Maria Txibitek Belateko gainkostuei buruzko azalpenak emango ditu etzi

Oscar Txibite kontseilaria iragan astean bildu zen EH Bildurekin, eta gaur arratsaldean PSN Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin elkartuko da. Bazkideek sozialistei galdegin diete bila dezaten «berme juridikoak izango dituen konponbide bat».

Parlamentuko Mahaia eta Eledunen Batzordea, gaur goizean. VILLAR LOPEZ / EFE
Parlamentuko Mahaia eta Eledunen Batzordea, gaur goizean. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
Iruñea
2026ko irailaren 14a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Belateko tunelen lanak geldituta daude, labirinto juridiko batean murgilduta. 8,3 milioi euroko gainkostuak ordaintzeko Nafarroako Gobernuak aurkeztutako azken formula bertan behera utzi zuten zerbitzu juridikoek iragan astean. EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak «berme juridikoak izango dituen konponbide bat» bilatzeko eskatu diote Lurralde Kohesioko Departamentuari. Etzi arratsaldean Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak egoerari buruzko argibideak emango ditu parlamentuan.

Txibitek lehenbailehen agerraldia egitea eskatu du UPNk Foru Araubideko batzordean, eta gaur goizean eskaera hori onartu du Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak. UPNko Javier Esparzak azpimarratu du Txibite ez dela bere borondatez joango parlamentura, «UPNk behartuta baizik». «Ez du beste erremediorik», gaineratu du, asteleheneroko bilera amaituta, kazetarien aurrean.

Auzia, korapilatuta

Itzulinguru ugari eman ditu aferak, eta gaur egun erabat korapilatuta dago. 2024ko udaberrian hasi ziren Belateko tunelen lanak, eta hasi eta gutxira gainkostuen espedientea ireki behar izan zuen gobernuak. Lehiaketa prozesuan proposatutako aurrekontuaren aldean, 8,3 milioi euro gehiago gastatzeko beharra azaldu zuten Acciona eta Oses eraikuntza enpresek: haien arabera, lizitazioan aurreikusi gabeko ustekabe teknikoen ondorioz, zulatzeko metodoak eta euste egitura sendoagoak erabili behar izan dituzte, eta, ondorioz, kostuek gora egin dute.

Iazko azaroan Nafarroako Gobernuko Kontu Hartzaile Nagusiak ondorioztatu zuen gainkostu horietatik 6,2 milioi euro inguru justifikatu gabe zeudela, eta proposatutako aldaketak lehiaketan bertan proposatu behar zituztela. Lehiaketa prozesuaren gaineko susmoen ondorioz, txosten hark asaldura handia eragin zuen, eta PSNrekin gobernuan diren bi bazkideek eta EH Bilduk erantzukizun politikoak hartzeko eskatu zioten Lurralde Kohesioko Departamentuari —PSNren ardurapean dago—. Azkenik, gobernuak Pedro Lopez Herri Lanen zuzendaria kargugabetu zuen.

Azken hilabeteetan, Oscar Txibite kontseilariak gainkostuen inguruko espedientea berregiten ari zirela azaldu du publikoki, lanen konplexutasun teknikoa eta egindako lanen ordainketaren berme juridikoak uztartu asmoz. Alta, gobernuak ez du ezer aldatu. Abuztu hasieran Javier Remirez gobernuko lehen presidenteordeak baimena eskatu zuen jakiteko ea gainkostuak aberaste bidegabe izeneko formula bidez ordain daitezkeen.

Aberaste bidegabea

Figura hori arlo zibilean eta administratiboan erabil daiteke. Salbuespen neurri horren bidez, administrazioak kontratista bati kontratutik kanpoko gastuak ordain diezazkioke kontratu publikoko legea baztertuta. Kontraturik ez zen edo kontratua bera baliogabetzeko arriskuan den kasuetan erabil daiteke: kasu horietan, administrazioa aberastu egiten da, eta kontratistak galerak izaten dituela; figura horrek hori orekatzeko modua ematen du. Espainiako Auzitegi Gorenak horri buruzko jurisprudentzia ezarria du, baita erabileraren inguruko baldintzak ere.

Alta, Nafarroako Gobernuko zerbitzu juridikoek belarritik gogor tira egin diete Oscar Txibiteri eta bere departamentuari, eta ondorioztatu dute Belateko tuneletan ez dela baldintzarik betetzen, enpresek komeni zitzaien moduan jokatu dutelako. Zerbitzu juridikoek egiaztatu dute eraikuntza enpresek lehiaketan ezarritako baldintza teknikoak aldatzeko asmoa izan dutela hasieratik. Gogora ekarri dute obra baten arriskua bere gain hartzen duela kontratistak, eta erabakiak alda ditzakeela betiere ondorioak ere bere gain hartzen baditu. «Ezin daiteke aberaste bidegabearen formula erabili baldin eta desoreka kontratistaren erabakien eta borondate txarraren emaitza izan bada». 

Uztail amaiera

Gaur jakin da gobernuak «uztail amaieran» adierazi ziela bazkideei formula juridiko hori erabiltzeko asmoa zuela. Mikel Zabaleta EH Bilduko parlamentariak zehaztu duenez, koalizio abertzaleak bi mezu argi plazaratu dizkio etengabe PSNri gai horren inguruan: alde batetik, Belateko tunelak bikoiztea «estrategikoa» da; baina, bestetik, «ez da euro bakar bat ordaindu behar berme juridikorik ez badu». Iragan astean gobernuak zerbitzu juridikoen txostena helarazi zion EH Bilduri.

Geroa Baiko Pablo Azkonak onartu du aberaste bidegabearen formulak «zalantzak» piztu dizkiela, eta zerbitzu juridikoen txostenak zalantza horiek indartu dituela. Azkonaren arabera, beharrezkoa da PSNk eta Txibitek azalpenak ematea gertatutakoari eta txostenaren ondorioei buruz. «Gardentasun osoz jokatzeko eta konponbideak bilatzeko eskatzen dugu». Gaur arratsaldean bilduko dira Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako kideak PSNko ordezkariekin, egoera aztertzeko.

UPNko parlamentariak gaur Nafarroako Parlamentuan. VILLAR LOPEZ / EFE
UPNko parlamentariak, gaur, Nafarroako Parlamentuan. VILLAR LOPEZ / EFE

Auziak UPNren susmoak hauspotu ditu. Esparzaren irudiko, gainkostuek «enpresen hasierako estrategia baten ondorio dira, eta Nafarroako Gobernuak ez ditu asmo horiek gerarazi. Alderantziz, praktika horiekin bat egin du». Esparzaren arabera, gobernuak azaldu behar du ea enpresek euren kontura jardun duten. «Azaldu dezatela nork eman dien eskubide hori, funtzionarioek uste baitute gainkostuak ez daudela justifikatuta». 

PSNko Ainhoa Unzuk polemikaren tonua apaldu nahi izan du. Haren irudiko, gobernua lanean ari da gainkostuen ordainketa «berme tekniko, ekonomiko eta juridikoekin» egin dadin. «Nafarroako Gobernua eta enpresak eserita daude korapiloa nola askatu ikusteko». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA