Segregazioaren aurkako ituna lortzeko mahaiak itunpeko eskoletako ikasle zaurgarrien premiak aztertuko ditu

Bestak beste jantokia, autobusa eta materialak nola finantzatu ikertuko du. Ikasturte amaierara arte aztertuko dituen bederatzi proiektuetako bat izango da.

Eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko mahaian eginiko taldekako bileretako bat. IREKIA
Eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko mahaian eginiko taldekako bileretako bat. IREKIA
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko apirilaren 27a
14:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskola Bikaina Denontzat mahaiak eskola segregazioaren aurka egiteko bederatzi proiektu ikertuko ditu ikasturte amaierara arte. Eusko Jaurlaritzak bideraturiko foroak seigarren bilera egin du gaur, eta segregazioari aurre egiteko jorratu beharreko hainbat erronka detektatu ditu. Besteak beste, ikasle iritsi berrien onarpena, ikasleei eta familiei laguntzea, eskola motxila eta harrera programa integralak.

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak argitu duenez, bederatzi proiektu horiek hiru lan lerrotan banatu dituzte: baga, eskola arrakasta sustatzeko egitasmoak; biga, eskaintza eta eskolatzea hobetzekoak; eta higa, familiekin lan egitea eta administrazioen arteko koordinazioa hobetzea helburu dutenak.

Eskolatze berdintasuna bultzatzeko asmoz, esaterako, eskola motxila egitasmoa aztertuko dute. Eta zertan datza zehazki? Itunpeko eskoletan dauden ikasle zaurgarriei zuzendurikoa da, eta ikasle horiek oinarriko zerbitzu batzuk izango dituztela bermatu nahi dute proiektu horren bidez. Jantokia, garraioa eta materiala dira zerbitzu horiek, eta itunpekoetan ohikoa izaten da familiek zerbitzu horiek jasotzeko ordaindu behar izatea.

Ikasle sartu berriek jasotzen duten tratua nola hobetu ere aztertu dute. Hainbat premia nabarmendu dituzte: harrera programa integralen beharra, hizkuntza errefortzua indartzea, eta laguntza sozioemozionala eta familiekin lan egitea konbinatzen dituzten egitasmoak. Ikastetxeek, beren aldetik, autonomia handiagoa eskatu dute, batez ere konplexutasun handieneko testuinguruetan.

Pedrosak nabarmendu du prozesu horrek «jarraitutasuna» eta «ardura» behar dituela arrakastatsu izateko: «Talde begirada behar dugu mahaian egiten diren proposamenak erabilgarriak izan daitezen eta hezkuntza sisteman eragin erreala izan dezaten».

Sindikatuen gehiengoa, kanpoan

Mahaia ehun bat erakundek osatzen dute. Besteak beste, honako hauek parte hartzen dute: EHU, Deustu eta Mondragon unibertsitateek; EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek; UGT, CCOO eta Interinoak sindikatuek, eta itunpeko eskoletako patronal batzuek (Kristau Eskola, Ikasgiltza, IZEA, EIBE eta Elizbarrutia). Aldiz, kanpoan daude hezkuntzan ordezkaritza handiena duten sindikatuak: ELA, LAB eta Steilas, baita Ikastolen Elkartea eta EHIGE ere.

Azken horiek «benetako» eztabaidarik ez dagoelako utzi zuten mahaia. Pedrosak, aldiz, haien jarrera kritikatu du, eta «eztabaida errealak» egiten direla adierazi: «Haiei galdetu beharko zaie. Eztabaidarik ez dagoela esateak ez du zentzun handirik, mahaia une oro irekia egon baita eta parte hartu nahi izan duen orok ekarpenak egin ahal izan baititu».
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA