Ez dute akordiorik egin transferentzien negoziazioan, eta Sanchez eta Pradales ez dira bilduko udan

Espainiako eta Jaurlaritzako gobernuburuek bertan behera utzi dute uztailerako zuten hitzordua, aldeak «urrun» baitaude Gizarte Segurantzaren eta portuen transferentziaren negoziazioan, Ubarretxena Jaurlaritzako eledunak azaldu duenez.

Pradales eta Sanchez, bien arteko azken bileran, Moncloan, iazko uztailean. J.J. GUILLEN / EFE
Imanol Pradales eta Pedro Sanchez, bien arteko azken bileran, Moncloan, iazko uztailean. J.J. GUILLEN / EFE
xabier martin
2026ko uztailaren 23a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uda honetan Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek ez dute bilerarik egingo aldebiko batzordean. Hain zuzen, BERRIAk Pradalesi egin zion elkarrizketan, Pradalesek abisua egin zion Sanchezen gobernuari, bilera hori ez zela egingo mamirik ez bazegoen. Bada, ez dago horretarako baldintza egokirik, alde biek erabaki dutenez. Maria Ubarretxena Jaurlaritzako eledunak Madrilen bertan eman du erabakiaren berri: gobernu bien ordezkari nagusiek uda ostean egingo dute goi mailako bilera hori, betiere beste agertoki bat baldin badago ordurako. Hau da, baldin eta Gizarte Segurantzaren eta portuen transferentziaren negoziazioan aurrera egin bada eta eskuduntza horiek Euskal Herrira ekartzeko moduan badaude.

«Lehendakariak berak urtarrilean Moncloan esan zuen Euskadik estatutua osorik betetzeko lanean jarraituko duela. Honaino ekarri gaituen maxima bera aplikatuz egingo dugu hori: printzipioetan irmoak eta ekintzetan pragmatikoak izatea», esan du Ubarretxenak. Beraz, uda ostean ere aldebiko batzordea egin ahal izateko, baldintza jakin batzuk bete beharko dira. Zein diren? «Akordio zehatzak eta sakonekoak ixteko behar adina eduki politikoa izatea. Hori da bi gobernuen arteko aldebiko harremanaren oinarria». Jaurlaritzako eledunak azaldu duenez, Pradales eta Sanchez bat datoz aldeak urrun daudela, eta biek esan dute «negoziatzen jarraitu» behar dela Gizarte Segurantzaren arloan eta portuenean. 

Uztailaren 17an, Espainiako Gobernuak azken proposamenak igorri zizkion Eusko Jaurlaritzako negoziazio taldeari Gizarte Segurantzaren eta interes orokorreko portuen transferentzien inguruan, baina agiri horiek ez dira izan Pradales buru duen gobernuaren gustukoak. Egun batzuk lehenago Jaurlaritzako lehendakariak berak ohartarazi zuen ez zela Sanchezekin Madrilen egitekoa den bilerara joango, ez badago aurretik «benetako eduki politikoa» duen akordiorik. Hala, Espainiako eta Eusko Jaurlaritzako gobernuburuen arteko aldebiko batzordea bertan behera gelditu da, nahiz eta gobernu biak erlojuaren aurka aritu diren batzar horrek aurrera egin dezan. Ubarretxena Madrilera joan izanak islatzen du azken ordura arteko ahalegin hori.

Mahai gainean eduki hauek daude: Fogasaren ingurukoa, Pasaiako Portuarena eta Gizarte Segurantzari lotutako eskumen batzuena. Azken eskuduntza horri lotutako edukien sorta baten transferentziari lokarria kendu, eta azkenean gauzatu zuten gobernu biek orain urtebete. Orain, mutualitateei buruz ari dira, familien prestazio kontributiboei buruz eta aldi baterako desgaitasunei buruz.

Beraz, bi gobernuek lanean jarraituko dute, aldebiko bilerarako hurrengo deialdiak «eduki politikoko agenda» izan dezan eta «akordio berriak» gauzatu daitezen. Jaurlaritzak berretsi egin du Gernikako Estatutua «osorik betetzeko borondatea eta konpromisoa» duela, eta «elkarrizketarako jarrera eraikitzaile batekin» lortu nahi duela xede hori, «Euskadiren interesei eta ongizateari erantzungo dion aldebiko agenda garatuz». Aurtengo ekainekoak izan dira Jaurlaritzak jaso dituen azken transferentziak, nekazaritza alorreko aseguruekin eta trafikoarekin lotutakoak.

Haserrea bai, haustura ez

Esan beharrik ez dago: EAJren eta PSOEren arteko tentsioa gora doa. Alderdi bi horiek 2023an egindako akordioan jasotzen da Gernikako Estatutua osorik beteko zela 2025. urtea amaitu aurretik. Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzeko akordioa izan zen hura, baina aurreko legegintzaldian ere, Espainiako sozialistek ez zuten bete jeltzaleekin egindako antzeko itun bat, eta bigarrenez urratzen ari dira Gernikako Estatutuaren eskuduntza guztiak Euskal Herrira ekartzeko akordioa.

Azken hilabeteetan, EAJko EBBko presidente Aitor Esteban gogor aritu da Sanchezen gobernuaren aurka. Adibidez, esana du EAJ ez dela «besoak gurutzatuta» geratuko transferentzien auzia konpontzen ez bada. Legealdia amaitutzat emateko ere eskatu dio Sanchezi, PSOEren barruan azaleratu diren ustelkeria auzien harira; Espainiako gobernuburuak hauteskundeetara lehenbailehen deitu dezala nahi du EAJk, baina orain arte ez du eragin Sanchezen gobernua amaitzea, kasurako, PPren eta Voxen zentsura mozio bati bide emanez.

Torres bera eta Maria Ubarretxena Jaurlaritzako eleduna elkarlanean ari dira egunotan, Madrilgo gobernuari transferentzien inguruko beste proposamen bat aurkezteko.

Gaur bertan, Jaurlaritzako lehendakariorde Mikel Torresek onartu du negoziazioa «oso konplexua» izaten ari dela. Dena den, Gasteizko gobernuaren alde sozialistaren agintariak ziurtatu du «borondate politikoa» badela Madrilen. Esplikatu du legealdia «zaila» izaten ari dela Sanchezen gobernuarentzat, ez doala «espero zen bidetik», eta horrek ere baduela «eragina transferentzien negoziazioan».

Torres bera eta Maria Ubarretxena Jaurlaritzako eleduna elkarlanean aritu dira egunotan, Madrili transferentzien inguruko beste proposamen bat aurkezteko. Baina bistan da: ahalegin horrek ez du fruiturik eman, eta lanean jarraitu beharko dute udazkenari begira.

Orain, helburua da Sanchezen eta Pradalesen arteko bilerari bide ematea ordurako, eta gobernu bien arteko haustura baten isla galaraztea, baina xede horrek konpromiso argien oinarria behar du aurrena. EAJ ez baitago beteko ez diren promes gehiago onartzeko prest, Espainiako Gobernuak birritan urratu ondoren eurekin sinatutako transferentzien akordioa. Pradalesek berak aurtengo urtarrilean azaldu zuen zenbatekoa den jeltzaleen haserrea Espainiako Gobernuarekin, ikusi ondoren Sanchezen gobernuak ez zuela garaiz beteko alderdi bien arteko akordioa. «Gernikako Estatutua ez da alda daitekeen txanpon bat, ezta bizirik irauteko baliabide bat ere», esan zuen lehendakariak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA