Eskola publikoaren lehen plan estrategikoa motz gelditzen da, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren ustez

Adierazi dute hezkuntza sistema «osoa» eraldatu behar dela. Gaineratu dute itunpeko irakaskuntzaren presentzia gutxitu egin behar dela, «pixkanaka», eta baliabideak sare publikoan jartzeko exijitu diote Jaurlaritzari.

Plataforma «osasuntsu» dagoela esan dute gaurko agerraldian. Antolatutako ekintzek babes «handia» jaso dutela eskertu dute. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Plataforma «osasuntsu» dagoela esan dute gaurko agerraldian. Antolatutako ekintzek babes «handia» jaso dutela eskertu dute. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko ekainaren 19a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak ez du uste Eusko Jaurlaritzak ondutako Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko Lehen Plan Estrategikoak ezer aldatuko duenik. «Ez die erantzuten eskola publikoaren beharrei», esan du Maribel Lopez de Luzuriaga Alonso bozeramaileak. Planaren inguruko balorazioa egin du plataformak gaur, Gasteizen.

Lopez de Luzuriagak azpimarratu du hasteko gaizki bideratutako estrategia bat dela. «Eskola publikoa eraldatzeko plana omen da, baina eraldatu behar dena hezkuntza sistema osoa da, bere egituran». Esan du egungo formula duala «desorekatua» dela, eta «ezberdintasunak» sortzen dituela. Horregatik, itunpeko irakaskuntza bukatzeko eskatu du, eta «pixkanaka» haren presentzia gutxitzeko. «Sistema dualak ez du bermatzen aukera berdintasunik. Horri aurre egiteko ezinbestekoa da hezkuntza publikoa indartzea eta zaintzea. Gure jendartean benetako kohesio soziala lortzeko aukera bakarra eskola publiko indartsua dugu».

Eusko Jaurlaritzak hezkuntza publikoaz egiten duen diagnostikoarekin ere ez datoz bat. «Zeharo hanka motza, triunfalista eta interesatua» dela esan dute. «Hezkuntza Sailaren alde jokatzen duten datuak baino ez ditu ematen, eta horren argibide argia da ez duela eskola segregazioa aipatzen».

Lopez de Luzuriagak salatu du Jaurlaritzaren planak ez duela segregazioari aurre egiteko neurririk planteatzen. «Segregazioaren Aurkako Itun Soziala eta kontratu programak bultzatzea, besterik ez dute esaten. Eta, bitartean, zer? Zer egin eskola ghettoekin? Nola eman buelta dugun desoreka itzelari?», galdegin du. «Zaurgarritasun indizeak ezarri zirenetik ezer gutxi aldatu da». Bozeramaileak aitortu du datu zehatzik ez duela, zenbakiak eskuratzea «oso zaila» dela argudiatuta, baina Arartekoak Ordiziako (Gipuzkoa) egoeraren inguruan plazaratutako txostena jarri du adibide gisa. Bertan esaten du eskola segregazioa ekiditeko helburua «urrun» dagoela «neurri irmoagoak hartu ezean». «Tamalez, egoera bera da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat eta hainbat tokitan: Bermeo, Andoain, Amurrio...», gaineratu du.

Sakontasuna falta leporatu dute

Planak xehetasun gutxi dituela ere salatu du. Euskal Hezkuntza Sisteman eskola publikoari «dagokion protagonismoa ematea» aipatzen dute txostenean, baina hori nola lortuko den ez da zehazten; are, finantzaketarik ere ez dago jasota. «Izaera estrategikotik ezer gutxi du. Aipamenik ez azpiegitura berriez, ez eskola publikoaren zabalkundeaz...», osatu du bozeramaileak.

Euskararen auzia ere hizpide izan du Lopez de Luzuriagak, helburu «zehatzik» ez dagoelako jasota arlo horretan. «Euskararen hizkuntza konpetentzia egokia bermatzea bakarrik aipatzen da, eta horretarako ikastetxe publiko guztietan irakaskuntzarako komunikazio hizkuntza euskara izan behar dela. Baina nola ezkontzen da hau indarrean dauden eta Hezkuntza Legeak babesten dituen A eta B ereduekin?». Gainera, gogorarazi du eredu horietako zentro gehienak ez direla hezkuntza publikoko parte. «Exijituko al zaie gauza bera?».

Hezkuntza Sailari «kontuan izan beharreko» bost eskakizun egin dizkiote. Eskariak EAEko ikastetxe publiko guztietako kontseiluetara ere bidali dituztela zehaztu dute, eta ehun atxikimendu baino gehiago jaso dituztela.

Hezkuntza sailari egindako eskakizunak

  1. Ikasle guztiei aukera berdintasuna eman ahal izateko, inklusibitatea lantzeko eta zaurgarritasunari aurre egiteko baliabide «egokiak» ezartzea. Hala nola finantzaketa handiagoa, langile gehiago eta planifikazio «hobea».

  2. Azpiegiturak berritzea eta hobetzea. Betiere, tokian tokiko eskola komunitatearekin adostuta.

  3. Eskola jantokiak eraldatzea: catering sistemetatik tokian tokiko sukaldeetara jauzi egitea.

  4. Euskara eskola publikoaren esparru guztietan indartzeko baliabideak ipintzea.

  5. Eskola publikoa planifikazioaren eta hezkuntza politiken «erdigunean» jartzea. Familia orok bermatua izatea leku bat etxetik gertu eskola publiko batean.

Azaldu dutenez, «oso gustura» bilduko lirateke Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuarekin, baina ez dute elkarren arteko harremanik izan. «Plan hau lantzeko egin den prozesu parte-hartzailea ez da nahikoa izan». Lau jardunaldi, hiru elkarrizketa, horietako bakarra EHIGErekin eta ikastetxeen egindako inkesta «guztiz bideratu» bat baliatu dituztela zenbatu dute. «Oso instituzionala izan da dena. Apenas kontatu dute eskola publikoko eragileekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.