Bertan behera geratu zen Espainiako Vueltaren Bilboko etaparen amaiera; Israel Premier Tech taldeak Vueltan parte hartzea arazo bihurtu da; Dana Erlich Israelek Espainian duen enbaxadako misioburuak eman behar zuen hitzaldia Bilbon; Israelgo zazpi xake jokalariren parte hartzea Sestaoko (Bizkaia) txapelketa batean; eta Saioa Alkaiza idazleak uko egin dio Igartza sariari, CAF tren ekoizlea delako bekaren babesleetako bat.
Horiek Palestinarekiko elkartasunaren «argiune pozgarriak» dira Gernika Palestina herri deialdiarentzat: «Garaipen sinboliko baina garrantzitsuak». Pozik dago protestak eta mobilizazioak indartu egin direlako. Gernika Palestinak kontzentrazioak egin zituen udaletxeen aurrean irailaren 5ean, jendeak lapikoekin eta eltzeekin zarata ateratzeko, genozidioaren kontra. Haien esanetan, 35.000 herritar elkartu zituzten, ehun elkarretaratze baino gehiagotan.
Pozik daude Vuelta Euskal Herritik pasatu zenean egindako protestek nazioartean ere isla izan dutelako, «Netanyahurengana ere [Benjamin, Israelgo lehen ministroa] heldu direlako, eta beste behin Israel Premier Tech taldearen rola agerian utzi delako». Pozik daude antolatzaileek —gizarte eragileek eta erakundeek bultzatuta— Israelgo xake jokalari batzuei Sestaoko Xake Open Basque Country Txapelketara ez joateko eskatu zietelako, eta azkenean hala gertatu delako. Pozik daude Dana Erlich Israelen Espainiako enbaxadaren misioburuaren hitzaldiak —Bilboko El Sitio elkarteak antolatua— ezinegona sortu zielako hainbat eragile soziali, politikori eta sindikaturi, «eta mobilizazioak eta kudeaketa instituzionala aktibatu zirelako».
Sinboloak bihar Donostian
Mobilizazioak egiten jarraituko dute. Bihar, Kontxako Banderan, Donostian, 10:00etatik aurrera Palestinako sinboloak erakusteko eskatu diete herritarrei, bai itsasoan, bai lurrean. Gernika Palestina taldeak babestu egin ditu Global Sumud Flotillak egindako deialdiak, ostegunekoak eta flotillari eraso egiten badiote aurreikusitakoak. Ostiralean hasiko da Donostiako Zinemaldia, eta Gernika Palestinak bat egingo du Palestinarekiko elkartasuna lantzen duten eragileekin.
Hala ere, Palestinaren egoera larria da oraindik ere, «Israelen krudelkeriak ez baitu mugarik». Egoeraren larritasuna erakusteko, zenbait gertaera eta datu gogorarazi dituzte: Israel Hamasen negoziatzaileak hiltzen saiatu dela Dohan, eta beste behin herrialde baten burujabetza bortxatu duela; Israel, Gazan garbiketa etnikoa egiten eta Gaza suntsitzen duen bitartean, hondakinak inbaditzeko urratsak egiten ari dela; Gazako umeen %2 hil dituztela; Zisjordanian gero eta gehiago direla kolonoen erasoak; eta Global Sumud Flotillaren kontrako lehen erasoak egin dituela.
Gernika Palestinak uste du Israel gero eta bakartuago dagoela nazioartean, eta haren kontrako urratsak egiten hasi direla, «eskasak» badira ere. Iritzi dio Europako Batasunak bere burua «behartua» ikusi duela Israelen kontrako «neurri leun batzuk» hartzera, «gutxi eta berandu» izan arren.