EH Bilduren Bilboko Mahai Politikoak Maria Del Rio Pereda proposatu du Bizkaiko hiriburuko alkategai izateko, eta, hala, «hirian EH Bildu gobernu alternatiba gisa» sendotzeko. Erabaki horren bidez, eta 2023ko hauteskundeetan lortutako «emaitza historikoen» ondoren, koalizio subiranistak Del Rioren aldeko apustua berretsi du, «hirian eraldaketa ziklo bat gidatu dezan, bilbotarrak erdigunean jarriko dituena eta guztiei bizi proiektu duinak garatzea bermatuko diena».
EH Bilduk «proiektu ezkertiar eta subiranista bat» defendatzen du Bilborako, «anbiziozkoa», helburutzat edukiko duena «hirian bizi eta lan egiten duten guztien beharrei erantzungo dien hiri eredu bat lortzea», esplikatu dutenez. Gehitu dute Del Riok proiektu horren alde lan egin duela lau urteotan, eta egitasmo horrek «gehiengo sozial geroz eta zabalago baten babesa» duela. 2023ko udal hauteskundeetan ere Del Rio izan zen EH Bilduren Bilboko alkategaia.
Urte politikoa hasia den honetan, koalizio subiranista maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako zerrendaburuak zehazten ari da azken egunotan. Iragarria du jada nortzuk proposatuko dituen Nafarroako lehendakaritzarako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioetarako: Laura Aznal Nafarroarako, Eva Lopez de Arroiabe Arabarako, Iker Casanova Bizkairako eta Maddalen Iriarte Gipuzkoarako. Lau herrialdeetako hiriburu ia guztietako zerrendaburu izateko proposamenak ere zabaldu ditu: Joseba Asiron saiatuko da Iruñeko alkatetzari eusten, Del Rio berriro izango da hautagai Bilbon, eta, Donostian, Nerea Kortajarena ahaleginduko da EH Bilduk 2015ean galdu zuen aginte makila berreskuratzen. Koalizioak oraindik jakinarazteko dauka Gasteizko alkategaia nor izango den.