Gazako triskantza dela eta protestak gero eta handiagoak dira Estatu Batuetako unibertsitateetan. Columbian kanpaldiak jarraitzen du, nahiz eta pasa den astean polizia oldartu zitzaien eta hura desegin, ikasleek berriz jarri dituzte dendak. Gazako egoera hobetu arte ez omen dira joango, eta Columbiak sionistekin dituen loturak eten arte.
Iragan astean, baita ere, New Yorkeko Unibertsitatean poliziak manifestaldi bati gogor ekin eta atxilotuak izan ziren ehundik gora ikasle eta irakasle.
Tentsioa handia da komunitate unibertsitarioan. Unibertsitateetako agintariek deitu zuen bi kasuetan polizia. Presio handia sentitzen dute, izan ere, dirua ematen duten emaile horiek esan diete ez dutela diru gehiago jasoko protestak eteten ez badira. Eta unibertsitateek diru-iturri nagusietako bat dira emaileak. Emaileen ustez antisemitismoa zabaltzen dute protesta-egileek.
Bestalde, gauza jakina da iritzi askatasuna sakratua dela mundu akademikoaren arima, eta horren aldarria egiten dute irakasle eta estudianteek.
Poliziak atxilotua izatea ez da broma ikasle askoretzat. Afro-amerikarrak beldur izaten dira. Orobat, ez bazara Estatu Batuetako hiritarra kanporatua izateko arriskua duzu. Eta behin kanporatuta, Estatu Batuetara itzultzea ez da erraza. Akabo zure ikasketak.
Kanpaldian edo manifestaldietan dabiltzan gazte hauetako batzuk 60.000 dolarreko matrikula ordaintzen dute. Familiak urte askotan egoten dira aurrezten seme-alabak munduko unibertsitateen zerrendan punta puntan dauden zentroetara bidaltzeko.
Ez, protesta egitea ez da bromakoa. Asko jartzen dute arriskuan ikasle hauek. Beren bizitzako ametsa, ala mundu hobe bat.
Horra hautua.