Iribarrek eta Kortabarriak ikurrina atera zuten aurreko igande gauean, eta DAZN katea Athleticen eta Realaren arteko partida ematen ari zenean estreinatu zuten ETB1en Superra umorezko saioa. Hortaz, telebista konbentzionaleko datua makala izan zen: ETB1en batez besteko kuota baino txikiagoa EAEn. Egia da Primeran plataformak urriaren 29an estreinatu zuela saioa, hiru egun lehenago, eta hor datuak onak izan direla: lehen sei egunetan, 15.343 erabiltzaile bereganatu zituen Anjel Alkainek, Aitziber Garmendiak eta Iker Galartzak sortutako umorezko fikzio saioak. Asteon jarri dituzte beste bi atal, eta datorren ostegunean sareratuko dituzte azkeneko biak. Beharra bazegoen ikus-entzuleek euskarazko umoreaz gozatzeko, eta EITBri atal gehiago ekoizteko eskatu behar zaio derrigor.

Irribarre maltzurrerako tartea ere eskaini zuen martxoan Alberto Gastesik zuzendutako Argi gorriak telesailak, eta lan horri bi sari eman zizkioten atzo iluntzean Bilbon, Seriesland nazioarteko jaialdian: euskal serie digital onenaren saria eta euskarazko eduki onenaren saria. Gainera, nazioarteko websailen hiru jaialditan parte hartzeko hautatu dute. Antzezle onenaren saria jaialdi berean Iraia Eliasi eman diote, Piztiak telesailean egindako lanagatik —Primeran-en ikusgai hori ere—. Fantasiatik eta zientzia fikziotik zuen gehiago azken horrek. Eta, hain justu, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Astean, Izaki pixkat gardenak telesailaren hiru atal eman zituzten ostegunean. Benetan barregarria da serieko seigarren atala; Iñigo Sbeltzaren telesaila 2027an iritsiko da Primeran-era. Umorea ere badu, bestalde, plataforma berak hilaren 13an estreinatuko duen beste telesail batek: Aloka(h)iru.
Zinema areto komertzialetan, halaber, bada euskaraz zer ikusi, dramak badira ere. Inurri itsuak erretiratuz joan dira, zoritxarrez, eta Donostiako Principe aretoetan baino ez dago orain. David Perez Sañudo zinemagilearen Sacamantecas, berriz, herenegun estreinatu zuten: gaur bertan, Hego Euskal Herriko 25 aretotan ikusi ahalko da. Benetan bikaina —beste behin— Patricia Lopez Arnaiz aktoreak egiten duen lana.

Neska-mutikoentzat, berriz, animaziozko hiru film ikus daitezke egunotan aretoetan: Katu kapeladuna, Gungo eta harpetar jokoak eta Superthings: filma. Zernonikusi kontsultatzea beti da aukera ona. Atari horretan, gainera, laster euskaraz Datozenak tarte berria sortu dute.
La Septima (eta besteak), kanpainan
Umorezko fikzioari heltzea aukera ona da oso, Ebro ibaitik behetik —eta goitik— nahikoa matraka eman behar baitute datozen egunetan pantailetan Espainiako Gorteetarako bozak direla eta. Graziarik batere ez dute telebistarekin eta zinemarekin gertatzen diren kontu batzuk; eta zoritxarrez, gertatuko direnak.
Valentziako A Punt kateak (Herrialde Katalanak) La mort de Guillem filma (2020) zeukan programatua azaroaren 2rako, eta handik bi egunera Guillem Agulloren gurasoek gutun bat aurkeztu behar zuten Madrilen, haien semea «terrorismoko biktimatzat» aitor dezaten —1993an, eskuin muturreko talde batek hil zuen labankadaz—. Ba hara non, kateak komedia bat jarri zuen filmaren ordez, eta ez du jakinarazi filma noiz emango duen. Consuelo Ordoñezek berak ere salatu du erabakia: «Biktima hau isilaraziz, biktima guztiak ari zarete isilarazten. Guillem terrorismoaren biktima bat gehiago da». PP dago Valentziako Generalitatean.

Bihar gauean, antza denez, La1 kateko La revuelta saioan Vox alderdiko buruzagi Santiago Abascal gonbidatuko dute. Egun horretarako, David Broncanoren saiora publiko moduan joan behar zutenek gutun bat jaso dute posta elektronikoz, egun horretan ez joateko eskatuz. La Septima kate berrian esan dutenez, TVEko saioak casting prozesu baten bidez aukeratuko ditu publikoko ikusleak —antzoki batean grabatzen dute—. La Septiman, berriz, ordu berean Javier Ruiz kazetariak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko hautagaia elkarrizketatuko du bihar. Joan den ostegunean martxan jarri zenetik, La Septimako saioetan agerikoa da hauteskunde kanpaina bete-betean ari direla. Hala dabiltza Iker Jimenez Cuatro katean eta beste batzuk ere, aspalditik, baina Sanchezen aurka bortizki.
AEBetako plataformen gaineko bi albiste aipagai, gaur pixka bat denetarik baita lerrootan: Fox Corporation konpainiak Roku plataforma erosi du, 19.757 milioi euroren truke. Eta Netflixek iragarri du Stranger things-en prekuela bat egingo dutela. 1955. urtean girotuko dute, eta estreinaldia bi urte barrurako espero da. Joe Wrightek zuzenduko ditu lehen hiru atalak.