Euskal Herriko alderdi politikoak hasiak dira indarrak biltzen datorren maiatzean egingo diren udal hauteskundeetarako, eta hasiak dira alkategaien zerrenda jakinarazten. Gaur, EH Bilduren txanda izan da: EH Bilduren Gasteizko Mahai Politikoak Rocio Vitero proposatu du indar abertzalearen Gasteizko alkategai gisa.Â
Horrela, EH Bilduk 2023ko udal hauteskundeetan abiatutako bidea urratzen jarraituko du. Ordu hartan ere Vitero aurkeztu zuten alkategai, eta inork baino boto gehiago eskuratu zituen.
Garaipen hura ekarri du gogora EH Bilduren Gasteizko Mahai Politikoak Vitero beste behin aukeratzeko. Adierazi dutenez, alkategaia «ezkerreko subiranismoaren proiektua ordezkatzeko pertsonarik egokiena» da. Azpimarratu dute Viteroren proiektuak «herritarren ongizate maila» hobetzea duela xede. Bide horretatik, «zerbitzu publikoak indartzeko eta jendearen bizitza hobetzeko» politiken garrantzia nabarmendu dute.
Viterok 2023an lortu zituen emaitzek mugarri bat ezarri zuten. Izan ere, Gasteizko udal hauteskundeak irabazi zituen lehen emakumea izan zen. Ez zuen, baina, nahikoa babes lortu, eta haren ordez, PSE-EEko Maider Etxebarriak eskuratu zuen kargua, EAJren eta PPren babesari esker.
Udal eta foru hauteskundeak
Viteroren hautagaitza jakinarazita, koalizio subiranistak Hego Euskal Herriko hiriburuetan aurkeztuko dituen alkategai denen berri eman du. Gasteizko antzera jardun dute Iruñean eta Bilbon, 2023ko hautagaien alde egin baitute berriro: Joseba Asiron eta Maria del Rio, hurrenez hurren. Donostian, bestalde, Nerea Kortajarena izango da hautagaia, Juan Karlos Izagirreren lekukoa hartuta.
Hiriburuetako hautagaiekin izandako estrategia bera baliatu dute foru hauteskundeetan. Araban, Bizkaian eta Nafarroan, 2023ko ildo beretik jo dute; Gipuzkoan, berriz, aldaketaren alde egin dute. EH Bilduko Nafarroako lehendakarigaia Laura Aznal izango da. Eta Arabako eta Bizkaiko ahaldungai nagusiak Eva Lopez de Arroiabe eta Iker Casanova dira, hurrenez hurren. Gipuzkoan, bestalde, EH Bilduren Gipuzkoako Mahai Politikoak Maddalen Iriarte proposatu du ahaldun nagusirako hautagai izateko.