Gaur, otsailak 16 astelehena, Presidentearen Eguna da Estatu Batuetan. Jatorriz Washingtonen omenezkoa, gaur egun presidente guztiena. Ez dago horko inauterien arrastorik hemen; mozorroak Halloween egunean eta Gabon Zahar gauean janzten dira. Ez dago, beraz, garizuma aurreko ospakizunik. Soilik, hori, presidentearen eguna.
1968az geroztik, jai federal gehienak astelehenez dira Estatu Batuetan. Horrela ekidin nahi dira zubiak; langileek, asko jota, hiru eguneko atsedenaldia izan dezaten. Ekonomia da lege hemen. Mundu guztia lanera.
Baina jai guztiak astelehenez jarrita arazo bat sortu da. Astelehena da egun indartsuena lanean; hor zehazten da aste osoan egin beharrekoa, Wall Streeten adibidez. Horregatik bada esamolde bat New Yorken: “Tuesday works as Monday”, edo “Astearteak astelehen legez funtzionatzen du”. Unibertsitateetan eta lantokietan asteleheneko agenda asteartera pasatzen da, eta asteartekoa desagertu egiten da.
Biharkoa, beraz, asteartea izan arren, astelehena izango da. Eta etzi asteazkena. Martitzena, planeta gorriaren eguna, eklipse batek jan izan balu bezala.
Pentsatzen jarrita, nik nahiago egutegiak presidentea irentsi izan balu.




