Hurrengo PISArako nola «entrenatu» aztertzen ari dira hezkuntza eragileak

Azken proban ikasleek izan zituzten emaitza «kaskarrekin» arduratuta, gaiaz jarduteko bilkura sorta bat abiarazi du EH Bilduk arloko eragileekin, Eusko Legebiltzarrean. Gaur zenbait hitzaldi izan dira, eta bihar ere jarraituko dute.

Eusko Ikastola Batzako Aitor Pagaldai eta Idoia Iruretagoiena izan dira hitza hartzen lehenak. RAUL BOGAJO / FOKU
Eusko Ikastola Batzako Aitor Pagaldai eta Idoia Iruretagoiena izan dira hitza hartzen lehenak. RAUL BOGAJO / FOKU
arantxa iraola
2026ko urriaren 26a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zaplazteko batekin hasi genuen ikasturtea». EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek, gaur goizean, halaxe deskribatu du irailean plazara atera zen albistea Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean: izan ere, eskolak hasi berritan, irailaren 8an, argitara atera ziren PISA azterketaren azken emaitzak, eta «kaskarrak» izan ziren Hego Euskal Herrian. Beherako joera bazetorren lehendik ere, eta, gaiak «gogoeta kohesionatua» eskatzen duela iritzita, Eusko Legebiltzarrera eraman du EH Bilduk: bilkura sorta bat abiatu du zenbait hezkuntza eragilek beren gogoetak aurkez ditzaten. Gaur hasi da, eta bihar jarraituko du. Gehienek esan dute ikasleak «entrenatu» egin daitezkeela PISAn emaitza hobeak lortzeko, egin daitezkeela hor aurrerabideak, baina hori egitearekin bakarrik ez dela aski izango: ariketa egin behar da, hezkuntza sistemara —eta gizarte osora, oro har—  begira.

Gaur, hauek mintzatu dira: Eusko Ikastola Batzako Aitor Pagaldai eta Idoia Iruretagoiena, Heize Euskal Eskola Publikoaren zuzendaritza elkarteen federazioko Iñigo Salaberria eta Jaione Bikuña, elizbarrutiko ikastetxeetako Nerea Bilbao eta Merkat Bernaola, Euskadiko Eskola Kontseiluko Maite Alonso, eta Kristau Eskolako Juan Carlos Olaeta. Lehenek, hain zuzen, EH Bilduk horretarako proposamena eginda hitz egin dute; Kristau Eskolako agerraldia, berriz, jeltzaleek eta PSE-EEk eskatutakoa izan da. Eske hori «akats tekniko baten» ondorioz ez zutela egin aitortu du Arresek, eta barkamena eskatu du, aitortu baitu garrantzitsua dela eragile guztien hitza entzutea. PISA «argazki» bat dela esan dute solaskide guztiek, ez duela erakusten hezkuntza sisteman benetan gertatzen ari den guztia, baina bat datoz: «kanpo ebaluazioa» aintzat hartu beharreko aldagaia da. 

Ikasketa prozesuan eragin handia dutela iritzita, ikasleak euskaraz trebatzeko dituzten zailtasunak, esaterako, hizpide izan dituzte gaur denek, hor erronka zailak sortzen baitira. «Ikasle bakoitzaren hizkuntza ibilbidea kontuan hartu behar dugu», esan du Iruretagoienak: ikasle heldu berriei begira, bereziki, lanketa «intentsiboak» behar dituzte. Eta izan dira hor ekarpen zehatzak. Esaterako, Euskadiko Eskola Kontseiluan atzerrira begira egin izan dituzten hausnarketak ekarri ditu gogora Alonsok, bai baitakite badirela «harrera etxeak» ikasle heldu berrien ikastaro trinkoetarako; Australian eta Kanadan, adibidez, halakoak badira.

Hezkuntza Sailak martxan jarri dituen programa batzuk bide egokian ari direla gogoratu du Alonsok, eta, bereziki, Eusle programa goraipatu du. «Eusleren esperientzia oso ondo baloratzen dugu; errazten ari da umeei euskara irakasteko modua. Horrek jarraitu egin behar du. Baina ez litzateke beste eragile batzuekin beste zerbait ere egin behar? Egoerak sortu beharko lirateke eskola batean matrikulatuta egonda ere beste zentro batean euskara oinarrizko mailan lantzen aritzeko», proposatu du. 

«Egoerak sortu beharko lirateke eskola batean matrikulatuta egonda ere beste zentro batean euskara oinarrizko mailan lantzen aritzeko»

 MAITE ALONSO Euskadiko Eskola Kontseiluko lehendakaria

Nola hobetu irakurketa

Ikasleek zientzietan, matematikan eta irakurketan duten gaitasunari erreparatzeko egiten da PISA, eta Hego Euskal Herriko ikasleek, oro har, behera egin dute hiru esparruetan. Egon dira beherakada oso-oso agerikoak: adibidez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek 419 puntu lortu dituzte irakurketan, eta 2022an 466 izan ziren. Irakurmena hobetzeko neurriak hartzen hasia da Eusko Jaurlaritza, eta horien garrantzia denek nabarmendu dute, baina hor bestelako tresnak ere findu beharra ikusten dute. «Irakurtzeko zailtasunak azkarrago atzematea lortu behar dugu», zehaztu du, adibidez, Iruretagoienak. Eta bakarrik ezin dute: familiaren garrantzia, esaterako, ezinbestekoa da: «Familiek askotariko egoerak dituzte. Erantzukizuna eskatzearekin batera, laguntza eskaini behar diegu». 

«Pantailen erabilera: berehala agertu da gaia hedabideetan. Gauzak ez dira hain sinpleak»
JUAN CARLOS OLAETA

Kristau Eskolako zuzendari nagusia

PISAren emaitzen harira, ikasgeletako lan martxaren digitalizazioaren gaineko kezkak ere ozendu dira. Usuegitan «burutaziokeriak» zabaldu direla deitoratu du Olaetak. «Pantailen erabilera: berehala agertu da gaia hedabideetan. Gauzak ez dira hain sinpleak», ohartarazi du. Izan ere, lerroburu askotan digitalizazioaren eta emaitza txarren arteko lotura egin da, baina azaldu du emaitza onenetarikoak lortu dituztenen artean badaudela, adibidez, digitalizazio oso handia duten herrialdeak; Estonia eta Singapur, adibidez. Baina bai: igartzen dute egunerokoan pantailen eragina. «Gure gazteen bizitza pantailaz josita dago, eta, berehalakotasun horren ondorioz, gure irakurketa momentuak gero eta laburragoak dira, eta sakontasun txikiagokoak», azaldu du Bilbaok. Horrek ondorioak ditu ikasleek lan luze eta sakonak egiteko orduan, eta zehaztu du, adibidez, PISA bera bi ordu inguruko proba bat dela. 

«Ratioak elementu garrantzitsuak dira, ordutegiak-eta ere bai. Baina garrantzitsua da zer egiteko hartzen diren erabakiak»
IÑIGO SALABERRIA

Heize-ko lehendakaria

Esan dute, era berean, baliabide gehiago izatea ez dela emaitza hobeekin lotzen beti. «Ratioak elementu garrantzitsuak dira, ordutegiak-eta ere bai», azaldu du Salaberrik. «Baina garrantzitsua da zer egiteko hartzen diren erabakiak», zehaztu du. Aitortu du, hala ere, gero eta handiagoa dela premia: «Tresnak eduki behar ditugu errezeta espezifikoak egiteko; zeren eta gaur egun, gure ikastetxeetan, hainbat menu ezberdin prestatzen ditugu». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA