Esnatu: arnasguneetako «gainbeherari» aurre egiten laguntzeko «konpromisoak»

Eremu euskaldunek bizirik irauteko dinamika abiarazi du UEMAk, eta «askotariko» hemezortzi eragile izan dira urratsa egiten lehenak: berariazko neurriak hartuko dituzte euskararen erabilera indartzeko.

UEMAko arduradunak dinamikarekin bat egin duten erakundeetako ordezkariekin, gaur eguerdian, Orion. GORKA RUBIO / FOKU
UEMAko arduradunak dinamikarekin bat egin duten erakundeetako ordezkariekin, gaur eguerdian, Orion. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2026ko apirilaren 14a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«UEMAk kezka handia du datu soziolinguistikoek arnasguneetan erakusten duten gainbehera dela eta». UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Martin Aramendik berritu egin du gaur azken urteotan hainbatetan adierazitako kezka: euskara ahultzen ari da eremu euskaldunenetan. Iaz Siadecorekin batera egindako proiekzio demolinguistiko batean aurreratu zuten 2036an erdara nagusituko dela lekurik gehienetan eta ia arnasgunerik ez dela geratuko. Aldaketa eragite aldera, hizkuntza politika «lurralde ikuspegitik» planifikatzeko estrategia baterako abiaburua aurkeztu zuen UEMAk otsailean, eta hor jarritako helburuak lortzen lagundu dezakeen dinamika aurkeztu du orain: Esnatu. Gaur goizean egin du ekinbidearen berri emateko agerraldia, Orion (Gipuzkoa). 

Arnasguneetako «gainbeherari» aurre egiten laguntzeko «konpromisoak» sustatzea da dinamikaren helburua. Aitzindari moduan, «askotariko» hamazortzi eragile aurkeztu dira gaur Orion, eta eremu euskaldunenetan euskararen erabilera sustatzeko propio hartuko dituzten neurrien berri eman dute. Hauexek dira eragileak: AEK, IKA, Bankoa Abanka, Laboral Kutxa, Kutxabank, ELA, LAB, Bilgune Feminista, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Euskal Pilota Federazioa, Euskadiko Futbol Federazioa, Cederna-Garalur elkartea, Euskaldendak, Fagor taldea, Plazaola Partzuergo Turistikoa, Hekimen, Lanartea eta Euskalgintzaren Kontseilua. Guztietako ordezkariak izan dira gaurko agerraldian. 

Atzean duten komunitatearen sendotasuna aintzakotzat hartu behar da UEMAri buruz aritzean: mankomunitateak 120 udalerri batzen ditu gaur egun, eta 350.000 biztanleko lurgunea ordezkatzen. Eremu horietan euskarak sendo jarraitzeko urratsek berebiziko garrantzia dute beraz, eta halaxe gogoratu du gaur Aramendik: «Arnasguneak eta lurgune euskaldunenak funtsezkoak dira euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa da euskararen lurralde osoan eragin dezaten eta euskararen biziberritzean motor izan daitezen». 

Hamazortzi eragileen artean bat nabarmendu du Aramendik: Bertsozale Elkartea. Izan ere, Esnatu dinamikaren «aitzindariak» haiek izan direla esplikatu du. 2036rako egindako proiekzio demolinguistiko haren ondorioen berri izan ostean hasi ziren mugitzen. «Ondorioekin oso kezkatuta, Bertsozale Elkarteak bilera bat eskatu zion UEMAri», gogora ekarri du Aramendik. «Eta egoerari buelta emateko udalerri euskaldunetan bere esku zegoen guztia egiteko prest agertu zen, hartu beharreko konpromisoak hartuta». Beste hainbat eragile ere bide bera hartzeko prest egon zitezkeela ikusi zuten UEMAn, eta horixe izan zen, hain justu ere, Esnaturen abiaburua. 

Dinamikaren izena propio hautatu dute Esnatu ala hil esaldia gogoan hartuta. Izan ere, Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok berriki euskararen bilakaeraz idatzitako liburuaren izenburua ere horixe da, eta hortxe ere, hain justu, arnasguneen ahultzeak euskararen geroan izan ditzakeen ondorioez ohartarazi dute. «'Esnatu ala hil' esan digute ikerlari, soziolinguista eta euskaltzale adituek, eta udalerri euskaldunok eta hainbat eragilek, dagokigun ardura kontuan hartuta, argi dugu: esnatzea da gure hautua», azaldu du gaur Aramendik.

Zer konpromiso

Bertsozale Elkartearen izenean Ainhoa Urien solastatu da, lehendakaritza taldeko ordezkarietako bat. «Bertsolaritza zerbait baldin bada, euskarazko jarduna da, eta gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa daukagu UEMArekin batera euskararen lurgunea sendotzeko», azaldu du. Bankoa Abanca finantza erakundearen izenean euskara koordinatzaile Ana Urkizak hartu du hitza. Hainbat finantza erakundek aurrez ere hitzartuak dituzte lankidetza hitzarmenak UEMArekin, eta, horien barruan, ezarriak dituzte eremu euskaldunetarako irizpide linguistikoak. Bankoa Abanca da erakunde horietako bat, eta orain, Esnatu dinamikarekin bat eginda, «harago» egingo dutela aurreratu du Urkizak. Propio indarra zertan jarriko duten azaldu du: «Herritarrak ahaldundu daitezen nahi dugu, diruari buruz euskaraz aritzea naturala dela senti dezaten». 

Askotarikoak dira gainerako eragileen konpromisoak ere. Horra hainbat adibide. AEK-k, adibidez, Etorri Euskarara deituriko ikastaroak zabaldu eta indartzeko konpromisoa hartu du. ELAk arnasguneetako enpresetan euskara planak ezartzeko kanpaina bat egingo du, eta LABek barne funtzionamenduan eta kanpo funtzionamenduan euskararen erabilera indartzeko neurriak zehaztu ditu. Kirol arloko eragileen jardunak badu eragina hizkuntza ohituretan, eta, horiek horrela, Euskadiko Futbol Federazioak, adibidez, zera sustatuko du, arnasguneetan, futbol kluben jardunean eta partidetan erabilera orokorreko hizkuntza euskara izatea. Euskal Pilota Federazioak, halaber, arnasguneetako pilota klubekin komunikazioak euskara hutsean egingo ditu, eta pilota partidetan erabilera orokorreko hizkuntza euskara izatea bermatuko du.

Nork bere jarduera eremutik eragingo du. Euskararen biziberritzearen oinarriak jartzen ari da Euskalgintzaren Kontseilua, eta hartu duen konpromisoa da Batuz Aldatu dinamikan txertatzea udalerri euskaldunetan eragiteko lurralde estrategia.

hazten jarraitzeko asmoz

 

Bihartik aurrera, herrietara zabalduko du UEMAk Esnatu dinamika. Udalekin lankidetzan, hitzaldi eta foroak antolatuko dituzte, eragileak ahalduntzeko eta kontzientziatzeko. Horien bidez, dinamika indartzea da asmoa, eta euskararen aldeko konpromisoak hitzartuko dituzten eragileen «olatu bat» abiaraztea: atxikimendu handiagoa lortzea. Eta jarria dute ekinbidearekin bat egingo duten guztien berri emateko eguna: azaroaren 26an izango da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA