Egok tronpeta jotzen du Grand Centraleko metro geltokian. Astearte goizetan eta ostegun arratsaldetan hantxe egoten da, faltarik gabe. Jendeak dirua uzten dio, egun txarretan berrogeita hamar dolar, onenetan bostehun.
Etxerako ostera
Aurreko astea eroa izan da. Hegaldia hartu eta Euskal Herriratu naiz. Siri Hustvedtekin elkarrizketa Bilboko Euskaldunan, Xabier Leteren ingelesezko itzulpenaren aurkezpena Donostian, Bitartean heldu eskutik poema-liburuaren 25. urteurreneko emanaldiaren iragarpena Arriagan eta, bukatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoaren inaugurazioa atzo.
Fosterren txapelak museoa bildu egin du. Dena da eskuragarriago, eta berez ona zen bildumari ikusgarritasun handiagoa eman dio. Mende askotako artea biltzen duen museoa da, egile klasiko handiekin eta, berezi egiten duten, euskal artistekin. Azpimarratzekoa da emakume artisten presentzia handitzeko egin den ahalegina.
Museoa beti izan da inspirazio-iturri niretzat. Bilbao-New York-Bilbao-n Artetaren Erromerian lana da eleberriko ildoetako bat. Elkarrekin esnatzeko ordua-n, berriz, Gezala da protagonista. Gezalak gela propioa du orain museoan, Sonia eta Robert Delaunayrekin elkarrizketan.
Erromerian gordeta egongo zela uste nuen, baina ezustean aurkitu nuen eraikin berrian, diseinuari eskainitako gelan.
Segituan joan nintzen amonaren bila.
Nobelan asmatu egin nuen Artetak nire amona margotu zuela. Hantxe zegoen ustezko amama, inoiz baino irribarretsuago, ni ikusteaz poztuko balitz bezala.
Gaur New Yorkera itzuliko naiz. Sei orduko aldea dagoenez eta egunaren alde egingo dudanez hegan, 30 orduko eguna izango da gaurkoa.
Nire urtebetetzea, hain zuzen.
Argi hura
Ostiral arratsaldea argi berezi batek hartu zuen New Yorken. Ametsetakoa zirudien. Urrezkoa, laranja, gorria. Aurreko egunetako ilunabarrak ere ikusgarriak izan ziren, baina hark bazuen beste zerbait. Ez zuen lasaitasuna transmititzen, ezinegona baizik. Hain zen ederra, ezen zerbait txarra ekarriko zuela baitzirudien.
—Munduaren akabera datorrela ematen du —esan zidan espaloian zeruari argazkia ateratzeko geratu zen emakume batek.
Ez zen bakarra. Hiriaren abiadura geldiarazi zuen argi hark.
Asteburuan The New York Times-en David Wallace-Wellsi irakurritako artikulu batekin gogoratu nintzen. Ez ote garen apokalipsian gehiegi pentsatzen ari zioen: klima aldaketa, COVIDa, hirugarren mundu gerra, eta orain adimen artifizialaren mehatxua.
Ez zien mehatxu horiei garrantzirik kentzen. Galdera beste bat zen: zer gertatzen zaigu etorkizuna irudikatzen dugunean hondamendia besterik ikusten ez badugu?
Zer ari gara gazteei transmititzen? Mundua amaitzear dagoela, ez dagoela etorkizunik; eta, gainera, ez dakitela ez irakurtzen ez idazten.
Esan genezake, ordea, gauzak aldatzeko aukerak badaudela. Garaipen zibil eta sozialei esker mundua gauza askotan hobetu dela. Eta, bai, badagoela oraindik hobeto egiteko aukera.
Apokalipsiak beldurra sortzen du, eta beldurrak geldiarazi egiten zaitu.
Gauza horiek buruan nituela, fantasiazko argi hura urtu egin zen eta gauak hartu zuen hiria.
Eta biharamuna ere iritsi zen, ezustean bezala.
Erantzuna
Arrebak deitu dit. Auto berria erostera joan dela kontatu dit.
Euskalgintzan egin du lan bizitza osoan, erretiroa hartu duen arte. Autoa zahar geratu zaiola eta, berria erostea erabaki du. Anaiak lagundu dio. Kamioizalea izanik, badaki zerbait motor kontuez.
Joan dira biak auto saltoki batera. Badute modelo bat gogoan, baina onena saltzaileari galdetzea otu zaie: zer dagoen berri, zero kilometroko autorik badagoen eta horrelakoak.
Gizon bat atera zaie. Gaztelaniaz agurtu ditu. Arrebak, edukazio handiz, galdetu dio ea euskaraz badakien. Ezetz. Ados. Orduan, ea saltzaile euskaldunik badagoen galdetu dio. Gizonak baietz, gaztetxo bat badagoela, baina une hartan kanpotik dabilela. Gainera, berak askoz gehiago dakiela autoei buruz.
—Nik ez dut sekula arazorik izan autoak saltzeko euskaraz jakin gabe —esan die harroxko.
—Bada, nik uste gaur izango duzula lehena —bota dio anaiak.
Eta biak atera dira dendatik.
Eleanor
Parketik paseatzen gabiltzala, Eleanor Roosevelten irudiaren aurrean geratu gara. Elizako santuei eskatzen zaien legez, Nereari otu zaio Eleanorri zorte ona eskatzea.
—Egia esan, –esan dit– Eleanorri sekula ez diogu ezer eskatu. Migrariei laguntzeko seguru egokiagoa dela.
Irudia lorategi txiki batean dago, eta lurrean haren hitz batzuk irakur daitezke. Giza eskubideak etxetik gertu hasten direla dio, leku txikietan; han bilatzen dituela gizon, emakume eta haur bakoitzak justizia, aukera eta duintasun bera.
Roosevelt anderea ahaztuta geneukan etxeko atea jo dutenean. Ate aurrean Whole Foodseko zortzi poltsa zeuden.
—Noiz egin duzu erosketa? —galdetu dit Nereak.
Ezetz esan diot, nik ez dudala ezer eskatu. Okerreko etxera ekarri dituzte itxuran. Poltsetan begiratu eta ez zen izenik ageri. Auzokoei galdetu diegu, baina inork ez zekien ezer. Dendara deitu dugu azkenik. Esan digute okertu egin direla. Janaria nora eraman galdetu diegu. Ezetz, jatekoa galdu egingo dela eta guretzat geratzeko; beraiek arduratuko direla benetako erosleari poltsak berriro eramateaz.
—Ikusi duzu? Eleanorrek kasu egin digu —esan dit barrez Nereak.
Astebeteko jana, debalde. Egia esan, eskertzen da hain garestia den hiri batean. Poltsak zabaldu ditugu: arraina, arrautzak, arroza, fruta eta barazkiak. Benetako altxorra.
Tira, kakahuete-gurina ere bazetorren. Horrekin ez du asmatu Eleanorrek.
Sator hizkuntza
Sator bat dago amaren baratzean. Lurra irauli eta ateratzen da inor zelatan ez duenean. Hori esan dit amak. Amaren sator hori izan dut gogoan uda partean. Konturatu bainaiz euskara sator baten modukoa dela.
Etxeko bandan
New York pozik ibili da egunotan. Knicks taldeak NBAko txapelketa irabazi du 53 urte geroago, eta halako poz eta batasun sentsazioa sortu da hirian.
Azken aurreko partidan ehuneko 99,6ko aukerak zituzten galtzeko. Bada, gainerako ehuneko 0,4 horri eutsi zioten, eta irabazi. Sinisteko beti dagoela aterabideren bat, beti aukera bat.
Picasso edo Duchamp
Arte adituak ez dira ados jartzen zein izan zen arte garaikidearen historian garrantzitsuagoa: Pablo Picasso ala Marcel Duchamp.
Picassoren koadro bat ikusita segituan dakigu norena den. Gernika edo Avignongo andereñoak hor daude. Duchamp, berriz, ez da hain erraza. Batzuetan ez zuen margotu ere egiten.
Zortea
Nahiz eta New York Knicksen finalek arreta eta emozio handiagoa piztu, hasi da nabaritzen mundiala New Yorken: iragarkiak, trenak margotuta, eta sarrerak.
Estreinako partidan Brasil eta Maroko ikusteko 1.700 dolar da merkeena. Eta finala 8.000. Presidenteak berak, ezohiko zentzu komunaren atake batean, esan du berak ez lukeela hainbeste diru ordainduko.
Fred
Alokairu-eraikin batean bizi gara. Ehun urte baino gehiago ditu. 1914an eraiki zuten. Maiatzero berritzen dira alokairuak eta, ondorioz, bizilagunak ere bai.
Guk zortzi urte daramatzagu eraikinean. Europarrak izaki, ez gara erraz etxez aldatzekoak. Behin gustuko etxea aurkituta, eta auzora eginez gero, bada zertarako aldatu?
Eraikineko alokairua arautua da. Udalaren legeen ondorioz, bi urterako kontratuetan ezin dute ehuneko 4 baino gehiago igo. Horregatik bada jendea luzaroan bizi dena hemen.
Seigarrenean gizon bat bizi da. Atsegina, betaurrekoduna, liburuak aldean eramaten dituena. Igogailuan aurkituz gero, beti agurtzen du edukazioz.
Eguraldi ona datorrenean, esaten du:
—Time for outdoor reading.
Banku batean eseri eta irakurtzeko sasoia iritsi dela.
Geure buruari galdetu diogu askotan zer egingo ote zuen erretiratu aurretik. Idazlea izango zen? Itxura badauka. Edo antzerkigilea. Edo musika kritikaria. Batek daki. Inoiz ez diogu galdetu.
The New Yorker buzoira iristen denean, esan izan digu berak ere hartzen duela. Keinu txiki batzuk.
Baina aurrekoan zerbait bitxia gertatu zitzaidan berarekin igogailuan.
Izena galdetu zidan.
—Kirmen —esan nion.
—Bada ni Fred naiz —esan zidan.
Eta liburu eta aldizkari artetik eskua luzatu zidan.
—Urte askotarako.
Zortzi urte eta gero jakin dugu seigarreneko gizon irakurlea Fred deitzen dela.
Kirmen Jose
Kafea eskatzera joaten naizen bakoitzean izena galdetzen didate kutxan. Errotulagailuarekin idazten dute kartoizko kikaran eta kafea prestatzen duenari pasatzen diote. Prest duenean, izenarekin deitzen du. Jose.
Zeure buruari galdetuko diozu zergatik ez dudan Kirmen esaten, Jose baizik. Bada, Kirmen oso zaila egiten zaielako hemen. Letraz letra esan behar dut, akatsik egin ez dezaten.




