Ekhi Erremundegi Beloki.

Konfrontazio garaia da

2026ko azaroaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Indar bat erakutsi du euskalgintzak Baionako karriketan. Milaka herritarrek adierazi dute euskararen hautua egiteko borondatea; eta hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezela eskatu dute. Eragile andanak babestu du mobilizazioa, eta joera politiko guzietako hautetsiak bildu dira. Argazkiaren indarra hor da. Orain arte inkestek erakusten zuten adostasun zabal hori karrikara eraman du Euskal Konfederazioak; orain, akordio politiko bilakatu nahi du, euskara biziberritzeko gutxieneko baldintzen inguruan. Bide baten hasiera da. Euskal Herrian eta Parisen lorpen zehatzak ekartzea helburu duen bidea. Baina, gaur-gaurkoz, elementu batzuk eskas izan daitezke bururaino iristeko.

Euskara biziberritzeko plan integralaren eskaerak Euskal Herrira begiratzen du, eta zehazki EEP Euskararen Erakunde Publikora. Iazko abenduan bere egin zuen 2050erako hiztun kopurua %30era heltzeko erronka. EEPk berak egindako prospektiba lanaren arabera, 40.000 euskaldun gehiago beharko lirateke helburu hori gauzagarri egiteko. Hala, helduak euskaldunduz hamar aldiz euskaldun gehiago sortu beharko lirateke. Egun, 20 eta 49 urte arteko 150 herritar euskalduntzen dira batez beste Ipar Euskal Herrian urtero; 2046-2050 epealdirako, urtero 1.352 euskaldun berri lortu beharko lirateke.

Hezkuntza arautuari dagokionez, hiztun kopurua %30era iristeko hipotesia betetzekotan, ama eskolan euskarazko irakaskuntza hasten dutenek %70 izan beharko lukete 2037an —%49 ingurukoa zen datua iaz—. Jarraipen tasak %80ra heldu beharko luke 2050eko perspektiban. Gaur egun, Ipar Euskal Herriko ikasleen %67k ez dute inolako harremanik euskararekin —ikasturte honetako datuak ez dira oraindik iritsi—; kolegioan eta lizeoan biziki apala da euskaraz ikasten dutenen proportzioa. 

Ikastolak eta haurtzaindegi euskaldunak garatzeaz gain, sare publikoan eta pribatu giristinoan euskarazko irakaskuntzaren eskaintza orokortu behar da; eta sail elebiduna egituratu, ama eskolatik lizeorainoko ibilbidea zehazteko. Era berean, euskal hiztunak masiboki sortzeko ezinbestekoa da murgiltze eredua orokortzea, sare publiko eta pribatuan ere ama eskolatik lizeora euskara hutsean egiteko aukera izan dadin. 

Helduen euskalduntzean dirua inbertitu behar da, AEKri behar dituen baliabideak emateko. Baina azken bi urteetan euskalgintzak ez du lortu EEPren aitzinkontuaren eztabaidan bere aldera eragitea. Hezkuntza arautuari dagokionez, oinarriak jarri zituzten Molac legeak eta haren ondotik Frantziako Gobernuak zabaldu zuen zirkularrak. Orain, Paueko akademia ikuskaritzak eta Bordeleko errektoretzak dute eskua.  

Parisen legeak

Eta badira Parisi begira egiten diren eskaerak. Euskararen koofizialtasuna jarri du ardatz euskalgintzak, euskarak frantsesaren heineko izaera ofiziala izan dezan Ipar Euskal Herrian. Horrek Frantziako konstituzioa aldatzea eskatzen du, 2. artikuluak frantsesari ematen baitio nagusitasuna, eta ez baitu errepublikan beste hizkuntzarik onartzen.

Peio Dufau eta Paul Molac diputatuek egin dute konstituzioa aldatzeko lege proposamena; urtarrilean jarri nahi lukete eztabaidagai LIOT diputatu taldearen txoko parlamentarioan. Bururaino iristeko, Frantziako Asanbleak eta Senatuak ontzat eman beharko lukete, eta ondoren erreferendumera deitu beharko lukete berresteko. Beste bidea Frantziako Gobernuak konstituzio aldaketa bere egitea litzateke, lege proiektu bilakatuz. Kasu horretan, kongresua bilduko lukete: diputatuen eta senatarien hiru bostenek berretsi beharko lukete konstituzio aldaketa. Bere horretan, ezin erran helburua lortzen erraza izanen denik; kontuan hartuta udaberrian izanen diren Frantziako presidentetzarako hauteskundeen ondotik asanblea desegiteko arrisku handia dagoela, legealdi honetan halakorik lortzea ezinezkoa da.

Eta hizkuntzaren gaia hertsiki lotua da instituzio eskaerarekin, zeren, Ipar Euskal Herriak zenbat eta eskumen gehiago izan, botere handiagoa izanen baitu hainbat arlotan eragiteko. Urtarrilean beteko ditu hamar urte Euskal Hirigune Elkargoak, eta Batera plataformak proposamena egina du estatus bereziko lurralde elkargo batera pasatzeko. Frantziako konstituzioaren 72. artikuluak jasotzen du aukera hori; baina hor ere Frantziako Asanbleak eta Senatuak onartutako lege bat behar da. Lege aldaketak egiteko, Parisek du eskua.

Indar berri bat

Euskal Konfederazioak eta Batera-k badute gaitasuna askotariko herritar, eragile eta hautetsiak batu eta adostasun zabalak irudikatzeko gutxieneko batzuen inguruan. Ezinbesteko lana da, eta horretan ari dira. Baina nekez sinets daiteke Ipar Euskal Herrian adostasuna lortzea aski izanen denik Paris mugiarazteko. EEP bera ez du mugitu hizkuntza politikaren inguruko adostasunak; ez dute presiorik sentitzen. 

Adostasunaz gain, ezinbestekoa izanen da konfrontazio estrategia bat, desobedientzian oinarritua. Euskal Herria arazo bilakatu behar da Frantziarentzat, arazoari konponbidea emateko beharra sentitu dezan. Eta gaur egun, ez da. Paris mugiarazi nahi duenak indar harremana landu beharko du, gatazka elikatu. 

Euskal Konfederazioa eta Batera ez dira tresna egokiak hori bultzatzeko. Mugimendu abertzalean, EH Bai instituzioetara bideratua da, eta interes elektoralek gehiegi baldintzatzen dute. Beste indar bat egituratu behar da herri mugimendutik, modu antolatuan eta kolektiboki; eta horrek gogoeta bat eskatzen du. Ea nork heltzen dion.

Euskal Konfederazioak eta Batera-k adostasun zabalak lortu eta masa mobilizazioak antola ditzatela; EH Baik bultza dezala instituzioetatik —orain arte izan duen baino diskurtso eta jarrera sendoagoarekin, aukeran—; eta artikulatu dadila ildo desobediente bat hizkuntza eskubideen alde. Hiruren arteko osagarritasuna eta oreka izanen da giltza Frantziako Estaturekin indar harremana ezartzeko. Konfrontazio garaia da. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA