Gaur hasi da Sestaoko (Bizkaia) nazioarteko xake txapelketa, baina dagoeneko badu irabazlea: Palestina. Antolatzaileek egindako ahaleginei esker, sariketa hartan lehiatzeari uko egin diote azkenean bertan izatekoak ziren Israelgo zazpi jokalariek. Hala ere, gaurko deitutako manifestazioari eustea erabaki du Sestao-Palestina taldeak, uste baitu beharrezkoa dela kalean jarraitzea, «genozidioa salatzeko eta gobernuak behartzeko beste alde batera ez begiratzera». Horiek horrela, Israeli boikot egiten jarraitzeko eskatu dute gaur dozenaka herritarrek Bilbo ezkerraldeko udalerri hartan.
Sestao-Palestina taldeak protestara deitua zuen gaur eguerdirako, Xakea bai, genozidiorik ez lelopean. Gazan jasaten ari diren muturreko egoera salatzeaz gain, elkarretaratzearen xedea izan da ohartaraztea Israelgo Gobernuak kirola eta kultura erabiltzen dituela genozidioa zuritzeko.
Horrenbestez, eguerdiko ordu batean abiatu dira dozenaka herritar Sestaoko Kasko plazatik, Palestinako bandera bat eta ikurrin handi bat aurrean zituztela, eta ia hiru ordu laurden behar izan dituzte bertara itzultzeko. Tartean, aldarrikapenak eta eskeak izan dira. Bat guztien gainetik: «Boikota Israeli, Palestina askatu!». Beste batzuk ere bai: «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile». Eta: «Ez da gerra bat, genozidioa da».
«Herrikideek erakutsitako indarrari eta gure herriko xake klubaren ahaleginari esker lortu dugu. Sestaok ez du estatu genozidaren ordezkaririk nahi bere kaleetan»
Sestao-Palestina taldea
Bereziki esanguratsua izan da martxak Jose Antonio Agirre kalean egin duen geldialdia. Carrefour supermerkatu kateak denda bat dauka han, eta manifestariek salatu dute enpresa horrek kontratu bat egina duela Israelgo armadarekin. «Carrefourrek dirua egiten du Gazako herritarren odolarekin!», aurpegiratu diote Frantziako enpresa horri, eta hari ere boikot egitera deitu dute. Kasko plazara itzulita, Sestao-Palestina taldeko ordezkariek hitza hartu dute. Bertan zain zituzten Ertzaintzaren istiluen kontrako bi furgoneta eta beste horrenbeste patruila auto. Hala ere, ez da inolako istilurik egon ibilbidean zehar —udaltzainek gidatuta joan dira—, ezta manifestazioaren bukaeran ere.
Protestaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, gero eta handiagoak dira herritarrak Palestinari ematen ari zaizkion herri babesa eta Israel Gazan egiten ari den genozidioaren gaitzespena. Hain zuzen, testuinguru horretan kokatu dute irailaren 3an Espainiako Vueltako etapan gertatutakoa: Israel Premier Tech taldearen aurkako mobilizazioen ondorioz, etapa helmuga baino hiru kilometro lehenago amaitutzat ematea erabaki zuten txirrindulari lasterketaren antolatzaileek. Sestao-Palestinak «inflexio puntu mediatikotzat» jo du Bilbon gertatutakoa.
Horrekin lotuta, Sestao-Palestinak gaurko mobilizazioaren amaieran jakinarazi die manifestariei Oscar Guerrero Zelaia Israel Premier Tech taldeko kirol zuzendari nafarrak etxerako bidea hartu zuela atzo, eta haiek txaloka hartu dute albistea.

Hala ere, sestaoarrek ez dute gutxietsi nahi izan Bilbo ezkerraldeko udalerri hartan erdietsitakoa: «Xake torneoan Israelek parte hartzea eragoztea zen gure asmoa, eta Sestaoko herrikideek erakutsitako indarrari eta gure herriko xake klubaren ahaleginari esker lortu dugu». Izan ere, argi dute: «Sestaok ez du estatu genozidaren ordezkaririk nahi bere kaleetan».
Xake taldeko antolatzaileek eskatu zieten izena emana zuten jokalari israeldarrei txapelketan ez parte hartzeko, Israel Gazan egiten ari den «giza eskubideen urraketa sistematikoa» gaitzesteko keinu gisara. Edo parte hartzea erabakitzen bazuten Nazioarteko Xake Federazioaren banderarekin jokatzeko eskatu zien. Jokalariek, baina, uko egin zioten proposamenari. Hala ere, asteazkenean hiru jokalarik adierazi zuten ez zutela txapelketan parte hartuko, eta izena emana zuten beste lau batu zitzaizkien hurrengo egunetan.
Hori dela eta, Israel txapelketatik ateratzeko ahalegina eskertu diote gaur Sestaoko xake taldeari.
Eragina
Sestao-Palestinak jakin badaki «lorpen txiki bat» dela, genozidioak aurrera segitzen baitu. Dena dela, argi utzi dute beharrezkoa dela mobilizatzen jarraitzea, eraginkorrak izaten ari direlako, eta zera aldarrikatu dute: «Gobernuek egiten ez dutena herriak egin dezala!».
Bestalde, kirolean ez ezik beste esparru batzuetan ere izaten ari diren keinuak goraipatu dituzte gaur Sestaon: bozgorailutik jakinarazi dutenez, kultur arloan, Saioa Alkaiza idazle iruindarrak uko egin berri dio Igartza literatur sariari. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak (Gipuzkoa) eta CAF enpresak antolatzen dute, eta, hain zuzen, azken horrek genozidioan duen «inplikazioa» azpimarratu du idazleak.