Esaten da matematikek mundua ulertzen lagundu dezaketela, eta hori izaten da datu kazetaritzaren erronka: gertakari bat esplikatzen laguntzea, datu sortak arakatuta. Irudi batek mila hitzek baino esplikazio hobea ematen duela ere esaten da, eta horixe izaten da infografisten lana: gertakari bat argiago azaltzea, grafikoak erabilita. BERRIAko taldeak ahalegin handia egiten du datu kazetaritzan eta infografismoan, eta azkeneko urteetan jauzi bat egin du datuak webean modu interaktiboan erakusteko. Ahalegin horren erakusleiho bat da artikulu hau, BERRIAk 2025ean egin duen lan infografikoaren laburpen bat, hamabi grafiko ikusgarri eta esanguratsutan oinarritua.
Euskaldun askoren kontzientziak astindu ditu 2025ean argitaratutako datu sorta batek: Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlana plazaratu zuen Siadecok uztailean, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen enkarguz. Ikerketaren ondorioak esanguratsuak ziren: ondorioztatu zuten hamar urte barru euskal hiztunak zaharragoak izango direla eta gehienek inguru erdaldunagoa izango dutela. BERRIAk bost grafikotan laburtu zituen ikerketa haren ondorio nagusiak, eta horietako bat da hurrengoa —artikuluan ikus daitezke gainerakoak—:
Ikusi gehiago
Aurrerago, urrian, ikerketa horretan plazaratutako beste ondorioetako batean sakondu zuen BERRIAk: ikerketa hartan agerian utzi baitzuten euskararen arnasgune geografikoak desagertzeko bidean zeudela ere. Landutako infografiak erakusten zuen arnasguneek zer bilakaera izan dezaketen proiekzio horren arabera, eta nola urrituz joango diren. Gainera, Hego Euskal Herriko gaur egungo arnasguneen egoera ere erakusten zuen, mapa batean.
Ikusi gehiago
Indarkeria matxistaren eraginez 131 emakume hil dituzte Euskal Herrian, 2003tik 2026ra bitarte. Indarkeria mota horren datuak urteka sailkatuta eman ohi dira, baina, era horretara aztertuta, ez da argi ikusten arazoa zenbatekoa den, eta, hain justu, hilketa matxista guztiak bildu eta erakusteko aukera egin zuen BERRIAk 2018an. Harrezkero, hilketa matxista guztiak erregistratzen ditu, datu base batean bildu, eta datuak erakusteko mapa bat eta grafiko batzuk eguneratzen ditu.
2025ean grafismo horiek eguneratu egin ditu BERRIAk, eta hilketa matxista bakoitzaren datu xeheak ikusteko aukera ematen du mapan klikatuta; halaber, bada modua hilketak urtearen eta lurraldearen arabera kontsultatzeko ere. Biktimaren adinaren arabera ere ikus daitezke kasuak.
IKUSI GEHIAGO
Zer da ponpatze zentral hidrauliko bat? Acciona enpresak halako bat eraikitzeko asmoa du Alaizko mendilerroan. Baimenak eskatu dizkie Espainiako eta Nafarroako gobernuei, eta, proiektuak aurrera egiten badu, era horretako lehen zentral handia izango da Euskal Herrian: 800 megawatteko potentzia izango du. BERRIAk azaroan eman zuen albiste horren berri, eta grafikoen bidez proiektua argiago esplikatzea eta erakustea izan zen erronka:
Ikusi gehiago
Agerikoak ez diren errealitateak bistaratzen dituzte datuek batzuetan, edo espero ez zirenak. Esaterako, Insee Frantziako estatistika institutuak eta Audap urbanismo agentziak partaidetzan landutako ikerketa baten berri eman zuten Ipar Euskal Herriko Hitza-k eta BERRIAk azaroan. Ikerketa horren arabera, Ipar Euskal Herriko barnealdea, pentsa litekeenaren kontra, «erakargarritasuna» irabazten ari da azkeneko urteetan, eta, beste landa eremu gehienetan ez bezala, migrazio saldo positiboak izan ditu azken urteetan, 2016tik 2020ra bitarte.
Frantziako erakundeek, normalean, ez dute Ipar Euskal Herria esparru estatistiko gisa lantzen, eta horregatik ere balio du datu sorta honek, Ipar Euskal Herriko hiru probintzietako errealitate estatistikoak erakusteko aukerak gutxi izaten baitira. Mapa interaktibo baten eta grafiko sorta baten bidez laburbildu zituen BERRIAk ikerketaren emaitzak:
Ikusi gehiago
Beste batzuetan, susmoak edo intuizioak berresten dituzte datuek. Eta prebentzio politikak lantzeko ere tresna egokiak izan daitezke. Esaterako, irailean argitara atera zuten Hego Euskal Herrian azkeneko 25 urteetan suteetan edo leherketetan gertatutako ezbeharren datu sorta bat. OPRA Arriskuen eta Istripuen Prebentziorako Behatokiak landu zituen datuak, Lagun Aroren laguntzarekin. Ikerketa horren arabera, azken 25 urteetan 204 lagun hil dira halako ezbeharretan Hegoaldean, abendutik martxora gertatzen dira halako ezbehar gehienak, gauez, logelan edo egongelan gehienetan, eta 65 urtetik gorakoak izan ohi dira halakoetan hildakoen erdiak baino gehiago.
Datu sorta zabala eta suteek eragindako kalteen erradiografia zabala egin zuten ikerketan, eta datu horiek modu ulergarri eta esanguratsuan erakustea izan zen grafiko sorta horren helburua:
Ikusi gehiago
BERRIAren infografia zerbitzuak ez du soilik datuekin eta grafikoekin lan egiten. Egitarauak erakusteko ere lan berezi batzuk prestatzen ditu urtero, irakurleek eskura izan dezaten zenbait ekitaldiri buruzko informazio praktikoa. Hiriburuetako jai eta aste nagusien egitarauak kontsultatzeko aplikazioak sortzen ditu udan, esaterako. Hala ikus daitezke Iruñeko, Baionako, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaietako programak. Donostiako Zinemaldiaren programazio osoa kontsultatzeko modua ere eman du aurten BERRIAk, proiekzioak egunaren, sailaren eta aretoaren arabera bilatzeko aukera eta guzti:
Txirrindularitzaren zaleek ere tresna berri bat eduki dute aurten BERRIAn, Tourreko, Giroko eta Vueltako etapa guztiak kontsultatzeko aplikazioak izan baitira ikusgai. Leku bakarrean, itzuli bakoitzaren etapa guztiak ikusteko aukera izan dute: zerrenda osoa egunez egun; etapa bakoitzaren soslaia, eguna klikatuta; mendiko etapen soslaia eta ezaugarriak, eta erlojupekoen soslaiak. Hemen Vueltako etapen bilduma, adibide gisa:
Galdera batzuk edo eztabaida batzuk argitzen ahalegintzeko ere balio du datu kazetaritzak. Urte hasieran eztabaida sortu zen, Tadej Pogacar inoizko txirrindularirik onena ote den. Garai diferentetako txirrindulariak alderatzea ezinezkoa da, garai bakoitzeko baldintzak aintzat hartu behar baitira, baina, datuak aztertuta, otsailean BERRIAk egin zuen bezala, ikusten da orain arte Eddy Merckxek soilik lortu duela Pogacarrek baino garaipen uzta handiagoa 26 urteak beste aurretik, eta, hain zuzen, grafiko interaktibo batean erakutsi zuen BERRIAk azterketa hori, inoizko txirrindularirik handienek 26 urteak bete arte lortutako garaipenak konparatuta:
Ikusi gehiago
Batzuetan ez dira grafiko oso landu eta konplexuak behar auzi bat azaltzeko. 2025ean berriz piztu zen eztabaida zahar bat: Afrikak munduko mapetan eta proiekzioetan daukan proportzioari buruzkoa. Correct the Map egitasmoa esaka ari da munduko mapetan txikiago agertzen direla ekuatorearen inguruko lurraldeak, eta, proportzioan, diren baino handiago erakusten direla ekuatoretik urrun daudenak. Mercator proiekzioaren ondorioa da hori, mundua laua balitz bezala erakusten baitu. Horren ordez, Equal Earth proiekzioa erabiltzeko eskaka ari dira, lurralde guztiak beren benetako eremuaren araberako proportzioan erakusten dituelako. AB Afrikako Batasunak babestu egin zuen egitasmo hori udan, eta urteko eztabaidagaietako bat izan da. Grafiko sinple batek aukera eman zuen bi proiekzioak oso erraz alderatzeko, auzi hori azaltzen zuen albistean:
Ikusi gehiago
Donald Trump AEBetako presidenteak herrialdetik kanporatu nahiko lituzke paperik gabeko migratzaile guztiak, alien deitzen dituen horiek. Bada, batzuetan datuak lagungarriak dira erakusteko diskurtso batzuk zenbateraino diren zentzugabeak, eta, AEBetako ikerketa sorta batean oinarrituta, Trumpen proposamen horrek zer ondorio ekarriko lituzkeen aztertu zuen BERRIAk martxoan: baliteke paperik gabeko migratzaileen deportazio masiboek ekonomia moteltzea eta prezioak igotzea.
Paperik gabeko migratzaileen kopuruak zer bilakaera izan duen, sektoreka zer pisu duten, zergetan zer ekarpen egiten duten, AEBetako estatu bakoitzean zenbateko pisua duten eta deportazioek zer bilakaera duten erakutsi zuen egunkariak grafikoen bidez:
Ikusi gehiago
Datuek balio dute balantzeak egiteko ere: hartutako erabaki batzuk azertatuak izan ote diren ikusteko, adibidez. Abenduan bete zituen hamar urte Parisko Hitzarmenak, klima larrialdiari aurre egiteko azken hamarkadetako itun multiraleral garrantzitsuenetako batek. Kyotoko Protokoloa porrot egiten ari zela ikusita egin zuten Parisko Hitzarmena, 2015ean. Baina, Nazio Batuen Ingurumen Programak dioen legez, hamar urte igarota, «helburua lortzeko bidetik aparte» dabil mundua: azkeneko hamar urteotan ia %10 handitu dira isuriak, eta lurraren berotzeak, batez beste, 1,5 graduren langa gainditu zuen 2024an, lehen aldiz.
Hamar urte hauetan klima krisiak izan duen bilakaera laburbildu zuen BERRIAk abenduan, lau grafiko interaktibotan —artikuluan ikus daitezke gainerakoak—. Horra lehena, munduan eta Europan berotze globalaren bilakaera nolakoa izan den erakusten duena:
Ikusi gehiago
Ertz asko dituzten arazo batzuei garbiago begiratzeko ere balio dezakete grafikoek. Langabezia da gai horietako bat: hilero berritzen dira lan merkatuari buruzko datu ofizialak Hego Euskal Herrian, eta BERRIAk xehe-xehe biltzen ditu hilero-hilero, eta grafikoetan landu: gizarte segurantzako afiliazioak zer bilakaera duen islatzen da, langabezia erregistratuak zer bilakaera duen, eta langabezia zertan den lurralde bakoitzean, sektore bakoitzean eta baita generoaren arabera ere; lan kontratuen ezaugarriei eta langabezia sariei buruzko datuak ere ematen ditu grafiko sorta horrek —abenduko artikuluan kontsultatu daitezke grafiko guztiak—.
2025eko azaro bukaerako datuak dira orain arte argitaratutako azkenak, baina aurki argitaratuko dira abendukoak ere, eta urtarril hasieran emango ditu BERRIAk, atalez atal. Horra langabeziari buruzko azken datuak, azaro bukaerakoak:
Ikusi gehiago