Igande goiz eguzkitsua pasatzeko modu egokia, parkea zeharkatu eta MET museora joatea otu zaigu. Han dago Man Ray argazkilari estatubatuarraren atzera begirakoa. Hara abiatu gara, eta Meten sartu.
Erakusketaren izenburua When Objects Dream da, gauzek amets egiten dutenean. Man Rayren hamarkada askotako lana biltzen du. Hasieran, margoak daude, abangoardien eraginpean sortuak. Bitxiena, ate birakari bat irudikatzen duen eskultura bat: hainbat margoz osatua, biratu egin behar duzu ikusteko, margo guztiak mugimenduan jartzen dira. Mugimendua, hori maite zuen Man Rayk.
Horregatik utzi zuen margoa eta argazkigintzara pasa zen, Marcel Duchamp ezagutu zuenean. Kamerarik gabe ateratako argazkiak egin zituen, lausoak, beilatuak. Pertsonenak, baina batez ere gauzenak: eguneroko objektu txiki eta ahaztuak —guraizeak, iltzeak, orraziak—.
Eta gero, laburmetraiak zeuden: ametsak diruditen filmak. Behin galdetu zioten ea ametsak artera eraman nahi ote zituen, eta hark erantzun: “Ametsak gogoratu ez, ametsak sortu nahi ditut nik.”
Erakusketa Emak Bakia zine-poemarekin bukatzen da. Bidarten zuen etxeak izen hori zuen, Oskar Alegriak ederki kontatu du haren istorioa, eta hantxe jaio zen filma. Azalpen txartelean ageri da “emak bakia” euskaraz dela, eta ingelesez “Leave me alone” esan nahi duela, “utzi bakean.”
Ametsak sortu nahia, eta “utzi bakean” hura. Bateonbatek esango luke gaur egungo egoera politikoaz ari zela Man Ray zaharra.