Euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko, Gasteizko kaleak hartu dituzte ELA, LAB eta Steilas sindikatuek

EAJri eskatu diote EH Bilduk Euskal Enplegu Publikoan Legea aldatzeko egindako proposamena babesteko. Eta UGT eta CCOO sindikatuei kargu hartu diete euskararen aurkako auzibideetan duten erantzukizunarengatik.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuen manifestazioa. RAUL BOGAJO / FOKU
ELA, LAB eta Steilas sindikatuen manifestazioa. RAUL BOGAJO / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2025eko abenduaren 17a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi egun, bi manifestazio, eta lelo bera: Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatu! Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez. Atzo Iruñean egin zuten moduan, gaur goizean ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, 250 bat lagunek Gasteizko kaleak hartu dituzte euskarak bizi duen oldarraldi judiziala salatzeko, eta zerbitzu publikoetan euskararen presentzia bermatzeko eskatzeko. Eusko Legebiltzarrean amaitu da protesta, eta gogoratu dute justu han bi lege erreforma erregistratuta daudela administrazio publikoan euskarak duen tokia blindatzeko asmoz. EAJri exijitu diote EH Bilduk Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko egin duen proposamena babesteko, «hori baita euskarazko zerbitzu publikoak bermatzen dituen bakarra».

Euskararen Eguneko ospakizunek ez dute asko iraun. Azken asteetan gehiago korapilatu dute aurretik jada korapilatsua zena. Izan ere, PPk eta Voxek aurkeztutako helegiteen ondorioz, EAEko Auzitegi Nagusiak Espainiako Auzitegi Konstituzionalari eskatu dio argitzeko ea Euskal Enplegu Publikoaren Legean lanpostu guztiek hizkuntza eskakizuna izan behar dutela dioen artikuluak konstituzioa betetzen ote duen. Kezka azaldu zuten lehengo astean Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburu Maria Ubarretxenak eta lehen lehendakariorde eta Kultura sailburu Ibone Bengoetxeak auzibide horren harira. Auzitegi Konstituzionalera jotzeko arrazoirik ez zegoela adierazi zuten biek, eta Bengoetxeak ohartarazi zuen Auzitegi Nagusiak egindako eskakizunak ekar lezakeena «larria» dela.

«Malgutasuna eskatzen den aldiro gaztelaniaren aldeko erabakiak hartzen dira»

HAIZEA ARBIDE Steilas sindikatua

Era berean, joan den astean euskararen aurkako beste epai baten berri eman zuten. CCOO sindikatuaren helegite bat aintzat hartuta, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du zerbitzu publikoetan jarduten duten azpikontratei ezin zaizkiela funtzio publikoko hizkuntza eskakizunak eskatu. Hain zuzen ere, horixe salatu du Steilaseko bozeramaile Haizea Arbidek: «Malgutasuna eskatzen den aldiro gaztelaniaren aldeko erabakiak hartzen dira».

Albiste horiek sortutako kezka ezkutatu ezinik, ELAko Igor Eizagirre eledunak gaur adierazi du euskararen aurkako halako epaiek «dikotomia faltsu bat» elikatzen dutela: enplegua eta sektore publikoa euskalduntzea kontrajarriak direla. «Horren atzean euskara bigarren mailako hizkuntzatzat hartzea dago». Euskal Herrian zerbitzu publikoetan euskaraz lan egiteko eta euskaraz artatuak izateko eskubideak urratuta daudela adierazi du. Kezka hori bera ozendu dute manifestazioan entzun ahal izan diren aldarriek: «Hemen lan egin, hemen erabaki», «Euskaraz jakin, eskaraz lan egin», «Euskararik gabe, zerbitzu onik ez» eta «Erasoen aurrean, borroka».

«Indar erreakzionarioek eta euskararen aurkako epaiek bultzatzen duten oldarraldi judizialari aurre egiteko lege bermeak behar ditugu»

IRATI TOBAR LAB sindikatua

Eizagirrek alderdi politikoei eskatu die neurriak har ditzatela euskara eta gaztelania «benetan» pareka daitezen. Eta iragarri du hori lortu arte mobilizatzen jarraituko dutela. LAB sindikatuko eledun Irati Tobarrek aldarri antzekoak egin ditu: «Indar erreakzionarioek eta euskararen aurkako epaiek bultzatzen duten oldarraldi judizialari aurre egiteko lege bermeak behar ditugu». Eta adierazi du orain dela horretarako garaia: «Orain ari dira Euskal Enplegu Publikoaren legea eztabaidatzen Eusko Legebiltzarrean, beraz, orain da euskarak gaztelaniaren eskubide berberak izan ditzan bermatzeko garaia».

Eizagirrek gogoratu du lege erreforma hori ezin dela edonolakoa izan: «Bi lege proposamen daude, eta EAJrenak ez du eskatzen duguna bermatzen. Lehenengo pausoak bestea onartzea izan beharko luke, bai, baina funtsezkoa da bermatzea onartuko den lege proposamena estatuaren esku sartzetik salbu egotea. Ikusi bestela Euskal Enplegu Publikoaren oraingo legea, sindikatuen babesik gabe onartu zuten, eta CCOOren helegite batengatik Auzitegi Konstituzionalean dago». Eta autogobernuaren aldeko aldarri sendoa adierazi du: «Subiranotasuna behar dugu euskararen aldeko legeak onartzeko, baina baita zerbitzu publikoen aldeko legeak onartzeko ere».

«CCOOk euskaldunon hizkuntza eskubideak zokoratu nahi ditu, eta langile guztiak gazteleraz soilik aritzera derrigortu»

IGOR EIZAGIRRE ELA sindikatua

Sindikalistek UGT eta CCOO sindikatuak seinalatu dituzte euskara jasaten ari den oldarraldi judizialean duten erantzukizunarengatik. Tobar: «CCOOk, UGTrekin batera, bazka ematen die epaile euskarafoboei». Eizagirre: «CCOOk euskaldunon hizkuntza eskubideak zokoratu nahi ditu, eta langile guztiak gazteleraz soilik aritzera derrigortu».

Epe laburrera begira, Eizagirrek adierazi du hainbat sektoretako langileen artean sozializazio kanpainak egingo dituztela. LABekoak, aldiz, datorren oporraldiaren ostean lan zentroetan egingo dituzten jardunak iragartzeaz gain, dei egin du euskararen alde abenduaren 27an Bilboko Bilbo Arenan Euskalgintzaren Kontseiluak egingo duen Pizkundea ekitaldira joateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.