2020. urtean, ETB1ek Hondar ahoak telesaila estreinatu zuen. Nerea Garcia pertsonaia —Nagore Aranburu— zen protagonista, eta hark bizitako gorabehera gehiago iritsi ziren Zeru ahoak telesailean —iaz Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zuten, lehiaz kanpo—. Primeran plataformak, ETB1ek eta RTVE Play plataformak eman zituzten fikzio horren lau atalak. EITBk jakinarazi duenez, Nerea Garciaren pertsonaiak bizipen gehiago izango ditu Su ahoak telesailean. Trilogia itxiko luke modu horretan Koldo Almandoz zinemagileak. Harkaitz Canorekin eta Nagore Aranbururekin batera ari da Almandoz Su ahoak-en gidoiak idazten.
Euskarazko beste telesail bat ere babestuko du ETBk: Heldu gara. Sara Fantova zinemagilearen aurreneko telesaila izango da. Iaz Jone, batzuetan film luzea estreinatu zuen Fantovak. Laster Primeran plataforman ikusi ahalko da euskarazko lan hori. Heldu gara telesailaren inguruan, berriz, ez dute xehetasunik eman.
Edonola ere, datorren hilean, martxoan, euskarazko telesail berri bat estreinatuko da: Primeran plataformara iritsiko da Argi gorriak telesaila. Itziar Ituño da aktore protagonista, eta zuzendaria Alberto Gastesi zinemagilea da —haren lehen telesaila da—. Zortzi atal izango ditu, bakoitza 30 minutukoa.
David R. Losadak zuzendutako Odol ilargia telesaila, berriz, udazkenerako gorde du EITBren Primeran plataformak.
Beste zazpi telesail txiki
Beste alde batetik, euskarazko telesailetan talentua eta sormena sustatzeko asmoz, EITBk Formatu txikiak, talentu berria deialdia egin du. Zazpi telesail txiki daude ekoizpen eta/edo postprodukzio fasean. Honako hauek dira: Piztiak (Amancay Gaztañaga eta Xanti Rodriguez), Tamara ta Mara (Ane Rotaetxe), Lehen aldiz (Jone Arriola), Amarekin goxo-goxo (Leire Albinarrate), AIRBNBbarik (Alba Lozano eta Nitya Lopez), Estu (Arriguri Koop.) eta Izaki apur bat gardenak (Iñigo Sbeltza).
EITBk, era berean, jakinarazi du 2025. urtean 9,3 milioi euro inbertitu zituela Euskal Herriko ekoizpen zinematografikoan eta telesailetan —%71 euskarazko ekoizpenetarako erabili zuten—.
Aurten, euskarazko honako film hauek estreinatuko dituzte: Azken agurra (Koldo Almandoz), Sacamantecas (David Perez Sañudo) eta Inurri itsuak (Igor Legarreta).
Era berean, EITBk iragarri du beste proiektu hauek babestuko dituela: Lara Izagirreren Yerma, Alba Lozanoren Rafaela eta Paul Urkijoren Hiru olatuak, besteak beste. Animaziozko proiektuei dagokienez, EITBk euskarazko lan hauek babestuko ditu: Amalur profezia (Myriam Ballesteros), Nora eta Anbotoko dama (Uxue Artetxe), Wakiak (Baleuko) eta Ikusezinak (Lotura Films). Ekoizpen fasean daude Eider Eibarren Esan ezan ozen eta Agurtzane Intxaurragaren Korri, Kuru, Korri! animaziozko lanak ere.