EAEko Arartekoari «larriak» iruditu zaizkio Loiuko gertakariak, eta uste du «eragin handia» izan dutela. Horregatik, ofizioz, espediente bat abiatu du. Ikertu egingo ditu bai ertzainen indarraren erabilera, bai Ertzaintzak gertakariei buruz egingo duen barne ikerketa. Arartekoak egiaztatu egin nahi du ea bata eta bestea «bat datozen aplikatu beharreko arau, jarraibide eta printzipioekin», baita EAEko arartekoak 2011. urtean Poliziaren jarduerarako proposatu zituen gidalerroekin ere.
Nazioartean ere oihartzuna izan du herenegun Loiuko (Bizkaia) aireportuan gertatutakoak. Besteak beste, Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak «hipokrisiaz jokatzea» egotzi dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari. Aireportuan, Ertzaintza oldartu egin zitzaien Global Sumud Flotillan parte hartu duten sei euskal herritarri, eta haietako bi eta ongietorria ematera joandako bi lagun atxilotu zituzten. Bada, Saarrek zera aurpegiratu dio Sanchezi: «Israelen ez da horrelakorik gertatzen». Are, Francisca Pedros Espainiako Gobernuak Israelen dituen negozioetako arduraduna bilera batera deitu du Atzerri ministroak, Ertzaintzaren jokabideari buruzko «azalpenak» eman ditzan.
Global Sumud Flotillan parte hartu duten sei euskal herritar herenegun ailegatu ziren Turkiatik Euskal Herrira. Loiuko aireportura iritsi orduko, baina, ertzainak oldartu zitzaizkien, jo egin zituzten, eta haietako bi eta ongietorria ematera joandako bi atxilotu zituzten. Ertzaintzak ohar bat zabaldu zuen handik gutxira, jakinarazteko «desobedientzia larria, erresistentzia eta agintaritzaren aurkako atentatua» egozten dietela atxilotuei. Arratsaldean askatu zituzten atxilotuak. Bada, Israelek Espainiako Gobernuaz trufatzeko baliatu du gertaera hori.
«Israelen irudia zikintzeko munduko txapelketa bat balego, Sanchezen gobernuak erraz eskuratuko luke lehen postua; garaikurra irabaziko lukete», adierazi zuen Saarrek atzo arratsaldean, Israelgo Atzerri Ministerioaren sare sozialetan argitaratutako bideo batean. «Baina ikusten dugunean etxeko atzeko patioan hemen gertatzen ez den zerbait pasatzen dela... Zerbait entzuten duzue? Txintik ere ez. Sinetsi ezinezko hipokrisia», amaitu zuen agintari sionistak. Aipamenik ez, ordea, flotillako kideek Israelen preso egon ziren artean salatutako tratu txarren inguruan.
Are, Francisca Pedros Espainiak Israelen dituen negozioetako arduradunari dei egin dio Atzerri Ministerioak, bilera bat egin eta Ertzaintzaren jokabidea «argitzeko».
Yossi Amrani Israelgo Atzerri zuzendari politikoak ere «hipokrisiaz» jardutea leporatu zion Espainiako Gobernuari, «Israelera probokatzaileak bidali ondoren Israel kondenatzeagatik legezko itsas blokeoa indartzeko ekintza legalengatik, eta, horren ostean, Espainian, flotillako parte hartzaileen aurka indarra erabiltzeagatik».
Israelgo Atzerri Ministerioak plazaratutako oharraren arabera, Ertzaintza «indarkeria handiz» aritu zen ekintzaileen aurka. Aldi berean, argudiatu zuten Israelek ez duela «horrelako indarkeriarik» erabili. Ekintzaileak Israelen atxilotuta egon ziren bitartean, besteak beste, jazarpena, sexu abusuak eta jipoiak jasan zituzten, Adalah erakundeko abokatuek dokumentatu zutenez. Tratu iraingarria eman zietela ere salatu zuten, hala nola posizio deserosoetan lotu zituztela, eguzkipean eduki zituztela ordu luzez, eta granada itsugarriak erabili zituztela pilatuta eduki zituzten edukiontzien barruan.
Loiuko ongietorrian izan zen Patxi Calleiras. Apirilaren amaierako flotillan parte hartu zuen. Israelgo soldaduek atxilotu zuten orduan. Loiun «merezitako ongietorria» egin nahi zieten «Israelgo genozidek bahitu eta torturatu zituzten kideei». Istanbulgo sei kideak besarkatzen saiatu zirenean ertzainak erdian jarri zirela eta elkartzea galarazi nahi izan zietela salatu du: «Hasieratik kolpeka hasi ziren, eta gu gure artean babesten hasi ginen». «Euskal sionista» deitu die ertzainei.
Argitu du aireportuan ez zutela inolako eragozpenik sortu eta aireportutik ateratzen ziren bidaiariak arazorik gabe pasatzen zirela haien ondotik. «Larunbatekoaren aurretik bi ongietorri egin ditugu, inolako arazorik gabe», gogoratu du.
Ukatu egin ditu Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aipatutako probokazioak: «Gertatutakoaren erantzukizun guztia Ertzaintzarena da». Calleirasek uste du Zupiriak dimisioa eman beharko lukeela, ertzainen kontra neurriak hartu beharko liratekeela, eta: «Garrantzitsuena, Eusko Jaurlaritzak eten egin behar ditu Israelekin dituen harreman guztiak».
Zupiriaren dimisioa eskatu du Podemosek
Gaur Pablo Fernandez Podemoseko antolakuntza idazkariak eskatu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak dimisioa eman dezala Ertzaintzak larunbatean erakutsitako «bortizkeria» dela eta. Fernandezek «gaitzesgarritzat» jo du poliziek indarkeria erabili izana «Israelgo estatu genozidaren torturak» jasan zituzten ontzidiko ekintzaileen eta haiei harrera egitera joandakoen kontra.
Halaber, Zupiriaren jarrera kritikatu du, hark esan baitu «ertzainen kontrako probokazioak» izan zirela: «Sailburuaren adierazpen horiek guztiz tamalgarriak dira; are gehiago, jakinda badaudela hori gezurtatzen duten irudiak». Horiek horrela, Fernandezek Segurtasun sailburuaren dimisioa eskatu du. Are, «neurri zigortzaileak hartzeko» eta «erantzukizun politikoa eta poliziala» nori dagozkion argitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Bestalde, beharrezkotzat jo du ontzidiko kideen zain zeuden ekintzaileen eta senideen aurka «kargurik ez aurkeztea».
Bitartean, Joseba Diez Antxustegi EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi du «ezer gutxi» esan dezakeela gaiari buruz, argudiatuta oraindik ere ez dutela aukerarik izan «datu askoren berri izateko», eta gogorarazi du Zupiriak dagoeneko iragarri duela bai ikerketa bat egingo dela zer gertatu den argitzeko, eta bai bihar agerraldia egingo duela Eusko Legebiltzarrean azalpenak emateko. Nolanahi ere, Diez Antxustegik esan du Loiuko irudietan ikusitakoa ez zitzaizkiola batere gustatu: «Herrialdearentzat ez dira onak, baina beti egongo da horrelako gaiekin etekina atera nahi duen norbait». ETB1en egin ditu adierazpenak EAJkoak.
Zupiria, Segurtasun Batzordean bihar
Larunbatean bertan EH Bilduk eta Ahal Dugu-k kontuak eskatu zizkioten Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, eta Zupiriak berak eta Segurtasun Sailak ohar bat zabaldu zuten larunbat arratsean: «Sentitzen dugu Loiuko aireportuan halako egoera bat sortu izana; ahalik eta lasterren saiatuko gara zer gertatu den eta erantzulerik ba ote den argitzen». Sailburuak baimena eskatu zuen Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean azalpenak emateko asteartean.
Atzo ere adierazpenak egin zituen Zupiriak: Loiun izandako «oldarraldiak eta bizi izandako egoerak» deitoratu zituen; esan zuen hori ez dela «gatazkak konpontzeko modua» eta irudiek kezka eragiten diotela. Dena den, jokabide batzuk «probokazio hutsa» izan zirela esan, eta kritikatu egin zituen. Bitartean, Global Sumud Flotillak deituta, manifestazio jendetsua egin zuten atzo Bilbon, Ertzaintzaren herenegungo oldarraldia salatzeko. Batasuna aldarrikatu zuten «sionismoarekin elkarlanean dabiltzanen inpunitatea amaitzeko». Hain zuzen, «sionismoaren konplizeak» izatea leporatu zieten Ertzaintzari eta Eusko Jaurlaritzari.
Nafarroako Irakasleak Palestinarekin taldeak gaitzetsi egin du Ertzaintzak flotillako kideei emandako tratua. Ertzainak harrera «zapuztera» joan zirela uste du. «Minduta eta haserre» daude. Bi galdera egin dizkiote Zupiriari: alde batetik, osasun langileak bidali beharrean —flotillako kideen osasun egoera aztertzeko—, zergatik bidali zituzten ertzainak; bestetik, zergatik agindu zieten ertzainei flotillako kideen harrerara joateko.
«Bilbon gertatutakoek agerian uzten dute sionismoak Euskal Herriarekin duen lotura politiko eta ideologiko sakonak bere horretan jarraitzen duela», uste dute irakasleek. «Atzo bertan jakin genuen Israelgo talde batek Loiuko aireportuko segurtasuna kontratatuta duela». Ekintzak eskatu dituzte Israelen kontra: «Boikota, desinbertsioak eta zigorrak, eta Israelekin era guztietako lankidetza instituzionala, politikoa, ideologikoa, ekonomikoa, akademikoa, industriala... haustea».