator hizkuntza

2026ko irailaren 7a

Sator bat dago amaren baratzean. Lurra irauli eta ateratzen da inor zelatan ez duenean. Hori esan dit amak. Amaren sator hori izan dut gogoan uda partean. Konturatu bainaiz euskara sator baten modukoa dela.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Etxeko bandan

2026ko ekainaren 22a

New York pozik ibili da egunotan. Knicks taldeak NBAko txapelketa irabazi du 53 urte geroago, eta halako poz eta batasun sentsazioa sortu da hirian.
Azken aurreko partidan ehuneko 99,6ko aukerak zituzten galtzeko. Bada, gainerako ehuneko 0,4 horri eutsi zioten, eta irabazi. Sinisteko beti dagoela aterabideren bat, beti aukera bat.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Picasso edo Duchamp

2026ko ekainaren 15a

Arte adituak ez dira ados jartzen zein izan zen arte garaikidearen historian garrantzitsuagoa: Pablo Picasso ala Marcel Duchamp.
Picassoren koadro bat ikusita segituan dakigu norena den. Gernika edo Avignongo andereñoak hor daude. Duchamp, berriz, ez da hain erraza. Batzuetan ez zuen margotu ere egiten.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Zortea

2026ko ekainaren 8a

Nahiz eta New York Knicksen finalek arreta eta emozio handiagoa piztu, hasi da nabaritzen mundiala New Yorken: iragarkiak, trenak margotuta, eta sarrerak.
Estreinako partidan Brasil eta Maroko ikusteko 1.700 dolar da merkeena. Eta finala 8.000. Presidenteak berak, ezohiko zentzu komunaren atake batean, esan du berak ez lukeela hainbeste diru ordainduko.

00:00:00 00:00:00
Podcastak
New Yorkeko Munduak
New Yorkeko munduak

Halloween haizeak

Halloween haizeak nabari dira New Yorken. Zabaldu dituzte mozorroen pop-up dendak, aldi baterakoak alegia; hiritarrak hasi dira fatxadak eta atarietako eskailerak atontzen, eta giroan ere igartzen da.

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Netanyahurenak egingo al du?

Israelgo hauteskundeak ditu hizpide Berriketan saioaren atal honek. Inkesten arabera lehia estua izanen da, eta Benjamin Netanyahu lehen ministroak zaila izanen du gehiengo osoa lortzeko, baita oposizioko alderdiek ere. Beraz, badirudi gobernua osatzea zaila izanen dutela denek, alderdi arabiarrak kontuan hartzen ez badituzte. Nolanahi ere, ez dirudi hauteskundeen emaitzak palestinarren egoera hobetuko duenik. Julen Otaegi Leonet BERRIAko Mundua saileko kazetariak azaldu dizkigu hauteskundeen inguruko gakoak.

Atal hau Lara Madinabeitiak editatu du. Berriketan podcasteko doinuak Lumi taldeak egin ditu.

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Hamar urte justiziaren arrastorik gabe

Elhadji Ndiayeren heriotza du hizpide Berriketan saioaren atal honek. Duela hamar urte bortizki atxilotu zuen Espainiako Poliziak semaforo batean geldituta zegoela, konorterik gabe eraman zuten polizia etxera eta handik hilik atera zen. Auzia artxibatu zuen epaileak eta, beraz, inoiz ez da argitu haren heriotza. Duela hamar urte gertatutakoaz eta horrek izan dituen ondorioez mintzatu zaigu Ion Orzaiz BERRIAko gizarte gaietako kazetaria.

00:00:00 00:00:00
MurMur
MurMur

Monsieur le Crepe izan dugu MurMur-en

Iraileko lau igandez pieza bana argitaratuta mihia zorrotz bezain zintzo astindu du elkarrizketan, bere kantuetan egin ohi duen modura. Flamenkoaren eta raparen arteko loturez, klase ikuspegiaz eta prekarietateaz, zintzotasun artistikoaz eta beste aritu da.

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Alderdiak, lehiarako prest

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ditu hizpide Berriketan saioaren atal honek. Koalizioak osatzeko epea bukatuta, alderdi gehienek haien hautagaiak eta mezu nagusiak aurkeztu dituzte Hego Euskal Herrian. Azaroaren 29an izanen dira hauteskundeak, eta Iosu Alberdi BERRIAko Politika saileko koordinatzaileak alderdien egoera aztertu du gaurko atalean.

 

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Gazteek altxatu dute Europa

Europan piztu diren protestak ditu hizpide Berriketan saioaren atal honek. Lizeoko ikasleen protesta handien eta Frantziako Poliziaren oldarraldi bortitzen ondotik, protesta erraldoiak eta istilu larriak izan dira Frantzian. Bizimodu duin baten alde saldoan atera dira karriketara. Ez han bakarrik; antzeko suak Europa osoan pizten ari dira, protesta handiak egiten ari baitira Albanian, Italian, Belgikan, Portugalen eta Espainian. Gazteak karrikara atera dira, eta mobilizazio horiei buruz aritu zaizkigu Leire Casamajou Elkegarai eta Aitor Garmendia Etxeberria BERRIAko kazetariak.

00:00:00 00:00:00
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA