Iruñeko erailketa matxista salatzeko mobilizatzera deitu dute

Atzo 37 urteko emakume bat hil zen Iruñean, etxe bateko hirugarren solairutik erorita. Gizon bat atxilotu dute, emakumearengandik urruntzeko agindua urratzeagatik. Mobilizazioak deitu dituzte Itaiak eta mugimendu feministak.

Hilketa matxista baten harira Itaiak egindako mobilizazioetako bat, artxiboko irudi batean. ITAIA
Hilketa matxista baten harira Itaiak egindako mobilizazioetako bat, artxiboko irudi batean. ITAIA
Isabel Jaurena.
2026ko apirilaren 13a
09:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo goizaldean 37 urteko emakume bat hil zen Iruñeko Sandulezai auzoan, etxe bateko hirugarren solairutik erorita. Iruñeko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu du, emakume horrengandik ezarritako urruntze agindua urratzeagatik; zer gertatu den ikertzen ari dira. Hain zuzen, gertatutakoa argitu artean, «zuhurtzia» eskatu du Iruñeko Udalak. Horrekin batera, babesa helarazi diete hildakoaren familiari eta lagunei. Euskal Herriko mugimendu feministak eta Itaia emakumeen antolakunde sozialistak, berriz, hilketa matxista salatu dute, eta mobilizatzeko deia egin.

Hain zuzen, Itaiak gaur eginen ditu elkarretaratzeak Hego Euskal Herriko hiriburuetan: 19:30ean Iruñean, 18:30ean Donostian eta Gasteizen, eta 19:00etan Bilbon. Baionan, berriz, etzi eginen dute mobilizazioa: 18:30ean. Mugimendu Feministak, berriz, bihar eginen ditu mobilizazioak: 19:00etan Bilboko Arriaga plazan eta Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan eta 20:00etan Iruñeko Sanduzelai auzoan eta Donostiako Bulebarrean.

Itaiak gogoratu du azken hamar egunetan bi emakume hil dituztela, eta hilketa saiakera bat ere egon dela. Hain zuzen, hilaren 3an gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Basaurin (Bizkaia), emakume bat hiltzea egotzita; biharamunean aske utzi zuen Bilboko Guardiako Epaitegiak. Atzo, baina, gizona espetxeratu egin zuten, indarkeriaz egindako lapurreta bat egotzita. Joan den astelehenean, berriz, Ertzaintzak 48 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Berrizen (Bizkaia), labana batekin bikotekidea hiltzen saiatzeagatik. Emakumea larri eraman zuten Gurutzetako ospitalera.

Egoera ikusita, «matxismoaren aurkako borrokara» batzeko eta erailketaren kontra kalera ateratzeko dei egin du Itaia antolakundeak: «Eraso orori aurre egin, eraso egin dieten emakumeek beren bizimoduan jarraitzeko kalitatezko bizi baldintzen alde egin, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatu, gero eta jende gehiago indarkeria matxistaren aurka posizionatu dadin». Are, matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei aurre egin beharra azpimarratu dute, diskurtso horiek direlako, Itaiaren erranetan, «indarkeria matxista normalizatzeko testuingurua» sortzen dutenak, eta, hala, «emakumeen aurka egiteko erasotzaileen inpunitatea areagotzen» dutenak. 

136 emakume

Iruñekoa zenbatuta, 2003az geroztik 136 andre eta hamahiru haur hil dituzte gizonek. Haietatik lau aurten: otsailean Tatiana Rodriguez hil zuen haren bikotekideak, Sarrigurenen (Nafarroa); 28 urte zituen, eta lau seme-alaba. Bikotea banatzeko prozesuan zen, eta, eztabaida batean, gizonak labanaz eraso zion Rodriguezi; erasotzaileak bere ama ere zauritu zuen, hura erraina babesteko ahaleginean ari zela.

Martxoaren 21ean, berriz, Irungo (Gipuzkoa) emakume bat hil zuen bikotekideak Espainian, Zaragozan zehazki; han bizi zen aspalditik. Gizona andrearen lantokira joan zen, eta kalean tiro egin zion; gero, erasotzaileak bere buruaz bertze egin zuen. Emakumeak 49 urte zituen, eta bi ume, horietako bat adingabea.

Iaz, berriz, zazpi emakume eta adingabe bat hil zituen indarkeria matxistak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA