Etxeko lanak dituela hasiko du urte politikoa Eusko Jaurlaritzak: udako etenaren aurretik eginda behar zuten baina egiteko dituen lanak. Izan ere, uztaila amaitu aurretik ziren biltzekoak Imanol Pradales lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Gernikako Estatutuan jasota dauden eskumenen transferentzietan aurrera egiteko. Baina negoziazioan akordiorik egin ez zutenez, bi agintarien goi bilera atzeratzea erabaki zuten. Bada, bilera egiteko baldintzak ote dauden argitzea eta hura noiz egingo duten zehaztea izango da gobernuaren aurreneko zereginetako bat.
Eusko Jaurlaritzak bihar abiatuko du urte politikoa. Urtero legez, Donostiako Miramar jauregian elkartuko ditu lehendakariak sailburuak, udako oporren osteko lehen gobernu bilera egiteko. Eta hilabete eskas barru hasiko du bere jarduna Eusko Legebiltzarrak, irailaren 17an izango baita politika orokorreko bilkura, ordurako batzordeak martxan egongo badira ere. Tarte horretan ikusiko da aurrerapausorik eman ote den Gizarte Segurantzari eta portuei buruzko negoziazioetan bereziki, edo, aitzitik, transferentziak enegarrenez atzeratuko ote diren.
Atzeratuko balira, horrek are gehiago tenkatuko luke bi gobernuen arteko soka. Izan ere, tentsioa gora egiten ari da azken hilabeteetan EAJren eta PSOEren artean: batetik, Gernikako Estatutua osorik betetzeko bi alderdiek adostutako epea aspaldi gainditu zelako —2025. urtea amaitu aurretik behar zuen—, eta Sanchezek konpromiso argirik erakutsi ez duelako emandako hitza betetzeko; eta, bestetik, Espainiak ez dituelako aintzat hartu Jaurlaritzaren eskariak, ez Osakidetzari dagokionez, ezta Ertzaintzari edo bakarrik dauden etorkin adin txikikoei dagokienez ere, azken asteetan ikusi denez.

Bozen giroan
Jeltzaleen eta sozialisten arteko tentsio horrek EAEn ere izan du isla legealdiaren lehen zatian. Bi gobernu bazkideen artean desadostasunak azaleratu dira etxearen alorrean, euskararenean, zerga kontuetan, eskumenen esparruan, atxilotuen jatorria jakinarazteari buruz eta AHTaren inguruan. Zerrenda luzea da, eta litekeena da hurrengo hilabeteetan are gehiago handitzea, hauteskunde urtea izango baita urte politiko hau.
Eta horrek goitik behera baldintzatu ohi du eztabaida politikoa, bozei begira alderdi politikoek nahiago izaten baitute beste alderdiengandik aldendu, beste soslai bat erakutsi nahian edo. Bada, datorren urteko maiatzaren 27an egingo diren udal eta foru hauteskundeak erabakigarriak izango dira alde horretatik. Izan ere, gerta liteke besteetatik bereizi nahi horrek jeltzaleen eta sozialisten arteko tirabirak areagotzea, eta horrek gobernuaren jarduna baldintzatzea.
Ika-mikak ika-mika, bi gobernu bazkideen arteko harremana ona dela azpimarratu dute bi aldeek, eta eguneroko jardunean ere hala dela erakutsi dute, bai legebiltzarrean, bai Jaurlaritzan. Egonkortasuna eta gobernabidea ez dira zalantzan egon orain arte, eta urrun ikusten da gobernu koalizioa hausteko aukera, oposizioko talde nagusia horretan saiatu bada ere.
Edonola ere, Gasteizko jokalekuak ez ezik Madrilgoak ere izan dezake zeresana bi bazkideen harremanari dagokionez. Oraindik eguna zehaztu gabe badago ere, Espainiako Gorteetarako bozak ere datorren urtean egingo baitira, beranduenez. Sanchezek esana du legealdia amaituko duela, eta, hala balitz, uztailean izango lirateke hauteskundeak, baina ikusteko dago ez ote dituen aurreratuko aurtengo udazkenera.
Espainiako Gobernuko presidenteak argi adierazi zuen, hori bai, bi deialdiak ez direla egun berean izango. Hala eskatu zion, hain justu ere, EAJko EBBko presidente Aitor Estebanek. Hark azaldu zuenez, urrian argituko da bozak noiz izando diren, orduan jakingo baita Sanchezen gobernua aurrekontuak aurrera ateratzeko moduan den edo ez.
Lehentasunak ezarrita
Ziurgabetasun eta tentsio handiko itsaso horretan nabigatu beharko du Pradalesek datorren urte politikoan. Legealdiaren erdiko balantzean aipatu zuenez, gobernuak «asko erein» du lehen bi urte hauetan, bai baitzekien legealdiaren bigarren erdian gauzak errotik alda daitezkeela. Hala ere, azpimarratu zuen orain arte egindakoa ez dela «nahikoa», eta «erritmoari eusteko» eskatu zien sailburuei.
Bide orria finkatuta daukate, eta lehentasunak ezarrita, lehendakariak ekainean Ajuriaeneko ekitaldian adierazi zuenez. Etxebizitza da horietako bat, gizartearen kezka nagusia baita. Jaurlaritzak iragarri zuen 2.000 milioi euroko funts publiko-pribatu bat sortuko duela, 10.000 etxe babestu eraikitzeko. Udazkenerako espero da gobernu kontseiluak oniritzia ematea plan horri.
Etxeetarako funtsa, Osakidetzako lan gatazka, ekonomia eta euskara izango dira urte politiko honetan Jaurlaritzak izango dituen erronkak. Lege berriak ere onartu nahi ditu, hala nola unibertsitatearena eta justizia errestauratiboarena.Â
Heldu beharreko erronka izango da osasun alorra ere. Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Medikuen Sindikatuak lan baldintzak hobetzeko egindako akordioak haserrea eragin baitzuen gainerako langileen artean, eta aurreratu zuten udazken beroa izango dela; mobilizazioak eta lanuzteak espero dira. Ikusteko dago horrek zer eragin izango duen itxaron-zerrendak murrizteko gobernuak bere buruari jarritako erronkari dagokionez.
Ekonomia izango da urte politikoko beste gai nagusietako bat. Besteak beste, Tubos Reunidosen geroak, foru aldundien zerga neurri berriek eta lehen sektorearen estualdiak baldintzatuko dute Jaurlaritzaren jarduna. Segurtasuna ere hizpide nagusietako bat izango da, bozak gerturatu ahala. Urte amaitu aurretik aurkeztuko du Segurtasun Publikoko 2030erako Legea ere.
Euskarak ere ekarriko du soka. EAJk eta EH Bilduk akordioa egin zuten Enplegu Publikoaren Legea hizkuntza eskakizunen arloan erreformatzeko, eta orain gobernuari dagokio lege hori garatuko duen dekretua garatzea. Horrez gain, Jauzia Gara ekimena ere garatuko du euskararen geroa irudikatzeko; 2027an dira euskararen inguruko biltzar handi bat egitekoak.
Azkenik, lege berriak onartzeko nahia ere azaldu zuen lehendakariak. Horien artean daude, besteak beste, unibertsitatearena, kultur sistemarena, administrazioa arintzekoa, turismoarena, justizia errestauratiboarena, diasporarena eta parte hartze instituzionalarena.