Eusko Jaurlaritzak udal euskaltegien finantzaketa %7 handituko du datorren ikasturterako

Eusko jaurlaritzak eta Eudelek udal euskaltegiak finantzatzeko sistema berria adostu dute. Finantzaketa «jarduera unitateetan» eta emandako eskola orduetan oinarrituko da.

Eusko Jaurlaritzako eta Eudeleko ordezkariak akordioa aurkezten, gaur, Gasteizen. IREKIA
Eusko Jaurlaritzako eta Eudeleko ordezkariak akordioa aurkezten, gaur, Gasteizen. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2026ko maiatzaren 25a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskararen erabileran jauzia eman nahi badugu, doakotasun politikak ez ezik, euskaltegi sare sendoa eta egonkorra ere behar dugu». Hala nabarmendu du gaur Ibone Bengoetxeak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Eta horretarako hartutako azken neurria aurkeztu du: Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek udal euskaltegien finantzaketa sistema berria adostu dute. Finantzaketa %7 handituko diete datorren ikasturterako: 14,1 milioi eurotik 15,1 milioi eurora. Gaurkoa ez da «neurri isolatu bat», Bengoetxearen arabera; Eusko Jaurlaritzaren Jauzia Gara estrategian kokatu du.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak nabarmendu duenez, bi erakundeek lehen aldiz lortu dute udal euskaltegien finantzaketari «egonkortasuna eta epe luzerako ikuspegia» emango dion akordio bat: «Sistema berriak orain arte indarrean egon den eredua eguneratuko du, kudeaketa administratiboa sinplifikatuko du eta udalen zein euskaltegien plangintza gaitasuna indartuko du». Gaur egin dute akordioaren aurkezpena, Gasteizen, eta bertan egon dira, Bengoetxea ez ezik, Esther Apraiz Eudeleko elkarteburua eta HABEko zuzendari Jokin Azkue, besteak beste.

Akordio berriak udal euskaltegien finantzaketa sistema berria ezarriko du datorren ikasturtetik aurrera, eta, hasieran, lau ikasturteko indarraldia izango du. Orain arte, finantzaketa sistema irakasleen kostuetan eta antzinatasunean zegoen oinarrituta; hemendik aurrera, berriz, «jarduera unitateetan» eta emandako eskola orduetan oinarrituko da. Ziurtatu dute sistema «sinpleagoa eta homogeneoagoa» izango dela. Hain zuzen, zera dute helburu: udal euskaltegien finantza egonkortasuna indartzea, kudeaketa administratiboa erraztea eta sistema euskaltegien gaur egungo errealitatera egokitzea. Akordioak trantsizio neurriak aurreikusten ditu, sistema aldaketaren ondorioz kaltetuak izan daitezkeen euskaltegiek galerarik izan ez dezaten.

Hitzarmenean jasota dago, halaber, matrikulazio kanpaina bateratuak egingo dituztela eta HABEren eta Eudelen artean jarraipen batzorde bat sortuko dutela, «udal euskaltegien etorkizuneko beharrei erantzuteko eta bi erakundeen arteko koordinazioa indartzen jarraitzeko.

Egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 38 udal euskaltegi daude; horietan, ia 9.000 ikaslek ikasten dute euskara, eta bostehun bat profesionalek lan egiten dute. 

38

Zenbat udal euskaltegi dauden Egun, 38 udal euskaltegi daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ia 9.000 ikasle dituzte, eta bostehun profesionalek lan egiten dute.

Beste neurri batzuk

Helduen euskalduntzeari lotuta, Eusko Jaurlaritzak beste neurri bat ere hartu du berriki: Euskara Bonua. Ikasleek 120 euro ordaindu beharko dituzte, eta lau urtean euskara ikasteko aukera izango dute B1era arteko mailetan. Herri ekimeneko euskaltegiek begi onez ikusi dute neurria, eta nabarmendu dute «urrats esanguratsua» dela helduen euskalduntzearen sektorerako. 

Euskaltegi publikoetarako akordio berria lortuta, Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du «euskaltegi pribatuen etorkizuneko ituntzen sistema» prestatzen ari direla orain, «helduen euskalduntzearen sare osoari egonkortasun handiagoa emateko eta herritarrei kalitatezko zerbitzua bermatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA