Nekea eta ezina

ramon olasagasti
2025eko urriaren 15a
10:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

SARRERA

Nekea eta ezina

Mendiko korrikalariek, oro har, nekatuta —askok ahituta, beste batzuek freskoago— bukatzen dituzte trailak, baina nekearen gainetik, badu, izango du, kirol honek zerbait jendea katigatzen duena; izan ere, geroz eta proba gehiago sortzen dira han eta hemen, eta geroz eta jende gehiago dabil mendian korrika. Nekearekin batera izango baitira pozak ere, noski. Jendeak trailetan parte har dezan, norbaitek antolatu egin behar ditu probak. Eta, edozein kirol ekitaldi antolatzea ardura eta lan handia denez, horretan ere nekatu egiten da jendea.

Ehunmiliak Euskal Herriko proba nagusietako bat da, erreferentziazkoa: mendiz 171 kilometro egitea —10.500 metroko desnibela izanda— ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta horrelako lasterketa luze bat antolatzea, are gutxiago. Antolakuntza batzordeak berriki erabaki du 2026an lasterketarik ez antolatzea. Hemezortzi urte hauetan «pilatutako nekea izan da arrazoi nagusia», Andoni Zubeldia gaur egungo zuzendariaren esanetan. Trailen inguruan hainbat lan ordaindu sortu dira, baina antolatzaile gehienak musu truk ari dira, eta urteen joanean, higadura antzeman egiten da. Pozak ere badira, nola ez, jendearen eta herriaren esker ona batez ere, baina, nekea gailentzen hasten denean, lekukoa hartuko duen norbait behar izaten da.

Nekeak neke, bi aste hauetan, nor berean nabarmendu dira hainbat mendizale eta eskalatzaile: Sara Alonso, Malen Osa, Ainara Arkarazo, Julen Martinez de Estibariz, Aitor Ajuria, Eneko Carretero, Ekaitz Maiz, Joseba Iztueta, Ibon Mendia, Pablo Eskudero, Nekane Pradera, Josu Urrestarazu...

ALBISTEAK

Ehunmiliak, Galarleiz... Trail antolatzaileen neke eta ezinak

Ehunmiliak probaren antolatzaileek etena egitea erabaki dute berriki. Lan ikaragarria dago horrelako trailen atzean: aurrekontu gero eta sendoagoak osatzea, boluntario talde zabalak koordinatzea, baimenak lortu eta kudeatzea, hornidura postuetako osagaiak eskuratzea, izen emateak kudeatzea, komunikazioa zaintzea, ibilbideak seinaleztatzea... Ugari dira eginbeharrak, baita ondo lotu beharreko xehetasunak ere. Trail gehienetan, jendea musu truk ari da antolaketan, eta urteak joan, urteak etorri, ondoen olioztatutako makinak ere kirrinka egiten hasten dira batzuetan. Ehunmilietako antolatzaileek argi adierazi dute hemezortzi urte hauetan «pilatutako nekea» izan dela geldialdia egiteko arrazoi nagusia. Antolakuntza batzordeko kideek esan dute «lasterketa larri» dagoela, baina ez hilda. «Guk, zaintza intentsiboetako unitatean utzi dugu. Inor etorri eta lasterketa aurrera ateratzeko gai bada, dena eskura izango du. Gu ez egoteak ez du esan nahi hau desagertu denik. Bateren bat gogotsu etorriko balitz, gu prest geundeke laguntzeko. Hasi ginenean, gauzak askoz ere zailagoak ziren. Gaur egun, aldiz, dena bideratuago dago», adierazi du Andoni Zubeldia Ehunmiliak probaren zuzendariak.

Aurrez ere geratu izan dira beste trail batzuk bertan behera. Ezagunenak, agian, Azkaineko (Lapurdi) Skyrhune eta Galarleiz mendi maratoia, Ordunteko mendietan egiten zen proba historikoa. Huraxe izan zen Euskal Herriko lehen mendi maratoia, eta 2016an geratu zen bertan behera, 22 ekitaldiren ondoren, Bizkaiko Aldundiak ezarritako mugen eraginez. Pedro Galarza izan zen Galarleiz probaren sortzailea eta arima: urte osoan zain eta muin aritzen zen antolakuntzan, eta, buruhausteak buruhauste, «gozatu» egin zuen. «Nik nuen ardura nagusia, baina jendeak asko lagundu zidan hasiera-hasieratik. Antolaketa lan guztietan oinarri nagusietako bat boluntarioak dira, eta jende hori zaindu eta mimatu egin behar da».

Sara Alonsok bigarren amaitu du Golden Trail World Series zirkuituan

Sara Alonsok ezin izan du lortu Golden Trail World Series (GTWS) zirkuituko azken garaipena. Aurreko asteburuan jokatu zen azken proba, Ledro Sky Trentino Grand Finale (21 km, 1.600 m+), Italiako Trentino eskualdean. Azken proba hori jokatu aurretik, Alonsok bazuen aukera txapela lortzeko, Madalina Florea liderrarengandik 10 puntu eskasera baitzegoen, baina, finaleko lasterketa horretan, errumaniarra bigarren izan zen, eta Sara Alonso, berriz, hirugarren. Lauren Gregory estatubatuarrak irabazi zuen proba. Horrenbestez, Alonsok bigarren amaitu du Golden Trail World Series zirkuitu horretan. Malen Osak, berriz, laugarren amaitu du sailkapen nagusian —Italian jokatutako azken proban bosgarren izan da—. Guztira, Florea txapeldunak 958 puntu bildu ditu; Alonsok, 913; Lauren Gregoryk, 878; eta Osak, 849. Hala Alonsok nola Osak berriro erakutsi dute munduko trail korrikalari onenen artean daudela. Iaz hirugarren izan zen Osa GTWS zirkuituan eta Alonso bosgarren, eta aurten ere bost aurrenekoen artean sailkatu dira biak.

Mendiak erortzen, glaziarrak arrailtzen... eta, hala ere, gogoaren indarra

Ekaitz Maiz (Etxauri, Nafarroa, 1979), Joseba Iztueta (Gabiria, Gipuzkoa, 1991), Ibon Mendia (Iruñea, 2002) eta Pablo Eskudero (Bilbo, 1989) euskal eskalatzaileak Karakorumeko Khane haranean (Baltistan, Pakistan) ibili dira uda honetan. Baldintza txarrak izan dituzte, oro har: beroaren eta euri jasa etengabeen ondorioz, «mendiak puskaka» erori zaizkie gainera, aurre egin behar izan diote horrek dakarren arriskuari, eta, mendietara hurbiltzeko glaziarrak ere erabat irekita eta oso kontuz ibiltzeko moduan aurkitu dituzte. Hala ere, bi jarduera on eginda itzuli dira, eskalada lerroak gailurreraino ez eramateak sortzen duen «gazi-gozoa» gorabehera.

Ibon Mendiak, Pablo Eskuderok eta Joseba Iztuetak bide bat zabaldu zuten Hidden Tower mendian (5.890 m), baina, gailurretik 80 metrora zeudela, jaitsi egin behar izan zuten, eguraldia ikaragarri gaiztotuta. Gogoaren indarra izena eman zioten bideari (1.300 m, 7a, 70º). Ekaitz Maizek eta Joseba Iztuetak, berriz, beste bide bat eskalatu zuten Trident Tower horman (600 metro, 7a+/A2), baina ezin izan zuten gailurreraino joan, harri erorketengatik eta gautzeagatik.

Eneko Carreterok 9a graduko bide bat kateatu du lehen aldiz

Eneko Carretero eskalatzaileak (Zumaia, Gipuzkoa, 2001) bederatzigarren gradua gainditu berri du: Celedon bidea (9a) kateatu du berriki Lezen (Ilarduia, Araba). Iaz esan zien agur lehiaketei, buru-belarri harkaitzari eta ekipatzaile lanari heltzeko, eta aurten erakutsi du baduela ahala arrokan ere. Martxoan White Zombie (8c) eskalatu zuen Baltzolako kobazuloan (Dima, Bizkaia), flash eran, eta geroztik «gero eta erraztasun handiagoz eta azkarrago» kateatu ditu 8c eta 8c+ bideak. «Buruz, ordea, harresi handia zen 9. gradua, eta neure buruari presioa sartzen nion, proiektuak kontrako eztarritik joango ote zitzaizkidan beldurrez», adierazi izan du. Azkenean, ordea, uste baino denbora gutxiagoan lortu du Celedon bidearen katera lotzea. «Rotpunkt honek ikuspegia aldarazi dit, eta bederatzigarren gradua bestela ikusten dut orain. Hemendik aurrera, askoz hobeto kudeatu ahal izango ditut maila horretako bideak, baita gogorragoak ere», adierazi du.

Pou anaiek 'Pilar del Texu' eskalatu dute, lehen aldiz era askean

Iker et Eneko Pou anaiek Europako Mendietako Pilar del Texu eskalatu dute, lehen aldiz era askean. Bidea Iker Pouk berak eta Victor Sanchezek zabaldu zuten, 2021ean –Eneko min hartuta zegoen bolada hartan–, behetik eta era askean. Alabaina, modu jarraituan behetik goraino librean eskalatu gabe zegoen orain arte. Bideak Poncebosko Alfonso Martinez Orratza zeharkatzen du, modu dotorean: 250 metro dira, sei luze, eta 7c+ mailarainoko zailtasunak. «Iker eta Victor tartean egonda, banekien bidea gogorra izango zela, baina uste nuen baino serioagoa eta esposizio handiagokoa da. Ez dut uste datozen urteetan soka asko ausartuko denik bide hau eskalatzen», adierazi du Eneko Pouk.

Ainara Arkarazo eta Julen Martinez de Estibariz gailendu dira Hiru Handiak proban

Eguraldi bikaina lagun, larunbatean egin zen Hiru Handiak probaren 24. ekitaldia, Asparrenean hasi (Araia, Araba) eta Murgian bukatu (Zuia, Araba). Gauerdiaz geroztik, mila korrikalari lehiatu ziren Aizkorri, Anboto eta Gorbeia lotzen dituen lasterketa gogor horretan (101 km, 5.320 m+), eta ez zen ezusteko handirik izan: gizonezkoetan, azken bi ekitaldietako irabazlea helmugaratu zen aurrena, Julen Martinez de Estibariz hermuarra (Barrundia, Araba), eta emakumezkoetan, Ainara Arkarazo abadiñarra (Bizkaia) izan zen garaile, Euskal Herriko Ultren Kopako aurtengo irabazlea.

Martinez de Estibarizek 10.28.38ko denboran osatu zituen 101 kilometroak. Jokin Garcia Garcia de Bikuña aguraindarra izan zen bigarren (11.05.38), eta Andoni Azkarate arrasatearra hirugarren (11.07.30). Martinez de Estibarizek, gainera, hobetu egin zituen aurreko bi ekitaldietako denborak, baina ez zuen hautsi Iker Karrera amezketarrak 2012an ezarritako errekorra (10.23.08). Ainara Arkarazok 12.48.40ko denbora egin zuen, eta hiru segundo eskasengatik ez zuen hobetu Maite Maiora mendaroarrak 2018an ezarritako errekorra (12.48.37). Maria Ricondo izan zen bigarren (Ramales de la Victoria, Kantabria), 13.46.21eko denbora eginda, eta hirugarren, oso gertu, Izaskun Sanz Elduaien getzearra (Nafarroa) ibilbidea 13.47.18ko denboran osatuta.

Malen Osa eta Aitor Ajuria izan dira azkarrenak Anbotoko Kilometro Bertikalean

Malen Osa eta Aitor Ajuria gailendu ziren urriaren 4an Anbotoko Kilometro Bertikalean. Malen Osa Munduko Trail Txapelketan eroria zen berriki, proba utzi egin behar izan zuen, eta Anboton berriro agertu zen bere ahal eta maila handiarekin. «Etxean bezala inon ez», idatzi zuen sare sozialetan, Canfranceko kolpearen ondotik burua altxatuta. Osak 47.01eko denboran osatu zuen Arrazolatik (Bizkaia) Anboto tontorrerainoko bidea (3,8 km, 1.092m+). Lide Urrestarazu izan zen bigarren, eta Leti Bullido hirugarren. Gizonezkoetan, Aitor Ajuria otxandiarrak erakutsi zuen sasoi betean dagoela Gorbeia Suzien irabazi eta gero, eta nagusitasunez lortu zuen garaipena, 38.51ko denbora eginda. Aitor Ugarte aramaioarra izan zen bigarren, eta Iñigo Alzola iazko irabazlea hirugarren. Anbotoko sailkapen guztiak esteka honetan.

«Oso kalitate oneko» 54 film izango dira Mendi Filmen, euskal ekoizpen ugari tartean

Aurten 226 pelikula aurkeztu dira Bilboko Mendi Film zinemaldian parte hartzeko, «maila handiko lanak», antolatzaileen esanetan, eta «lan zaila» izan da horien artean galbahea pasatu eta Sail Ofizialerako 45 aukeratzea. Sail Ofizialean lehiatuko diren 45 lan horietaz gain, beste bederatzi pelikula proiektatuko dituzte Zabalandi sailean; beraz, 54 lan guztira. «Uzta iazkoaren parekoa izan da, eta hori oso datu ona da, etxean eta nazioartean erreferentziatzat hartzen gaituzten adierazle. Mailari dagokionez ere, oso gustura gaude, oro har oso kalitate oneko lanak aurkeztu baitira. Euskal ekoizpenak ere asko dira, eta maila oso-oso onekoak», nabarmendu du Aitor Elduaienek, Mendi Film jaialdiko komunikazio arduradunak.

Zuzendarien artean, Mendi Filmen jada eskarmentua duten egile batzuek lan berriak aurkeztuko dituzte: Jesus Mari Lazkano margolaria, Jon Herranz, Luis Arrieta, Julen Elorza eta Alfonso Garcia, besteak beste. Eta Bilbon beren lehen lanak aurkeztera etorriko dira beste asko: Mikel Urdangarin kantaria, Haizea Huegun konpositorea, Ibon Gaztañazpi kazetaria, Nagore Ezeiza, Imanol Lamana, Unai Jauregibeitia, Jon Mendizabal eta Gorka Ipiñazar. Juanito Oiarzabal izango da jaialdiko izen nabarmenetako bat: Javier Alvaro Palomaresek, Sebastian Alvaroren semeak, mendizale gasteiztarrari buruzko pelikula bat aurkeztuko du.

Durangoko eta Idiazabalgo mendi duatloiak egin dira aurreko bi asteburuetan

Martxa onean doa aurrera Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuitua. Iragan urriaren 4an egin zen bigarren proba, Durangon, eta han Ainhoa Marquinez idiazabaldarra eta Paul Bereziartua herriko semea izan ziren garaile. Hiru saioko zirkuitua prestatu zuten Mugarra triatloi taldeko antolatzaileek: 3,5 kilometro korrika, 10 kilometro bizikletan, eta, bukatzeko, beste 3 kilometro korrika. Durangoko proban orain arteko partaidetzarik handiena izan zen: guztira 133 duatloilari banakako eta errelebokako probak kontuan hartuta.

Aurreko larunbatean egin zen egutegiko hirugarren proba, Idiazabalen, eta horretan, Nekane Pradera mallabitarra eta Josu Urrestarazu herritarra izan ziren garaile. Emakumezkoetan, hiru proba eta hiru garaile izan dira Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituan: Asteasun, Maddi Olaetxea usurbildarra izan zen irabazle; Durangon, Ainhoa Markinez idiazabaldarra; eta Idiazabalen, Nekane Pradera, Zirkuituaren iazko irabazlea. Gizonezkoetan, Josu Urrestarazuk irabazi ditu hiru probetatik bi. Idiazabalen, Alberto Gomez donostiarra izan zen bigarren, eta Xabier Agirre idiazabaldarra bigarren.

Larunbat honetan, Kanpezuko mendi duatloia jokatuko dute, eta Euskal Herriko Txapelketa izango da. Hauek izango dira neurriak: lehen tartean, 5,64 kilometro egin beharko dituzte korrika, 218 metroko goranzko desnibelarekin; ondoren, 16,54 kilometro mendiko bizikletan (758 m+), eta, azkenik, beste 2 kilometro korrika (69 m+). Lehiakortasuna areagotzeko eta emakumeen parte hartzea sustatzeko, aurten bikote mistoek ere izango dute txapela Kanpezun. Gaur da izena emateko azken eguna.

Maiatzaren 17an izango da datorren urteko Zegama-Aizkorri

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 25. ekitaldia hasi da gorpuzten. Datorren urteko maiatzaren 17an izango da 25. urteurreneko lasterketa, eta, urtero bezala, Golden Trail World Serieserako proba puntuagarrian 225 leku izango dira zozketan. Maratoiko dortsalen zozketa horretan parte hartzeko izen emateak urtarrilaren 12an irekiko dira, 12:00etan, Kronoak.com plataformaren bidez. Hamar egunez, urtarrilaren 12tik 23ra, parte hartu nahi duten guztiek aurrez izena eman ahal izango dute. Urtarrilaren 26an, berriz, Kilometro Bertikala eta Junior Traila (16-18 urte) egiteko epea irekiko da. Hiru lasterketetarako dortsalen zozketa otsailaren 20an egingo da.

Euskal Herriko erdigunerako ibilaldia

Igandean egin zen Euskal Herriaren erdigunerako ibilaldia, Euskal Herriko Mendi Biltzarrak eta Sakana aldeko mendi taldeek eta elkarteek antolatuta. Eguraldi paregabea lagun, Senosiaindik, Irañetako bordatik eta beste zenbait lekutatik joan ziren mendizaleak Olibesarioko saroira. Han, gure lurraldearen erdigunean, besteak beste, Miren Eizmendi Nafarroako Mendi Federazioko presidenteak hartu zuen hitza, batasuna aldarri hartuta. Ekitaldi nagusiaren ondotik, mendizaleek bazkaria egin zuten Irañetako bordan, jai giroan, bertsotan eta kantuan.

Euskal Mendizale Federazioaren gala egingo da ostiralean Donostian, CVC taldeak antolatuta

Euskal Mendizaletasunaren 29. Gala egingo da ostiralean Aldapeta Maria ikastetxeko auditoriumean, Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak antolatuta. Aurten 75. urteurrena betetzen ari da CVC, eta ekitaldien artean, aurten beren gain hartu dute jai honen antolaketa. Sarrera librea da lekuak bete arte. Ekitaldia Ainhoa Urretabizkaiak aurkeztuko du, eta Thierry Biskari arduratuko da musikaz. Galan, sari hauek banatuko dira: Andres Espinosa saria; Euskal Mendizaletasunaren Lagunak saria; Loli Lopez Goñi saria; Antxon Bandres saria eta Ibilbide Onenaren saria. Ondoren, Pyrenaica aldizkariaren argazki eta artikulu onenen sariak ere banatuko dira. Eta gala amaitzeko, Cvcephoto nazioarteko argazki lehiaketaren sari banaketa izango da. Lehiaketa hori Club Vasco de Camping elkarteak antolatzen du, eta aurten 11. aldia izango du.

IBILBIDEAK

Muskilda, Iratiko bide zaharretik

Otsagabian (Nafarroa) dago Muskildako Andre Mariaren baseliza, izen bereko mendiaren gainea . Autoz ez ezik, oinez ere joan daiteke hara, herrian bertan dauden antzinako hainbat bidetatik. Ibilbide zirkular honen lehen tartea Iratiko oihanera daraman bide zaharretik beteko dugu, eta itzulera, berriz, herritarrek baselizaraino zuzenean igotzeko erabili ohi duten bideari jarraituz. Ibilbide osoa SL-NA 65 zidorraren marra zuri-berdeez balizaturik dago.

Erretzüko tontorrera Atharratzetik

Erretzüko tontorra elkarren segidako gain txiki-txiki batzuen artean dago; azken finean, Atharratze inguruko landetan harro antzean altxatzen diren muino soiletako bat da. Halere, Erretzü leku idiliko batean dago, eta, hain zuzen horregatik, badu nolabaiteko interesa ikuspegiari dagokionez. Izan ere, handik ezin ederrago ikusten da Zuberoako eta Biarnoko mendiek bat egiten duten ingurua, eta, gainera, Pirinioetako mendi adarrak ere begiztatu daitezke, baita horiek iparralderago dagoen landazabaleraino egiten duten trantsizioa ere. Bidea luzatu nahi izanez gero, aukera dago Maidalenara eta hango ermitara joan eta gero Atharratzera jaisteko.

NON, ZER?

Urriaren 15ean
Mendi Tour Tafallan (Nafarroa)
Bilboko Mendi Film jaialdiko filmak emango dituzte, Tafalla kulturgunean, 19:30ean. Informazioa eta filmak: Mendi Tour Tafallan

Urriaren 16an
‘Zazpi’ eta ‘Eutsi, Malen’ filmak eta solasaldia Orion
Orioko Talamendi elkarteak antolatuta, Mikel Lizarralderen Zazpi eta Malen Osaren Eutsi, Malen filmak ikusteko aukera izango da, eta, ondoren, solasaldia, bi protagonistekin. Bideratzailea: Unai Ugartemendia. Orioko Kultur Etxean, 19:00etan.

Urriaren 17an
Euskal Mendizaletasunaren 29. Gala Donostian
Donostian, Aldapeta Maria ikastetxeko auditoriumean izango da ekitaldia, Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak antolatuta. Gala horretan banatuko dira EMFren sariak eta Pyrenaica aldizkariaren sariak. Informazioa: EMF

​Urriaren 18an
Aramotz mendi lasterketaren XII. aldia, Zornotza (Bizkaia)
Goizeko hamarretan. 22 kilometro (+ 1.300 metro). Informazioa: https://aramotzmendilasterketa.eus/

​​​​​Urriaren 19an
Emakumeen lehen ibilaldi neurtua Errenterian
Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatuta, Errenteriako Urdaburu mendizale elkartearen laguntzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Izena emateko, galdetegi hau bete behar da. Ibilbidea 12 kilometrokoa izango da (330 m+).

XII. Jarindo Albertia mendi lasterketa, Legution (Araba)
11:00etan. 16 kilometro (+629 metro). Informazioa: https://www.rockthesport.com/es/evento/xii-carrera-jarindo-albertia

Ubietamendi mendi martxa, Zalla (Bizkaia)
08:30ean. 17 kilometro. Informazioa: https://www.ubietamendi.org/post/mendiko-martxa-2025

Mendi Tour Getarian
Bilboko Mendi Film jaialdiko filmak emango dituzte, Iturzaeta aretoan, 18:00etan. Informazioa eta pelikulak: Mendi Tour Getarian.

    Urriaren 25ean
    III. Deustuko Kilometro Bertikala, Bilbon
    10:00etan. Kilometro 1 (+143 metro). Informazioa: https://inscripcion.kirolprobak.com/inscripcion/deustuko-iii-kilometro-bertikala/

    Urriaren 26an
    31. Izkiko BTT Martxa, Kanpezun (Araba)
    09:00etan. Bi ibilbide: 60 kilometrokoa (+1.400 metro) eta 35ekoa (+850 metro). Informazioa: Izkiko BTT Martxa

    Mendi Tour Markina-Xemeinen
    Bilboko Mendi Film jaialdiko filmak emango dituzte, Esperantza aretoan, 18:30ean. Informazioa eta pelikulak: Mendi Tour Markina-Xemeinen

    Gipuzkoako Mendizale Federazioaren 39. Mendizale Helduen Ibilaldia, Mutrikun (Gipuzkoa)
    08:30ean. 15 kilometro. Informazioa: https://www.gmf.eus/eu/marcha-de-veteranos-de-la-federacion-guipuzcoana-de-montana/

    Urriaren 29an
    Euskal Mendizale Federazioaren XLIII. Mendizale Helduen Ibilaldia, Mutrikun
    Ibilbideak 15 km izango ditu. Izena emateko azken eguna urriaren 21. Informazio gehiago eta izen emateak: burumendi

    Urriaren 30era arte
    Iparrorratzei buruzko erakusketa Donostiako Vasco de Camping elkartean
    Irailaren 12az geroztik ikusgai dago Donostiako Vasco de Camping elkartean iparrorratzen inguruko erakusketa. Emmoa Fundazioaren eta Elkarteko bazkideen bildumetako iparrorratz ugari daude ikusgai, baita Rafa Elorzaren ‘Maparoskopiak’ izeneko katastro-mapen bilduma berezi bat ere.

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.