Polizia ereduari buruzko eztabaida eztabaidagai

Polizia ereduaren inguruko eztabaidak bere lekua egin du agenda politikoan, Azpeitiko eta Gasteizko liskarren ostean. Eusko Jaurlaritzak segurtasunaren inguruko foro bat du martxan, eta jorratu beharreko gaietako bat izango da.

Ertzaintza, Gasteizko kanpaldian zeudenen kontra oldartzen, uztailean. L. RICO / EFE
Ertzaintza, Gasteizko kanpaldian zeudenen kontra oldartzen, uztailean. L. RICO / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko abuztuaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Imanol Pradalesen Eusko Jaurlaritzaren bigarren urteko helburuetako bat izango da 2026tik 2030erako segurtasun planari bide ematea. Iaz, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak adierazi zuen legealdiko lehentasunetako bat zela, eta Basque Segurtasun Foroa aurkeztu zuten ekainean, plana osatzeko «hausnarketa estrategikoa» egiteko. «Segurtasun integrala» lortzea da xedea, Jaurlaritzaren arabera, eta ikusteko dago zenbateko tokia izango duen horren barruan polizia ereduaren inguruko eztabaidak. Urte hasieran, Zupiriak esan zuen prest zegoela gaiaz hitz egiteko, baina udako jai giroan izandako zenbait liskarrek eta horiek eragindako erreakzioek agerian utzi dute gogotik lan egin beharko dela akordio bat lortu eta akordioak auzi hori barne hartzeko.

Polizia ereduaren inguruko eztabaida ez da berria euskal politikagintzan, baina, urte hasieran, hizpide bihurtu zen berriz ere, Azpeitiko, Getariako eta Zumaiako udalek (Gipuzkoa) lan eskaintza publiko propio bat aurkeztu baitzuten udaltzaingoko lanpostuak betetzeko. EH Bilduk kudeatzen dituen hiru udal horiek helburu jakin bat nabarmendu zuten: «Herritarren beharretara egokitutako udaltzaingo eredu hurbila eta komunitarioa indartzea».

Urte politikoaren hasieran, Zupiriak ere egin zion erreferentzia «hurbiltasuna» polizia ereduaren oinarrian ezartzeari, eta, EH Bilduren proposamenari erantzunez, prest azaldu zen eztabaida horri heltzeko, baina lan eskaintzen afera eta ereduaren gaineko hausnarketa bereizita.

Hain zuzen, Jaurlaritzak ekainaren bukaeran aurkeztu zuen hausnarketarako esparrua: Basque Segurtasun Foroa. Orduan ekin zion bere bideari, eta gobernuaren asmoa da prozesua datorren urteko uztailean amaitzea. Jaurlaritzaren esanetan, aldundiek, alkateek, udaltzainek, suhiltzaileek, enpresa eta azpiegitura nagusiek eta «eskualde bakoitzean garrantzi berezia duten ordezkariek» ere parte hartuko dute foro horretan. Hau da, osasun ituna osatzeko mahaian erabilitako formularen egokitzapen bat da.

Ikusteko dago, ordea, polizia ereduaren inguruko eztabaidak zenbateko lekua izango duen hartan eta nola helduko zaion gaiari. Izan ere, uztailaren amaieran Azpeitian (Gipuzkoa) eta Gasteizen izandako liskarren ostean, agerian geratu da iritzi kontrajarriak daudela tartean.

Azpeitiko gertaerei dagokienez, pintaketa bat egin zuen gazte bati isuna jarri zion Poliziak, eta, horren ondorioz, istiluak izan ziren. Gaztetxeak «Ertzaintzaren gehiegikeria» salatu zuen, eta Nagore Alkorta alkateak (EH Bildu) ere «neurriz kanpokotzat» jo zuen polizien jarduna. Gasteizen, berriz, GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatutako kanpaldiaren kontra oldartu zen Ertzaintza. Kasu hartan, EH Bilduk zuzenean erreparatu zion polizia ereduari: ohar batean, azaldu zuen egungo eredua «berrikusi» eta «sakon erreformatu» beharra zegoela, ez duelakoan bat egiten «proportzionaltasun eta neurritasun printzipioekin» eta «kalte handiagoak prebenitzearekin». Liskar horiek ez ezik, Ertzaintzak Realaren eta PSGren arteko partidaren egunean eta Tolosako (Gipuzkoa) inauterietan egindakoak ere salatu zituen EH Bilduk ohar hartan, besteak beste.

Errespetua

Eusko Jaurlaritzako eta EAJko ordezkariek, baina, txartzat jo dute koalizio subiranistaren jarrera. «[EH Bilduren] Ohar horretan auzitan jartzen da Ertzaintzaren izaera demokratikoa. Ez da onargarria», erantzun zuen Zupiriak Euskadi Irratian, eta gehitu zuen liskar horien oinarrian ez zegoela polizia eredua: «Uste dut ez dela zuzena errespeturik ez dagoen tokian polizia ereduaren auzia ateratzea». Antzera mintzatu ziren Pradales eta Eneko Goia Donostiako alkatea ere, besteak beste. Azken horrek ukatu egin zuen liskarrak «poliziaren gehiegizko presentziaren» eta haren jardunaren ondorio izatea, eta ezker abertzaleari leporatu dio Ertzaintzaren kontrako diskurtsoa elikatu izana.

Gaia eztabaidagai izango da legealdiaren bigarren urtean. Ez da, baina, Segurtasun Sailak aurrez aurre izango duen erronka bakarra. Besteak beste, espero da urte politikoaren hasierarako zehaztea nor izango den Arkautiko akademiako zuzendaria aurrerantzean, Miren Dobaranek dimisioa eman ostean; eta iragarri dute ezohiko lan eskaintza publiko bat egingo dutela, hautagaien %90ek ez baitzuten azkena gainditu. Oztopo bat Zupiriak jarritako helburua betetzeko: 2030erako Ertzaintzak 8.000 agente izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.