Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du beste 11 lagun ikertzen ari direla uztailaren 20an Azpeitian (Gipuzkoa) izandako liskarren harira martxan dituen eginbideen barruan. Denera 21 dira, eta horiei gehitu behar zaie atxilotu zuten 16 urteko adingabea. Ertzaintzak desordena publikoak eta autoritatearen kontrako atentatua egin izana egozten die, eta ez du baztertzen jende gehiago atxilotzea edo ikertzea.
Horren harira, Azpeitiko Gaztetxeak adierazi du, Ertzaintzak dioenaren kontra, «ikertuak eta jazarriak izaten ari direnen artean emakumezkoak ere» badaudela. Horrez gain, gaitzetsi egin dute «Ertzaintzak sortutako azpijoko poliziala justifikatu nahian aurrera eramaten ari diren prozesu judiziala», eta eskatu dute ikerketa eteteko eta gazte guztiak aske uzteko. Halaber, babesa adierazi diete ikertuei eta deklaratzera joan behar direnei, eta gogoratu asteartean Donostiako epaitegira joateko deia egin diotela gazteetako bati.
Goizaldean gertatu ziren istiluak Ertzaintzaren eta herriko zenbait gazteren artean, 04:00 aldera. Ertzaintzako agenteek isuna jarri zioten pintaketa bat egiten ari zen gazte bati; zehazki, Azpeitiko Gaztetxearen arabera, pilen edukiontzi batean ACAB idazteagatik —All Cops Are Bastards ingelesez, polizia guztiak sasikumeak dira euskaraz—. Orduan, gaztetxearen oharraren arabera, zenbait lagun «desadostasuna adieraztera» joan ziren agenteengana. Poliziak, berriz, patruila gehiago bidali zituen eremu hartara, eta Urola kalea itxi zuen —han dago gaztetxea—.
Ikusi gehiago
Handik Udaltzaingoaren egoitzara joan ziren zenbait gazte, desadostasuna adierazteko. Orduan, udalaren arabera, ikusita jendea elkartzen ari zela egoitzaren kanpoko aldean, udaltzainek Ertzaintzari deitu zioten. Han gertatutakoaren inguruan, baina, bi bertsio daude. Ertzaintzak adierazi zuen gazteak indarrez sartu zirela komisariara, baina gaztetxeko kideek ukatu egin zuten hori. Kontrara, salatu zuten poliziak gazteen kontra oldartu zirela, eta gazte bat atzeman eta identifikatu zutela. Hain zuzen, hura aske utzi zutenean amaitu ziren liskarrak.
Segurtasun Sailak adierazi zuen liskar horietan bi agente zauritu zituztela. Gaztetxeko kideek, berriz, salatu zuten Poliziak zenbait gazte zauritu eta identifikatu zituela.
Eztabaida
Auziak alderdi eta erakunde politikoen arteko eztabaida eragin zuen. Azpeitiko Udalak babesa adierazi zien Udaltzaingoaren egoitzan zeuden agenteei, baina Nagore Alkorta alkateak (EH Bildu) gehitu zuen Ertzaintzaren jarduna «neurriz kanpokoa» izan zela.
Kontrara, Eusko Jaurlaritzak eta hura osatzen duten alderdiek Ertzaintzaren lana defendatu zuten. Imanol Pradales lehendakariak «babes osoa» agertu zien agenteei, «epelkeriarik gabe». Beste ordezkari batzuek, berriz, txartzat jo zuten EH Bilduk emandako erantzuna. Esaterako, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak koalizioari leporatu zion «halako gertakari larriei garrantzia kendu» nahi izatea.
Egun gutxiren buruan, Ertzaintzaren beste oldarraldi bat salatu zuten, GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Gasteizen antolatutako mobilizazio baten harira gertatutakoa.