Berbek jira eta hara non gordetzen zen poza, Baionako Biltxoko elkarteko ostatuan. Bertan agertu ziren publiko aitzinera, atzo, Onintza Enbeita eta Oihana Arana, zenbait bertso kantatzera, BERRIA egunkariko orrialdeetan egunero idazten dituzten Berben poza eta Jira zutabeetan oinarriturik. Xalbat Alzugarai lankideak eman zizkien gaiak, publikoa abertituz, kasik hasieratik, hura ere «franko mintzatuko» zela saio denboran, beharko baitzituen delako zutabeetako zenbait pasarte entzuleen belarrietara ekarri.
Lehen agurrak kantatu zituzten bertsolariek, eta, Alzugaraik lehen gaia eman zien, Aranak idatzitako Paseotik bueltan zutabeaz inspiraturik: «Bi señora edo madame zarete Onintza eta Oihana. Erretretan zarete, deus ez egiten eta biziki zurrumurruzaleak zarete, paseo edo promenada denboran azkar mintzatzen direnak...». Laster abiatu zen bien arteko trukea, paseo hartan gurutzatu omen zituztenei kritikan; eta, oharkabean iritsi ziren batak besteari egindakoak ere. «Baina golkora begiratzeko/ beti izan zara itsu/ zazpi nobia izan dituzu/ ta denak joan zaizkizu», bota zion Enbeitak Aranari, bertsoaldiko bere azken oinetan. Besteak umorez erantzun, eta borobildu zuen zurrumurruen eta kritiken saioa, ileismoa eginez: «Beste kontu bat iruditu zait/ goizean oso grabea/ pixkat flojoa gaur BERRIAko/ Oihanaren zutabea».
Karrikako berriketak alde batera utzirik, Enbeitaren Sold Out zutabearen parte bat irakurri zuen mikrofonoan Alzugaraik. «Bizi baldintzak hobetzeko instituzioei estatus berezi eta segurua» galdegiten dabiltzan bi musikariren paperean sartu ziren bertsolariak, Bizkaiko Foru Aldundiak milioi bat euro eman berritan Zetak taldeari Mitoaroa III egiteko. Aranak gaia baliatu zuen makro-kontzertuen kritikatik beste makro fenomeno baten kritika egiteko: «Sarrerak saltzen dituzten denak/ ez ote dira gizonak?», galdetu zuen. «Denek gizonek egiten dute/ igual hori da problema», iritzi zion Enbeitak, eta, urrunago joan ere, Zetak taldeak Bilbon egitekoa duen kontzertuaren funtsari kritika gogorra eginez: «Athletic zuri eta gorria/ baina zer da gu garena/ hau izango da San Mameseko/ gauzarik euskaldunena».
Enbeitak nazioarteko egunei dien atxikimendua azpimarratu nahi izan zuen gero Alzugaraik: kroketen eta muxuen nazioarteko egunez idatzitako zutabeetatik kantarazi zituen bi bertsolariak. Aranari egokitu zitzaion muxuen gaia, bakarkakoan, galdera formatuan: «Erranen zeniguke noiz dituzun gustuko muxuak?». Tarte bat hartu pentsatzeko, eta bota zituen hiru bertsoak segidan. «Muxu bat zer da ez bada/ bi bihotzen kolapsoa», interpretatu zuen. Ñabardura gehitu zion, halere, muxuei dien zaletasunari: «Nahiz eta muxuzalea/ naizen ni Onintza, legez/ ez banauzu ezagutzen/ luzatu eskua mesedez».
Enbeitaren bakarkakorako, Aranaren Etxekoandreak zutabean oinarritu zen Alzugarai, eta horrela bukatu zen bertsoaldia: «Dena dago ordenean/ ta dena dago txukuna/ nik ere galdera bat dut/ ba al duzu erantzuna?/ Zein da afaria egin/ zenuen azken eguna?».
Saioa bukatu zen azkenean, irri eta txalo artean, berez Enbeitaren eta Aranaren irakurleak direnak entzule ere bilakaturik. Enbeitak agurtu zituen lehenik: «Mila esker guztioi/ ta zuetako bakoitzari,/ zentzua ematearren/ gure orri zuriari». Eta Aranak ondotik: «Deskantsatu zazue,/ bihar arte denoi».