New Yorkeko alkatetzarako bozak irabazi ditu Zohran Mamdani gazteak. Egozten diote eskumakoek sozialista eta musulmana dela. Musulmanarena harrigarri egiten da, New Yorketik kanpoko aurrerazaleen artean ere.
Ideia progresista lotua egon da jainkorik gabeko gizarte bati, Marxek “erlijioa herriaren opioa da” esan zuenetik. Berdintasunaren alde egiteko soberan omen zeuden erlijioak — eta horien artean, mahomatarra.
Baina Mamdaniren ideiak eta belaunaldia bestelakoak dira. Musulmana dela argi eta garbi agerrarazi zuen hauteskunde egun bezperan. Ez zuen ezer ezkutatu nahi.
Hori berez bada politikaren ikuspegi berri bat duen pertsona baten hautua. Eta musulmana zela esatearekin beste mezu bat eman nahi zuen: denok garela newyorktarrak, denok ditugula eskubide berak, gatozen tokitik gatozela.
Musulmana zela esanda ez zuen inor kanpoan utzi nahi, guztiz kontrakoa: dibertsitatea aldarrikatzen ari zen. Denok dugula eskubidea parte izateko, eta horrela, inoiz bozkatu ez duen jendea demokrazian sinestera animatu zuen.
Frantziako iraultzaileen ideia zen denok berdin izateko bera izan behar genuela kultura, hizkuntza, sinesmena eta abar. Baina XXI. mendean bestela ikusten dira gauzak: desberdintasuna ez da txarra, desberdina izatea positiboa da.
Denok izango gara berdinak desberdinak garelako.
Horixe da Mamdaniren aldarria, hori bere benetako fedea: izan zu zeu, eta horrela izango dugu etorkizun komuna. Bestela ezin da.




