Donostiako Udalak ahal bezain pronto hustu eta eraitsi nahi ditu Herrera auzoko Zardoya Otisen eremuko pabiloiak, eta Jon Insausti alkateak iragarri du «bizikidetza eta segurtasun arazoa konpontzeko pausoak» bizkortuko dituela: «Zalantzarik gabe, arazo bat dugu Zardoyan, eta ez du balio beste alde batera begiratzeak». Atzo goizaldean sute bat piztu zen eremu horretan, lau pertsona zauritu ziren —ospitaleratu egin behar izan zuten bat— eta bi atxilotu zituzten, sutea nahita piztea egotzita.
Horren ostean egin du agerraldia alkateak; esan du Zardoya Otiseko pabiloien egoerak ezin duela gehiago iraun, eta lantalde bat osatu duela «premiazko jarduerak koordinatzeko». Alkatearen arabera, ehun lagun baino gehiago ari dira «pabiloiak okupatzen» —berrehun inguru direla esan izan dute gizarte eragileek—, eta eremuaren jabeak urtarriletik du eraikinak eraisteko baimena, baina ezin izan die lanei ekin barruan jendea bizi delako.
«Argi hitz egin nahi dut. Delitugileak eta berrerorleak daude, eta, beraz, Poliziaren eta epaileen lana funtsezkoa da»
JON INSAUSTI Donostiako alkatea
Orain, Insaustik pabiloiak husteko baimena eskatu die epaitegiei, baina aitortu du ez dakiela hori noiz helduko den. Martutene auzoko agustindarren eraikin zaharraren kasuan urtebetera iritsi zen, baina alkateak espero du oraingoan 2027ko urtarrilera arte itxaron behar ez izatea. Hustu bezain pronto eraitsi nahi dituzte pabiloiak: «Udalak baliabide guztiak jarriko ditu eraikinak berehala husteko, baina justiziak eman behar du agindua».
Oraingoz, ingurua garbitzeko lanak bizkortzeko agindu du —datorren astean egingo dituzte, astelehenean hasita—, eta «bertan bizi diren okupentzako» zaborrontziak jartzea aztertzen ari direla kontatu, eraikina hustu artean erabil ditzaten. «Bitartean, inguruaren segurtasuna indartuko dugu, baliabide gehiagorekin», gehitu du. Jolastokieta ingurua «berroneratzeko» plan bat ontzen ere ari da udala.
Delitugileak
Zardoya Otisen bizi direnen profilak ezagutzeko ahalegina egin dutela azaldu du Insaustik: «Argi hitz egin nahi dut. Delitugileak eta berrerorleak daude, eta, beraz, Poliziaren eta epaileen lana funtsezkoa da». Dena den, esan du «gizarteratzeko eta lanean hasteko ibilbide bat egin nahi dutenek» horretarako aukera izango dutela, eta, beraz, Zardoya Otis «humanismoaren eta exijentziaren adibide bat» izango dela.
Alkateak gogorarazi du otsailean «harrera eta gizarteratze zentro» bilakatu zutela La Sirena aterpetxea, baina aitortu du baliabide mugatuak dituztela eta «tentsionatuta» daudela. Orduan esan zuenez, ez zuen nahi epaile baten kaleratze agindua Zardoya Otiserako konponbidea izaterik, baina gehitu zuen hala izan behar bazuen hala izango zela. Hori da azkenean hautatu duen bidea.
Insaustik martxan jarri duen lantaldea udaleko politikariek eta teknikariek osatuko dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere batzea nahi du, «beharrezkoa delako eremu horretan ikuspuntu desberdinetatik esku hartzea, ikuspegi orokorra izatea eta hartzen diren erabakietan koordinazioa mantentzea». Bera izango da taldearen burua: «Bertako bizilagunek behin eta berriz eskatu didatelako, egunerokoan bizi dudan errealitate bat delako eta bertatik bertara ezagutzen dudalako».
Bostehun lagun kalean
Itxura guztien arabera, Jolastokietako pabiloiak izango dira Donostian hustutako eraikinen zerrendara gehituko diren hurrengoak. Azken urteetan, non bizi ez zuten dozenaka migratzailek Martutene auzoko agustindarren eraikin zaharrean hartu izan dute babes, baina joan den abenduaren 4an eraikina hustu zuen Ertzaintzak. Horietako batzuei La Sirenan aterpe hartzeko aukera eman zieten, baina beste asko nora joan ez zekitela gelditu ziren. Halaber, urtarril amaieran Zardoya Otis eremuko 4. pabiloia hustu zuten, eta bertan bizi ziren 31 lagunak etxegabetu. Haietatik zazpi hartu zituzten La Sirenan.
Hori aski ez, eta, azken hilabeteetan, kalean lo egiten zuten hiru pertsona hil dira Donostian, azkena otsailean, Altzan. Donostiako Hiritarron Harrera Sarearen arabera, hirian bostehun pertsonak baino gehiagok egiten dute lo kalean; udalak, berriz, urte osorako 234 leku ditu kalean bizi direnentzako aterpeetan, ehun gehiago neguan.