Ertzaintzaren sindikatu nagusien erreibindikazio printzipaletako bat da lantaldea gehiago handitu behar dela. Euspelek, esaterako —lehen indarra martxoko bozen ondoren—, exijitzen du lantaldea 9.000 ertzainekoa izatea. Lanpostu horiei guztiei oinarri emango lioketen eginbeharren defentsan, ordea, ez Euspel, ez ERNE eta ez Esan ez dira irmo aritu gaur, Ertzaintzaren eskuduntzen auzia hizpide hartuta.
Ika-mika politiko handia sortu da Espainiako Poliziak Munduko Kopako finalaren eguneko istiluekin lotuta egindako atxiloketak direla eta: lehenik Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailekoek eta atzo bertan EAJko buruzagiek salaketa gogorrak egin dituzte, Espainiako Poliziak «Euskadin eskuduntzak urratu» dituela iritzita. Atzo, Zarautzen (Gipuzkoa), EAJren urte politikoaren hasierako agerraldian, EBBko presidente Aitor Estebanek ziurtatu zuen Madrilen xedea dela Ertzaintzari «laguntzaile» rola ematea, eta, hala, «polizia integral» izateko aukera ukatzea. «Lehen terrorismoa erabiltzen zen aitzakia moduan. Orain zergatik egiten du hori? Espainiak polizia behar duelako adierazteko hemen hanka bat jarria duela?».
Alabaina, EAJk, Ertzaintzaren eskumenen defentsan salaketa gogor hori egin bai, baina ez du lortu Ertzaintzako sindikatu nagusien babes argirik. Tentuz kalkulatuta, Euspelek Ertzaintzaren eskuduntzak defendatu ditu, «Segurtasun Batzordeak adostuak» direnez. Baina berehala erantsi du hau: «Ez dugu politikarien arteko liskarrik nahi; lantaldea 9.000 ertzaineraino handitzea nahi dugu, herritarren segurtasun eskariari erantzuteko».
Harreman ona polizien artean
Esan sindikatuak ere antzeko ikuspegiarekin erreparatu dio Ertzaintzaren eskumenen inguruan sortu den eztabaidari. Adierazi du «errespetua» diela «segurtasun indar guztien eskumenei»: «Baita Ertzaintzari dagozkionei ere: erabateko errespetua».
ERNE sindikatuak, berriz, garrantzia kendu dio eskumenak oinarrian dituen auzi politikoari: «Eztabaida hori, polizien artean baino gehiago, maila politikoan gertatzen da», esan du ERNEko idazkari nagusi Sergio Gomez de Segurak. Erantsi du bere sindikatuak beti eskatzen duela «eskumen gehienak» Ertzaintzarentzat izatea. Baina «benetako arazoa», haren arabera, zera da, eginbehar guztiak egiteko «nahikoa agente» ote dauden. Eta azaldu du Ertzaintzak harreman egokia duela Espainiako segurtasun indarrekin: «Poliziei dagokienez, patruilan dabiltzanen artean, harremana ona da, bai Polizia Nazionalarekin, bai Guardia Zibilarekin».
«Arduradun politiko batzuen adierazpenak ez datoz bat guk pentsatzen dugunarekin; epaile batek ikertzeko agintzen badie [Espainiako poliziei], ardura epailearena da»
SERGIO GOMEZ DE SEGURA ERNE sindikatuko idazkari nagusia
EAJko buruek eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ertzaintzaren eskumenen alde protesta egin izanari «zarata politikoa» deitu dio ERNEko buruak. «Arduradun politiko batzuen adierazpenak ez datoz bat guk pentsatzen dugunarekin; Poliziaren profesionaltasunaren irizpideekin, alegia». Eta zehazki, Espainiako Poliziak Munduko Futbol Kopako finalaren egunari loturik egindako atxiloketak hizpide hartuta, ERNEko buruak esan du nahiago lukeela atxiloketa horiek Ertzaintzak egin izan balitu, baina Espainiako Polizia defendatu du: «Epaile batek agintzen badie ikertzeko, ardura epailearena da».