Adingabedun familiaren etxegabetzea eta polizia indarkeria salatu dute ehunka lagunek Gasteizen

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du ertzainek «erabateko basakeriaz» jardun dutela. Agerian utzi du Etxebizitza Legea «iruzurra» dela, ez dituelako eragotzi ordezko bizitokirik gabeko etxegabetzeak.

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gaurko deitu duen manifestazioa, Andre Maria Zuriaren plazan. BERRIA
Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gaurko deitu duen manifestazioa, Andre Maria Zuriaren plazan. BERRIA
Julen Otaegi Leonet - Pero Amorrortu Barrenetxea
2026ko urriaren 23a
19:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Etxegabetzeak gelditu!». «Biolentzia polizialari aurre egin!». Zientoka lagun bildu dira gaur arratsaldean Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, gaur hiriburuan bertan egin duten etxegabetzea ez ezik, etxegabetzea hori gerarazten saiatu diren ehunka gazteren kontrako polizia indarkeria salatzeko ere. Plaza horretatik abiatu da Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituriko manifestazioa, Etxegabetze guztien eta jazarpen polizialaren aurka lelopean; izan ere, epailearen aginduz, ertzainek kale gorrian utzi dute sei adingabez eta bi helduz osatutako familia bat Gasteizen; etxegabetzea Santsomendi auzoan izan da, gaur eguerdian.

Manifestazioa abiatu baino lehen, zenbait gazte elkarri komentatzen aritu dira ertzainek nolako kolpeak eman dizkieten goiz-eguerdian, kolpe horiek buruak zituztela helburu, eta agenteak borren heldulekuekin oldartzen zirela «min handiagoa» emateko. Gazteez gain, hainbat eta hainbat nerabe ere bertaratu dira plazara, goizean Santsomendi auzoan egin gisa; izan ere, IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak etxegabetu duten familiari elkartasuna adierazteko deialdia zuela egina.

Bada, manifestazioa egin baino lehen, sindikatuak agerraldi bat egin du hiriburuko udaletxearen parean, «erantzukizun politiko eta instituzional guztiak» seinalatzeko: «EAJren eta PSOEren udal gobernua da familia bat ordezko bizitokirik gabe utzi duen etxegabetze horren arduraduna». Halaber, Espainiako Alderdi Sozialistaren eta Gasteizko Udalaren kontrako oihuak ere entzun dira manifestazioan. Are, sindikatuak erantsi du «langile klaseak» antolatu egin behar duela «espekulazioaren eta errentismoaren zerbitzura dauden politikarien iruzurraren aurka».

Sindikatuak salatu du Etxebizitza Legea «iruzurra» dela, eta hori agerian geratu dela, «beste behin ere», gaurko etxegabetzearekin: «Esan ziguten ordezko bizitokirik gabeko etxegabetzeak ezingo zirela inolaz ere gauzatu», adierazi du ohar bidez, eta ohartarazi azken hilabetean jada lau etxegabetze egin dituztela Gasteizen —kalean geratu diren familia horiek ez zuten beste bizitokirik—.

Karla Pisano Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak esan du udalak «luzaz» ez diola «ezer» eskaini gaur etxegabetu duten familiari, eta, azkenerako, «minimoaren minimoa» eskaini diola: udalaren esku dagoen aterpetxera joatea. «Ezin da, inolaz ere, adingabeak dituzten familientzat erabili; ehunka pertsona ibiltzen dira hor, literetan, mugatutako ordutegi batekin, dutxarik gabe, sukalderik gabe». Kazetariei azaldu die berriz ere saiatu direla etxebizitza alternatiba bat lortzen, «baina ikusita ez zegoela besterik», nabarmendu du «borrokatzen eta aldarrikatzen» jarraituko dutela familia horrentzat alternatiba bat lortu arte. «Literak erabiltzeko ordutegia luzatzea baino ez dugu lortu».

Etxegabetzea «eskandalua» izan dela salatu du Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta «propaganda arrazista eta klasistaren makina» martxan jarri izana egotzi die Gasteizko Udalari eta «haren aldeko komunikabideei», «kriminalizazio eta difamazio kanpaina» egin dutelakoan: «Erantzun egin behar diogu». Familia horrek «kalitatezko alternatiba bat» behar duela adierazi du sindikatuak: «Guk defendatzen dugu etxebizitza eskubidea bermatu egin behar dela».

Ertzainak indarrez oldartu dira etxegabetzea salatu eta protesta egitera bildu diren ehunka gazteen aurka, eta horixe bera salatu du sindikatuak, «muturreko indarkeria» erabili dutela, eta «erabateko basakeriaz» jardun dutela «polizia operazio erraldoian». Gogorarazi du «are larriagoa» dela poliziek indarkeria erabili izana, «kontuan hartuta ehunka adingabe zeudela bertan». Erantsi du «gupidarik gabe» aritu dela Ertzaintza: «Aurrez abisatu gabe oldartu da, foam pilotak behin eta berriz jaurti ditu, manifestariei zuzenean apuntatuz, eta dozena bat aldiz oldartu da adingabeen, auzokideen, adinekoen eta abarren aurka».

Gutxienez lau lagun atxilotu dituzte, sindikatuaren arabera, horietako bi adingabeak; oraingoz atxilotuta daudela jakinarazi dute: «Gure elkartasuna helarazi nahi diegu, eta haiek berehala aske uzteko eta absolbitzeko exijitzen dugu». Halaber, sindikatuak salatu du 90 lagunek askotariko lesioak dituztela polizia indarkeriaren ondorioz, horietako batzuk «larriak», borren eta foam piloten kolpeen ondorioz.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA