Erresilientzia lantzeko 11 urte

Juan Mari Aburtok 2015ean hartu zuen Bilboko alkatetza, eta datorren urtean lagako du. Tartean, hainbat gertaerari aurre egin behar izan dio: COVID-19ak bete-betean harrapatu zuen, eta etxebizitzaren afera gaiztotu egin da azken urteetan, besteak beste.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea udal osaketako azken ekitaldian, 2023ko ekainaren 17an, aginte makila eskuetan duela. MIGUEL TOÑA / EFE
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea udal osaketako azken ekitaldian, 2023ko ekainaren 17an, aginte makila eskuetan duela. MIGUEL TOÑA / EFE
amaia igartua aristondo
2026ko irailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren maiatzaren 23ko bozen ostean, Juan Mari Aburtok Bilboko alkate izateari utziko dio. Eta ez bere borondatez. Izan ere, EAJk beste alkategai bat aukeratu du 2027ko udal hauteskundeetarako: Mikel Hidalgo. Horrenbestez, Aburtok hamabi urteko ibilbidea eginda lagako du agintea: 2015eko, 2019ko eta 2023ko hauteskundeetan gailendu zen, zehazki, eta PSE-EErekin osatu du udal gobernua aldi horietan guztietan.

Hamarkada pasatxo horretan, hiria nabarmen aldatu da, eta izan dira ezustekoak ere: COVID-19aren pandemia, kasurako. Eta, hain justu, adibide horrek helduleku gisa balio dezake Aburtoren jarduna laburbiltzen hasteko, haren agintaldia bereziki ezaugarritu baitu ataka eta joera orokorrak kudeatzeko beharrak. «Azken urteetan ikasi dugu hiriek erresilienteagoak izan behar dutela, aurrea hartzeko ahalmen handiagoa izan behar dutela, eta erronka nagusiek muga administratiboak gainditzen dituztela», adierazi du Bilbao Metropoli 30 erakundeko presidente Tomas Olanok. «Gobernantzak eredu kolaboratiboagoetarantz eta malguagoetarantz jo du».

1

Hiri garapena

Bide orri batzuk oinordetzan hartu zituen Aburtok, dena den. Orain dela 30 urte baino gehiago, Bilbok eta haren metropoli eremuak eraldaketa prozesu bati ekin zioten, eta egitasmo hari jarraipena emateko baliatu dituzte azken hamar urteak, baita gizarte, ekonomia eta ingurumen erronketara egokitzeko ere, Olanoren arabera. Haren ustez, Aburtoren agintaldiaren ekarpen nagusia «epe luzeko ikuspegi bati eustea» izan da, esku hartze jakinak gorabehera.

Bilbok azken hamar bat urteetan hiri moduan izandako eboluzioak prozesuaren beraren «heldutasuna» ere erakusten du, Olanoren ustez. Izan ere, azpiegiturak eta proiektu urbanistiko handiak oraindik garrantzitsuak diren arren, jada ez daukate rol erabat zentrala, Bilbo metropolitanoaren biziberritzearen aurreneko urteetan bezala.

«Azken urteetan ikasi dugu hiriek erresilienteagoak izan behar dutela, aurrea hartzeko ahalmen handiagoa izan behar dutela, eta erronka nagusiek muga administratiboak gainditzen dituztela»

TOMAS OLANO Bilbao Metropoli 30 erakundeko presidentea

Eta gainera, toki faltak ere baldintzatu ditu garapenaren irizpideak, esplikatu duenez. Gero eta zoru gutxiago dagoenez eskuragarri, etorkizuneko hazkundea leku jakinetan zentralizatzen ari da —hala nola Abando, Elorrieta eta Zorrotza auzoetan—, eta, neurri batean, jada eraikia dagoen hiria berroneratzeko eta hobetzeko egin dituzte ahaleginak. «Zorrotzaurrekoaren moduko garapen estrategiko berriekin batera, gero eta garrantzi handiagoa hartu dute hiri birgaitzeak, esparru publikoaren kalitateak, auzoetan batera eta bestera iristeko aukerak hobetzeak igogailuen eta arrapala mekanikoen bidez, garraio jasangarriak, efizientzia energetikoak eta klima aldaketara egokitzeak».

Hala, Olanoren ustez, Aburtoren gobernua gai izan da «hiri berroneratzean eta bizi kalitatean hobetzen segitzeko, hiri zabal, berritzaile eta nazioarteko bat eraikitzeko anbizioari uko egin gabe». Eta, hain justu, Zorrotzaurre da etapa horretako egitasmorik adierazgarriena, haren hitzetan: askotariko erabilerak proposatzen dituen proiektu bat baita; izan ere, etxebizitzak altxatzeaz gain, unibertsitate eremu eta enpresa teknologikoen habia ere bilakatu nahi dute.

2

Etxebizitza

Beraz, bai: eraiki ere erruz eraiki da Aburtoren agintaldian. Zorrotzaurreko proiektua aspaldikoa da —Iñaki Azkunaren garaian diseinatu zuten, hain justu—, baina Aburtok eman dio hauspo erabakigarria. Eta haren abaroan ugaritu dira, orobat, etxe blokeak San Ignazio eta Elorrieta auzoetan, eta eraberritu da San Mames auzoaren zati bat: 2019ko azaroan inauguratu zuten geltoki intermodala, eta azken urteetan altxatu dituzte haren inguruko etxe dorre garaiak. Jardun horri erreparatuta, udala mezu argia helarazten ari da: etxeak behar dira.

Baina nork erosiko ditu etxe horiek? Bilbon, etxebizitza berriek 300.000 eurotik gora balio dute, bigarren eskukoak ez daude askoz merkeago, eta alokairua ere ez da konponbide oso bideragarria. AZET etxebizitza sindikatuaren arabera, azken hamar urteetan %60 igo dira alokairuak, eta bilbotarrek soldataren erdia baino gehiago baliatu behar dute jada etxebizitza ordaintzeko. Sindikatuaren arabera, arazoaren muina ez da etxebizitzak falta izatea, eta, eraikitzea «irtenbide magiko» gisa aurkezten duten arren, neurri horiek zera ari dira eragiten: «Promotoreen eta eraikuntza enpresen irabaziak bermatzea eta metaketa ziklo berriak sustatzea». Bilboko Udalak uztailean aurkeztu zuen txosten baten arabera, hirian 7.000 etxe huts daude gutxi gorabehera.

«Etxegabetzeak izan direnean, udalaren erantzuna ez da batere egokia izan: oro har, ez dago baliabide nahikorik, eta protokoloa erabat zaharkitua dago»

AZET BILBOKO ETXEBIZITZA SINDIKATUA

Bien bitartean, etxegabetzeak ere izan dira Aburtoren agintaldian: AZETeko kideen berbetan, duela hamar urte jada hasia zen fenomenoa, «hipoteken burbuilak eztanda egin zuela eta», baina, ordutik, etxegabetzeak ugaritu egin dira, eta kualitatiboki aldatu: gaur egun, alokairuan bizi diren horiek egozten dituzte gehienbat. «Arazoa areagotu den honetan, udalaren erantzuna ez da batere egokia izan: oro har, ez dago baliabide nahikorik, eta etxegabetzeei erantzuteko protokoloa erabat zaharkitua dago». Sindikatuaren arabera, halako kasuren bat izaten denean udalak ez du bizitoki alternatibarik ematen, eta baliabideak gero eta gaitzagoak dira eskuratzen, «etengabeko burokrazia, zerrenda beltzak eta sari-zigor protokoloak» direla eta.

3

Turismoa

Bat datoz AZET sindikatua eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa: hein handi batean, turismoa da etxebizitza garestitu izanaren erantzulea. 2015ean, Aburto alkatetzara heldu zen urtean hain justu, inoiz baino turista gehiago egon ziren hirian, eta, pandemiaren aldia kenduta, markak gainditu dira urtez urte: iaz, 1,3 milioi bisitari baino gehiago izan ziren, aurreko urtean baino %13,1 gehiago.

Lekua behar da jende hori guztia aterpetzeko: azken urteetan hotel mordo bat zabaldu dute hirian, gehiago egiten ari dira, eta joera bera dute etxebizitza turistikoek; AZETen datuen arabera, pisu turistikoak %35 ugaritu dira, eta egoerak Zazpikaleetan eragin du bereziki, non lau ohetik bat turistentzat den gaur egun —2.000 loleku inguru, guztira—. AZETen ustez, «lotura zuzena» dago pisu turistikoen ugaritzearen eta etxegabetzeen gorakadaren artean: «Adibidez, San Frantzisko auzoa da pisu turistiko berri gehien dituena, eta, era berean, han egiten dute etxegabetze gehien». Azkenaldian, udalak zenbait erabaki hartu ditu pisuon hedapena mugatzeko: iaz, kasurako, lizentzia berriak urtebetez eten zituen, eta HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorra moldatu, baldintzak zorrozteko. AZETentzat, ordea, «neurri erabat kosmetikoak dira: berandu datoz, eta eragin txikia izan dute», loleku turistiko berriak baino ez baitituzte jopuntuan, eta ez jada ezarrita daudenak.

«Segurtasuna bermatzeko, beharrezkoa da beste arlo askotan lan egitea: etxebizitza, gizarte ekintza, hezkuntza, lana, kultura... Eta horren emaitza moduan sortzen dira segurtasuna eta bizikidetza»

BILBOKO AUZO ELKARTEEN FEDERAZIOA

Bertoko auzotarrek ere igarri dituzte «turistifikazioaren» ondorioak, auzo elkarteen federazioak aletu duenez: free tour gisako bisita gidatu mordo bat izaten da kalean, frankiziak tokiko merkataritza ordezkatzen ari dira lokalen alokairua ere nabarmen igo delako, eta etxebizitzaren egoeraren kausaz auzotarrak alde egiten ari dira. Turismoak, orobat, lan harreman jakin batzuk ezarri ditu, federazioak ohartarazi duenez. «Gogoratu dezagun ostalaritzan eta merkataritzan daudela batez besteko soldatarik apalenak, eta sektore horietako baldintzak prekarioak direla».

4

Makroekitaldiak

Hortaz, udalak turismoari begirako hiri eredu bat sustatu du, eragileen arabera. Eta makroekitaldiak dira eredu horren zutabeetako bat: BBK Live jaialdia, MTV sariak, Europako errugbi txapelketako finalak, Frantziako Tourraren hasiera, emakumezkoen futboleko Txapeldunen Ligako finala eta gizonezkoen futboleko Munduko Kopako egoitzetako bat izateko asmoa, besteak beste. Bilbao Metropoli 30eko presidentearen arabera, jarduera horiek «tresna bat» dira, eta ez helburua: «lurraldea nazioartean proiektatzeko» balio dute, eta xede estrategikoak erdiesteko, hala nola «jarduera ekonomikoa sortzeko, talentua erakartzeko eta Bilboren tokia sendotzeko mundura zabalik dagoen hiri gisa».

Auzo elkarteen federazioak, aldiz, ikuspegi ezkorragoa dauka ekitaldi erraldoi horien inguruan. Izan ere, uste dute halako jarduerak antolatzen direnean zerbitzu publikoak interes pribatuen mesederako erabiltzen direla —garraio publikoa eta garbiketa zerbitzua, esate baterako—, eta bazter uzten dela hiritarrek atsedenerako eta esparru publikoa erabiltzeko duten eskubidea. Bien bitartean, auzotarrek eta gizarte eragileek gero eta oztopo gehiago dituzte ekintzak antolatzeko —«tramite burokratiko gero eta konplexuagoak, debeku gehiago...»—, eta diru gutxiago: udalak 95.000 euro ipintzen ditu auzoetako jai guztietarako, federazioak zehaztu duenez.

5

Segurtasuna

Aburto askotan mintzatu izan da segurtasunaz, eta sarritan nabarmendu du, gainera, hori dela bilbotarren kezka nagusietako bat. Segurtasunarekin lotutakoa izan da, halaber, Aburtok azkenaldian izandako buruhausterik entzutetsuenetako bat: Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko eta Donostiako udalen irizpidetik aldenduta, Bilboko Udalak erabaki du bertoko udaltzaingoak ez duela emango atxilotuen jatorriaren berri.

Manifestazioak espaloitik, trafikoa ez oztopatzeko

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ez da politikari bereziki polemikoa izan: haren aurkako erreakzioak egon dira tarteka —esaterako, askotariko eragileek sarri aurpegiratu izan diote kaleko saltzaileen inguruko jarrera oldarkorra—, baina haren adierazpenek gutxitan eragin dute harrabots nabarmenik. Salbuespenak egon dira, dena den: esate baterako, Bilbon manifestazio «gehiegi» egiten direla esan zuen 2024ko urtarrilean, eta horietako batzuk espaloitik joan zitezkeela, trafikoa eten behar ez izateko.

Auzo elkarteen federazioak ontzat jo du udalak urrats txiki batzuk egin izana urte hauetan. 2018an onartutako Segurtasun Itunaren bidez, segurtasun foroak eta tailerrak ezarri zituen, eta federazioak haietan parte hartzen du. «Alde horretatik, hurbilketak egiten ari dira auzotarren, udalaren eta udaltzaingoaren artean». Hala ere, ñabardura egin dute: bereizi egin behar dira segurtasun sentsazioa, alarma soziala eta datu errealak. «Segurtasuna bermatzeko, beharrezkoa da beste arlo askotan lan egitea: etxebizitza, gizarte ekintza, hezkuntza, lana, kultura... Eta horren emaitza moduan sortzen dira segurtasuna eta bizikidetza». Segurtasun Ituna «motz» geratzen da horretan, federazioaren irudiko; 2027ra arte egongo da indarrean.

6

Euskara

Aurrenekoz alkate aukeratua izan eta gutxira, Euskararen Aholku Batzordea sortu zuen Aburtok; 2016ko otsailean bildu zen batzordea lehen aldiz. Baina euskalgintzak eta oposizioak keinu gehiago eskatu izan dizkiote alkateari urte luzez: euskararen ordenantza bat ondu dezala, Gasteizen, Donostian eta Iruñean daudenen gisakoa. Alabaina, hura onartu gabe utziko du kargua Aburtok.

Horrez gain, euskaltzaleek jopuntuan izan dute udalaren aisialdi eta kultur agenda ere: Guka mugimenduaren arabera, hiria «erdalduntze makina bat» da, eta udala da horren erantzuleetako bat. Aurten egindako azterketa baten arabera, udaltegietako ikastaroen eta tailerren %1 baino gutxiago da euskaraz, eta kultur agendako jardueren %11 baino ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA