Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek greba mugagabea egingo dute

EAEko SME eta Nafarroako SMN medikuen sindikatuek babestu egin dute greba deialdia. Ez dute zehaztu noiz hasiko duten, baina uste dute zaila izango dela irailean abiatzea.

Medikuen manifestazioa, otsailean, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TESPUENTES / FOKU
Medikuen manifestazioa, otsailean, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TESPUENTES / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 2a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen osasun zerbitzu publikoetako langileen esparru estatutuaren lege aurreproiektua. Medikuek gaur erantzun diote: greba mugagabea abiatuko dute. Noiztik aurrera? Ez dute zehaztu. Udaren aurretik iragarri zuten irailean hasiko zutela, baina iraila iritsi da eta medikuen sindikatuetako iturriek onartu dute oso zaila dela greba mugagabea irailean hastea.

Greba batzordeak bilera egin du gaur, eta bertan erabaki dute greba mugagabea egitea. Greba batzordea honako hauek osatzen dute: CESM Espainiako Medikuen Sindikatuen Konfederazioak, SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak, SMA Andaluziako Sendagileen Sindikatuak, MC Kataluniako Medikuek, O'mega Galiziako Fakultatibo Independenteen Sindikatuak eta Amyts Madrilgo Medikuen eta Goi Tituludunen Elkarteak. SMN Nafarroako Sindikatu Medikoa CESMen barruan dago. Sindikatu, konfederazio eta elkarte bakoitzak bilerak egin beharko ditu greba antolatzeko.

Esparru estatutu propioa

Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek, beraz, greba mugagabea hasiko dute. Baita Eusko Jaurlaritzak SMErekin medikuen lan baldintzak hobetzeko akordioa lortu bazuen ere. Izan ere, orain arte medikuek zenbait egunetako eta astebeteko grebak egin dituzte besteak beste esparru estatutu propio bat eskatzeko, gainerako osasun zerbitzuetako langileena ez bezalakoa, medikuen prestakuntzaren eta lanaren ezaugarriak eta berezitasunak aintzat hartuko dituena. Espainiako Osasun Ministerioari dagokio eskaera hori aintzat hartzea. Medikuek salatu izan dute esparru estatutuaren negoziazioa hasi zenetik ez dutela dagokien ordezkaritzarik eta indarrik izan negoziazio horretan.

Eusko Jaurlaritzak SMErekin lortutako akordioak Osakidetzako beste langile batzuen haserrea eragin zuen, eta medikuena ez da izango greba bakarra Osakidetzan. SATSE erizainen sindikatuak, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk asmoa dute udazkenean grebak eta mobilizazioak egiteko. Jaurlaritzak SMErekin lortutako akordioaren kontra daude, uste baitute langile guztien lan baldintzak hobetu behar direla eta beharrezkoa dela osasun sistema publikoaren egiturazko arazoak konpontzea.

Bide malkartsua

Medikuen Espainiako greba batzordeak atzo bertan ohartarazi zion Monica Garcia Espainiako Osasun ministroari ez dela esparru estatuturik izango medikuak aintzat hartu gabe. Haientzat «ulertezina» da halako gatazka bat izan eta gero Osasun ministroak udan ahaleginik ez egitea akordioren bat lortzeko: «Ez da ezer aldatu, ministerioak ez duelako ezer aldatu nahi izan».

Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen lege aurreproiektua, baina onartu eta indarrean jarri aurretik beharrezko babesa lortu behar du Espainiako Kongresuan eta Senatuan. Alderdi gehienek nekez onartuko dute medikuen haserrea eta grebak eragiten dituen testu bat, are gehiago jakinda medikuen mobilizazioek izaten dituzten ondorioak kudeatu behar dituztela gobernatzen duten autonomia erkidegoetan. EAJk Eusko Jaurlaritzan, esaterako. Gainera, 2027an hauteskundeak izango dira bai Espainian bai Madrilgo autonomia erkidegoan. Garcia ministroa Mas Madriden hautagaia izango da Madrilgo hauteskundeetan.

Oinarrizko baldintzak

Espainiako Osasun Ministerioak zenbait sindikaturekin hitzartu zuen osasun langile publikoen esparru estatutua, urtarrilaren amaieran: CCOO, UGT, SATSE —erizainak— eta CSIF —funtzionarioak—. Gaur egungo esparru estatutua 2003tik dago indarrean. Estatutu horrek zehazten ditu osasun sistema publikoetako langileen gutxieneko lan baldintzak. Medikuek, ordea, araudi propio bat eskatu dute, uste dutelako estatutu horrek ez dituela jasotzen medikuen prestakuntza luzea —hamar urtetik gorakoa—, lana eta ardura. Mobilizazioak eta grebak egiten ari dira: aste osoko grebak hilero, otsailetik ekainera. Esparru estatutuak zehazten ditu gutxieneko lan baldintzak, baina autonomia erkidegoek baldintza horietako batzuk hobetu ditzakete.

Salbuespena da Nafarroa: Osasunbideko profesional guztiak Nafarroako Gobernuaren funtzionarioak dira, eta hari dagokio medikuen lan baldintza gehienak arautzea, ez esparru estatutuari. Osasunbideko langileen lanaldien baldintzak soilik daude esparru estatutuaren mende.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA