Etxebizitza duin bat lortzeko zailtasuna lehen lerrora ekarri dute gaur Euskal Herrian hautagaitzak dituzten hiru alderdik. Larrialdiari aurre egiteko neurriak egun seinalatu batean proposatu dituzte EH Bilduk, EAJk eta PSEk: Bilbon bi emakume eta bi adingabe etxegabetu dituzten egun berean, eta etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra egin eta astebetera. Hirurek Bizkaia aukeratu dute goizeko hauteskunde ekitaldiak egiteko: Ibaizabal itsasadarraren ezkerraldea EH Bilduk eta PSEk, eta eskumaldea EAJk.
Etxebizitzaren merkatua arautzea, prezioak mugatzea eta negozioaren gainetik funtzio soziala lehenestea, horiek dira EH Bilduren proposamenak etxebizitzaren beharrari aurre egiteko, eta hala plazaratu ditu Oskar Matute Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak gaur, Sestaon (Bizkaia). Matutek zerrendatu egin ditu egoera arintzeko koalizioak hartu dituen neurriak: «Tentsio handiko eremuetan prezioei muga jartzen dien legea bultzatu eta onartu du, alokairuen inguruko bi dekretuak onartu ditu, eta, hala, pertsona eta familia ahulenak babestu ditu».
Idoia Sagastizabal EAJren Bizkaiko zerrendaburuak Leioan (Bizkaia) egin du agerraldia, Sestaotik kilometro gutxi batzuetara. Hark adierazi du beharrezkoa dela etxebizitzaren arloan politika integrala egitea, «jabeak eta maizterrak elkarren kontra jarri gabe, betorik jarri gabe eta inor deabrutu gabe».
Hitzaldi beran, hautagai jeltzaleak ETA ekarri du hizpidera EH Bilduren aurka egiteko, beste kanpaina askotan alderdi batzuek egin ohi duten moduan. Martxan den kanpaina honetan, kasurako, PPk eta Voxek ere jorratu dute ildo hori. Ser irratian ETAri buruz galdetuta, eta azalpen luzeago baten barruan, koalizio subiranistaren Bizkaiko zerrendaburu Oskar Matutek esan du ETA «oztopo bat» izan zela «euskal gizarte osoarentzat» eta «samina eta segurtasunik eza» eragin zituela. Bada, adierazpen hori baliatu du Sagastizabalek Matuteri exijitzeko «gauzei beren izenez» deitzeko: «ETA erakunde terrorista bat izan zen, eta 850 pertsona hil zituen; eta beste askoz gehiagori estortsioa egin zien».
PSE-EEk Jaurlaritzan egindako lana goraipatu du. Sozialistek ere Sestao aukeratu dute etxebizitzaz hitz egiteko. Maria Guijarro PSE-EEko hautagaiak kritikatu du eskuin eta eskuin muturreko alderdiek merkatu librearen alde erakusten duten jarrera, eta esan du alderdi sozialistak beste jokabide bat duela gai horren inguruan. Gogora ekarri ditu etxebizitza larrialdiari konponbidea emateko hartu dituzten neurriak: «Parke publikoa handitu dugu, etxegabetzeak geldiarazi ditugu eta espekulazioaren aurkako neurriak hartu ditugu».
Arratsaldean ere gai berari heldu diote Eibarren (Gipuzkoa), Isabel Rodriguez Espainiako Etxebizitza ministroa gonbidatu gisa alboan zutela. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak nabarmendu du etxebizitza legeak duen balioa, baita haren bitartez abiatutako programa guztiek duten garrantzia ere. Ohartarazi du bi aukera daudela: putre funtsen alde gobernatzea ala jendearen alde gobernatzea, ez besterik. Sozialistek Eibarren bizi diren galiziarrak agurtu dituzte bereziki, atzo Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak egindako iruzkinaren harira —Eibarren galiziar gutxi zeudela esan zuen—.
Etxebizitzaz harago
EH Bildu Arrasaten izan da arratsaldean (Gipuzkoa) eta EAJ, Laudion (Araba). Bloke erreakzionarioaren gorakada izan dute hizpide Pello Otxandiano EH Bilduko programa zuzendariak —kanpainako lehen agerraldia egin du gaur— eta Oihana Etxebarrieta Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak. Otxandianok, «apaltasun osoz» dei egin die gai batzuetan EH Bildurengandik urrun sentitzen diren horiei helburu handiago baten alde batu daitezen: «Eskuin muturra geldiaraztea». Etxebarrietak emakumeen eta bazterrekoen eskubideak defendatzearen alde egin du: «EH Bilduren botoak balio bikoitza du: matxistei aurre egiteko balio du, baina, horrez gain, politika feministak eta berdintasun politika ausartagoak bermatzen ditu».
EAJ industriaz hitz egitera joan da Aiaraldera. Gorka Urtaran Espainiako Kongresurako Arabako zerrendaburuak laudioarrei galdegin die noren esku utzi nahi duten eskualdeko etorkizun ekonomiko eta industriala: «Protestan, gatazkan eta konfrontazioan etengabe bizi direnen esku, edo industria salbatzeko gaitasuna erakutsi dugunon esku?». Maribel Vaquero Gipuzkoako zerrendaburuak balioetsi du EAJren negoziatzeko gaitasuna, «Euskadin eta Madrilen», eta adibide gisa Talgoren erosketa jarri du.
Geroa Baik boto baliagarriaren diskurtsoari egin dio aurre gaur goizean. Kongresurako bost jarleku jokoan izateak kalte egiten die, eta, Pablo Azkona hautagaiaren arabera, 2023ko boto baliagarria ez da aski izan Vox gerarazteko. «Herritarren kezkei erantzungo dien politika eraginkorra egitea da eskuin muturrak aurrera egin dezan galarazteko modua». Haren ustez, politika eraginkorren adibide da eskubide sozialetan aurrera egitea eta alderdiak ados jartzeko gai izatea, «Nafarroan azken hamabi urteetan gertatu den bezala». Haren ikuspegitik, arazoei lurraldekako erantzunak eman behar zaizkie, eta autogobernua da horretarako «erremintarik hoberena».
Jose Manuel de Pablos eta Garbiñe Ruiz Ahal Dugu-ren Kongresurako Bizkaiko eta Arabako hautagaiak ere Bizkaian izan dira, Bilbon. Bertan adierazi dute baliabide publikoak bideratu behar direla osasuna, hezkuntza, etxebizitza eta babes soziala indartzera, eta ez gastu militarra handitzera. De Pablosek esan du lehentasunak «zerbitzu publikoak eta eskubide sozialak» bermatzea izan behar duela.