Pradalesek aurrekontuak onartzeak dakarren «egonkortasuna» goretsi du, Madrilgo «zarata, tentsio eta kalapitaren» aurrean

Espainiako Gorteetarako bozei begira jarri da lehendakaria bera, azaroaren 29ko hauteskundeen aurreko azken kontrol saioan. Espainiako Gobernuaren etxebizitza dekretuak onartzeko eskatu dio EH Bilduk EAJri.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales kontroleko osoko bilkuran, gaur. EUSKO LEGEBILTZARRA
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales kontroleko osoko bilkuran, gaur. EUSKO LEGEBILTZARRA
aitor biain
2026ko azaroaren 6a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez gaitu izutzen negu hurbilak, ezta negu politikoak ere. Herri honek azaroaren 30ean ere aurrera egiten jarraituko du». Espainiako Gorteetarako bozen atarian, Imanol Pradalesek Euskal Autonomia Erkidegoaren «egonkortasuna» goretsi du, Madrilgo «zarataren, tentsioaren eta kalapitaren» aurrean. Eta azpimarratu du hauteskunde horietan emaitza edozein dela ere «Euskadi prest» egongo dela horri aurre egiteko, hirugarren urtez jarraian aurrekontuak izango baititu Eusko Legebiltzarrean jeltzaleek eta sozialistek duten gehiengoari esker.

Azaroaren 29ko hauteskundeen aurreko azken kontroleko bilkura egin dute Eusko Legebiltzarrean, eta ezinbestean deialdi horri begira jarri dira alde guztiak. Alderdi politikoak egoki zaizkien gaiak eta hizpideak agenda publikoan ezartzeko ahalegin betean diren honetan, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bera izan da bozei erreferentzia egin dien lehena. Bere alderdiak, EAJk, aurrekontuei buruz egindako galdera baliatu du horretarako.

Jaurlaritzak abenduaren 21ean onartu asmo du 2027ko aurrekontu proiektua, eta horretarako arazorik izango ez badu ere, astelehenetik aurrera oposizioko alderdiekin bilduko da ekarpenak bildu asmoz. Lehendakariak proposamenak egiteko eskatu die taldeei, nahiz eta aitortu duen hurrengo asteak «zailak» izango direla bozen kanpaina dela eta. «Jada ikusten ari gara: zarata, tentsioa, irainak, Adimen Artifizialarekin egindako muntaiak... ez dago eta ez du tarterik utziko soseguz eztabaidatzeko ere», kritikatu du.

«Ez gaitu izutzen negu hurbilak, ezta negu politikoak ere. Herri honek azaroaren 30ean ere aurrera egiten jarraituko du»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Edonola ere, ziurtatu du, gertatzen dena gertatuta ere, EAEk aurrekontu «sendoak» izango dituela, herritarren beharrei eta kezkei erantzungo dizkietenak. Eta gogorarazi du inguru hurbilean salbuespena dela, ez Belgikan, ez Frantzian, ezta Espainian ere ez dutelako kontuak onartzerik lortu —eta lortu badute «murrizketak» aplikatuz izan dela, Parisen kasuan bezala—. Hori dela eta, bere gobernuaren jarduna balioetsi du, egonkortasun politikoa, gobernu programa bat eta hori egikaritzeko aurrekontuak dituelako.

Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramailea, gaurko bilkuran. EUSKO LEGEBILTZARRA
Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramailea, gaurko bilkuran. EUSKO LEGEBILTZARRA

Etxebizitzaz berriro

Baina lehendakaria ez ezik, alderdi politikoak ere hasiak dira bozei begira egoki zaizkien gaiak agenda publikoan ezartzeko ahaleginean. Eta, hain justu ere, atzo Soziometroak argi erakutsi moduan, etxebizitza izango da izango da kanpainako hizpide nagusietako bat, herritarren kezka nagusiena denez gero. Hala izan da gaurko bilkuran ere, oposizioak gobernua estu hartzeko baliatu baitu gaia beste behin ere.

EH Bilduk Espainiako Gobernuak datorren ostegunean onartu asmo dituen etxebizitza dekretuei buruz itaundu du lehendakaria; bereziki bigarrenari buruzko iritzia galdetu dio, alderdi jeltzaleak kontra bozkatuko zuela aurreratu baitzuen. Pello Otxandianok dekretu horren alde hitz egin du, azpimarratuz ez dela «etxejabe txikien kontrako dekretu bat, espekulazioaren kontrakoa baizik». Adierazi du ez dela egia etxejabeei segurtasuna kenduko dienik, eta gogorarazi du Europako hainbat herrialdeetan jada indarrean dagoen neurri bat dela.

«Inportantea da [Espainiako Gobernuaren etxebizitzari buruzko] bigarren dekretua, egiturazko neurri bat sartzen duelako, Europaren arrastoan kokatzen gaituelako eta espekulazio dinamikak sortzen dituen kalte sozialei aurre egiten direlako. Nekez ulertzen da EAJren jarrera»

PELLO OTXANDIANO EH Bilduren bozeramailea

«Horregatik da hain inportantea bigarren dekretu hau, egiturazko neurri bat sartzen duelako, Europaren arrastoan kokatzen gaituelako eta espekulazio dinamikak sortzen dituen kalte sozialei aurre egiten dielako. Horregatik, nekez ulertzen da EAJren jarrera dekretu honen inguruan», deitoratu du EH Bilduren bozeramaileak. Eta Jaurlaritzari etxebizitza politiketan «jarrera partekatua» izateko eskatu dio. Pradalesek Madrilera begira aritzea leporatu dio, ordea, eta «Espainiako ezkerraren neurriak kopiatzea». Etxera begira jarri eta EH Bilduren udalen eskumeneko lurrak Jaurlaritzaren esku uzteko eskatu dio, eta tramiteak arintzeko premiazko neurriei buruzko legearen alde egiteko.

Etxebizitzaz galdetu dio Sumar taldeak ere. Jon Hernandez legebiltzarkideak salatu du 2027ko aurrekontuetan apenas izango duela igoerarik diru sail horrek, eta lehendakariari txarretsi dio ez diola diskurtsoetan bezainbeste garrantzia ematen aurrekontuetan. Hori dela eta, ohartarazi dio ez duela proiektua babestuko harik eta etxebizitzaren aldeko apustu handiagoa egiten ez badu. Pradalesek erantzun dio begirada zabaltzeko, orain arte ez bezala legealdi honetan sail propio bat duelako etxebizitzak, eta haren aurrekontua bikoiztu egin dela ordutik.

Alderdi Popularrak, aldiz, etxebizitzaren arazoa baino, etxegabetze bat izan du hizpide, duela bi aste Gasteizko Santsomendi auzoan Ertzaintzak gauzatu zuena. Javier de Andres bozeramaileak DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren «iruzur» kasu batekin lotu baitu, inolako frogarik aurkeztu gabe. Pradalesek diru laguntza sistemaren alde egin du, eta azpimarratu du bera lehendakari denetik iruzur kasuak «erdira» murriztu direla.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA