Klaebo, Norvegiako ereduaren ikur

Iraupen eskiatzaileak harrituta utzi du mundua Milan-Cortina d’Ampezzoko Olinpiar Jokoetan lortutako sei urreekin eta erakutsitako ahalarekin. Haren herrialdeak 18 urre eskuratu ditu, eta 41 domina guztira. Beste zenbait izar ere izan dira.

Johannes Hoesflot Klaebo, 50 kilometroko proba irabazten
Johannes Høsflot Klaebo, 50 kilometroko proba nagusian garaile helmugaratzen.
ramon olasagasti
2026ko otsailaren 23a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txundituta utzi du mundua Johannes Høsflot Klaebo iraupen eskiatzaile norvegiarrak: Milan-Cortina d’Ampezzoko Neguko Olinpiar Jokoetan urrezko sei domina lortzeko erronka jarri zion bere buruari, eta seiak lortu ditu, hasi 1,5 kilometroko esprinteko proba laburrenetik, eta 50 kilometroko proba luzeenarekin bukatu. Ahal erakustaldi harrigarria egin du, eta iraupen eskiari berari ere izugarrizko hauspoa eta distira eman dio bere agerraldi, bideo biral eta urrezko dominen bitartez.

Milan-Cortina d’Ampezzoko Olinpiar Jokoetako garaile nabarmenena izan da Klaebo. Eta Klaeborekin batera, Norvegia. Guztira 41 domina lortu ditu Europa iparraldeko herrialdeak, haietatik 18 urrezkoak, eta hori, neguko kirol diziplinen erdietan parte hartzen ez duelarik. AEBak izan dira bigarren, 33 dominarekin eta 12 urrerekin, eta Herbehereak hirugarren, 20 domina eta 10 urrerekin. Italiak, herrialde anfitrioiak, berealdiko Jokoak egin ditu —30 domina lortu ditu, 10 urrezkoak, baina Herbehereek baino zilarrezko bat gutxiago—, eta laugarren amaitu du sailkapenean. Domina guztien taula, hemen.

Norvegiako ereduaren garaipena ere izan da Neguko Olinpiar Joko hauetakoa. Tore Øvebrø Norvegiako eliteko kirolen zuzendariak ondo azaldu du: «Uste dut herrialde askotako kirol sistemak gehiago arduratzen direla gaztetxoen hautaketa zorrotza egiteaz, kirolari gazte asko bazterrean uzteaz eta ez hainbeste haien garapenaz. Gu gutxi gara [bost milioi eta erdi biztanle] eta haur guztiak zaindu behar ditugu. Ezin dugu bakar bat ere galdu». Norvegian, 12 urtera arte, haur guztiak kirol guztiak probatzera eta jolas egitera bultzatzen dituzte, haien garapen fisiko eta emozionala lehenesten dute, ez da dominarik eta trofeorik izaten irabazleentzat, eta ez da emaitzarik argitaratzen sare sozialetan; alegia, ez da galbahe basatirik ezartzen. Haur norvegiarren %93k egiten dute kirol antolaturen bat. Gero, nerabezaroan, nor bere bidea egiten hasten denean, orduan bai, Norvegiak kirol profesionalaren alde egiten du apustu, teknikaririk eta instalaziorik onenak jartzen ditu haien zerbitzura...

Andreas Skoglund etaJens Luraas Oftebro konbinatu nordikoko irabazleak
Jens Luraas Oftebro eta Andreas Skoglun, konbinatu nordikoko irabazleak. FILIP SINGER / EFE

Klaebo, aitonaren ezpalekoa

Johannes Høsflot Klaebok ere hainbat kirol egiten zituen haurra zela. Aitona, Kåre Høsflot, egunero joaten zitzaion bila iraupen eskiko edo futboleko entrenamenduak amaitzen zituenean. Aitona izan zuen lehen entrenatzaile ere. Hark oparitu zizkion lehen eskiak, 2 urte zituela, Gabonetan. Berez, lehengusuarenak ziren, handitxoak artean, baina bost axola hori Johannes txikiari. Haziko zen, haziko zenez. Nola, gainera. 16 urte zituela, erabaki egin behar izan zuen: futbola edo iraupen eskia. Europako edo munduko beste edozein herrialdetan, edozein gaztek futbola hautatuko zukeen begiak itxita, baina Norvegian iraupen eskiak futbolak baino pasio sakonagoak sortzen ditu. Herrialde haren izaerari lotutako kirola da.

«Hamar urte nituenetik, aitonak eramaten ninduen entrenamenduetara, eta berak etxera ekartzen. Berak laguntzen zidan ekipamenduarekin. Bota berriak behar banituen, berak erosten zizkidan Eguberrietarako», nabarmendu izan du Klaebok. Lasterketa bakoitzaren ondoren, ordea, aitonak ez zion galdetzen emaitzengatik. Autora sartu orduko, honela galdetzen zion: «Zer, Johannes, gozatu duzu?». Eta bilobak, normalean, baietz erantzuten zion. «Aitonak ahalegin handia egin zuen niretzat onena zer zen eta gauzak nola egin behar genituen erakusteko». Val di Fiemmeko pistetan zen aitona, 83 urterekin, biloba animatzen. Harrotasun benazkoaz, pentsatzekoa denez.

Klaebok misio bat zuen Milan-Cortina d’Ampezzo: parte hartzen zuen sei probetan urrezko domina lortzea. Urrezko sei, inoizko eskiatzaile onena izateko, kirol horren Olinpoan koxkarik gorenean leku bat egiteko. Izan ere, aurretik zegoen iraupen eskiaren gailurrean Klaebo: banaka 105 garaipen zituen Munduko Kopan, eta hamabost Munduko Txapelketa. Eta orain, beste inork lortu ez duena lortu du: Joko berean sei urre irabazi ditu. Esprintean, eskiatloian (10 kilometro + 10 kilometro bi estiloetan), estilo libreko 10 kilometrokoan, taldekako esprintean, 4x7,5 kilometroko erreleboan eta 50 kilometroko proba nagusian lortu ditu sei dominarik preziatuenak.

Dagoeneko hamaika urre ditu. Pyeongchangen (2018), lehen jokoetan, hiru eskuratu zituen, eta Pekinen (2022), berriz, beste bi. Atzean utzi ditu, beraz, urrezko zortzi edukita Norvegiako mitoen aldarean zeudenak: Marit Bjorgen, Bjorn Daehlie eta Ole Einar Bjoerndalen herrikideak. Olinpismoaren historian, Michael Phelps igerilari estatubatuarra bakarrik dauka aurretik: urrezko 23 domina.

Arrieta Rodriguez Elosegi eskiatzailea
Arrieta Rodriguez Elosegi eslalomeko proban. ANDREA SOLERO / EFE

Lucas Egibar, lurrera

Bost euskal kirolari aritu dira Neguko Olinpiar Joko hauetan: Lucas Egibar Breton (Donostia, 1994) eta Alvaro Romero Villanueva (Donostia, 2003) snowboard kros modalitatean; Arrieta Rodriguez Elosegi (Donostia, 2002) eski alpinoan, eslalomean zehazki; Manex Salsamendi Silva (Rio Branco, Brasil, 2002) iraupen eskian; eta Daniel Milagros (Iruñea, 2002) izotz gaineko patinajean, abiadurako proban zehazki.

Bosten artean, ibilbideagatik eta ahalagatik, Egibar zen dominen lehian ibil zitekeen bakarra. Berak ere «irabaztera» zihoala adierazi zuen jokoen aurretik eginiko elkarrizketan. Kukuak, ordea, oker jo zion final-laurdenetako kanporaketan. Kukuak edo lehiakide batek. Bihurgune batean bidea itxi, taula ukitu, eta lurrera bota zuen Egibar beste snowboardlari batek. Akabo amets olinpikoak. «Nik bihurgunea itxi dut, eta berak alderantziz egin du; ezinezkoa zen talka ez egitea. Ez da justua, eta haserre nago, baina horrelakoak gertatzen dira, eta nik ere bota izan ditut aurkariak lurrera. Nire errua ere bada, hobeto atera izan banintz, ez nintzen sartuko saltsa horretan», adierazi zuen.

Snowboard krosean aritu zen beste euskal herritarra, Alvaro Romero, final-zortzirenetan geratu zen kanpoan, eta 23. azken sailkapenean. Donostiarra lehen aldiz aritu da Olinpiar Jokoetan. Oso gaztea da, 22 urte, eta, ondo bidean, ez da azkenekoz ariko Olinpiar Jokoetan.

Manex Salsamendi Silva iraupen eskiatzaileak (Rio Branco, Brasil, 2002) bigarren Olinpiar Jokoak izan ditu, eta bi probatan hartu du parte: esprintean, estilo klasikoan, eta estilo libreko 10 kilometroko proban. Esprinteko proban zuen itxaropena, bere ezaugarriak eta prestaketa osoa horretara bideratu baititu ziklo olinpiko osoan, eta 48. postuan bukatu zuen; ez zuen, beraz, 30 onenen artean sailkatzerik lortu, final-laurdenetan aritzeko. «Pozik nago egin dudanarekin. Gustatuko litzaidake apur bat aurrerago amaitzea, baina hona iristeko lan ona egin dut, eta uste dut erakutsi dudala hori. Uste dut taktikoki ez dudala ezer gaizki egin, eta ezin diot askoz gehiago eskatu neure buruari», adierazi zion BERRIAri. Hamar kilometrokoan, berriz, 97. amaitu zuen. Klaebo ahalguztidunak irabazi zituen bi proba horiek.

Arrieta Rodriguez Elosegi eskiatzaileak (Donostia, 2002) «eski maila ona» erakutsi du bere estreinako Olinpiar Jokoetan, eslalomeko proban, baina ezin izan du 30 aurrenekoen artean sailkatu. Berez, hogei aurrenekoen artean sailkatzea zuen helburu, baina lehen 30en artean amaitzea ere «izugarria» litzatekeela onartu zuen. Azkenean, 33. izan da, helburu horretatik hurbil. Lehen jaitsieran, 95 eskiatzaileren artean 39. izan zen Rodriguez, eta bigarrenean, nahiz eta hasieran bastoekin arazoak izan, txukun aritu zen azkenean. Bi denborak batuta, 33. izan zen azkenean. Jokoetako beste izarretako batek lortu zuen urrezkoa, Mikaela Schiffrin estatubatuarrak.

Daniel Milagros (Iruñea, 2002) abiadura patinajeko 1.000 metrokoan lehiatu da, eta 27. izan da bere lehen Olinpiar Jokoetan. Patinatzaile iruindarrak 1.11,25eko denbora egin zuen, bere marka onena baino segundo bat motelago. Jordan Stolz estatubatuarrak irabazi zuen urrezko domina, 1.06,28ko denborarekin. Olinpiar Jokoetan abiadura patinajean lehiatu den lehen euskal kirolaria izan da Milagros.

Zoriaren bi aurpegiak: Breezy Johnson eta Lindey Vonn

Aurkia eta ifrentzua, loria eta hondorik mingarriena. Breezy Johnson eta Lindsey Vonn estatubatuarrak izan dira Joko hauetan zoriaren bi aurpegiak: zorionarena bata, zorigaiztoarena bestea. Jaitsierako probaren finalean, Johnson aulki beroan zen, denborarik onenarekin. Lindsey Vonn zen garaitu zezaketen bakanetako bat. Jokoen atarian, lotailu gurutzatua apurtu zuen Vonnek, baina parte hartzea erabaki zuen, hala ere. 41 urterekin, agur loriatsua nahi zuen. Abiatu eta lasterrera, ordea, bastoi bat ateetako batean trabatu zitzaion Vonni, eta lurrera joan zen, abiadura beldurgarrian. Mutu geratu ziren ikus-entzuleak haren garrasiekin. Hantxe bukatu zitzaion jaitsiera, eta, agian, baita ibilbidea ere.

Federica Brignoneeskiatzailea
Federica Brignonek, lesiotik osatu berri, bi urre lortu ditu erraldoian eta super erraldoian. DANIEL DAL ZENNARO / EFE

Beste estatubatuar bat, Mikaela Schiffrin, ospearen eguterara itzuli da, zortzi urteren buruan. Eslalomeko proban, inoizko eskiatzaile onena izan da: 108 garaipen munduko kopan, zortzi aldiz munduko txapeldun, bost aldiz Munduko Kopako irabazle... 17 urte gorrirekin lortu zuen lehen garaipena elitean, eta 18rekin lehen urre olinpikoa Sochin. Gauza bera egin zuen Pyeongchangen (2018), baina Pekinen ez zuen domina bakar bat eskuratu, eta Milan-Cortinan ere porrotaren itzal luzea sumatu zuen atzetik jarraika: laugarren egin zuen taldekako konbinatuan eta hamaikagarren erraldoian. Eslalomean, ordea, nor den erakutsi zuen, eta garaipen handia eskuratu.

Italian, etxean, heroien idulkira igo den bestea Federica Brignone izan da. 2025eko apirilaren 3an, Italiako Txapelketetan, hanka hautsi eta ezker belauneko lotailuak eten zituen Milango Tigreak. Bazirudien etxeko jokoak etxetik ikusi beharko zituela, baina Olinpiar Jokoak baino hilabete lehenago berriro jantzi zuen kaskoa, tigrearen marrazkiarekin, eta inork espero ez zuen atzaparkada eman du, erraldoia eta supererraldoia irabazita. Italiak Olinpiar Jokoak antolatu izan dituen aurreko bi aldietan ez zuen dominari lortu eski alpinoan, eta aurten bost eskuratu ditu.

Gizonezkoetan, Franjo von Allmen gazte suitzarrak tronutik kanporatu du Marco Odermatt herrikidea. Von Allemenek hiru urre lortu ditu bere lehen Olinpiar Jokoetan, supererraldoian, jaitsieran eta taldekako konbinatutan. Lucas Pinheiro izan da beste izarretako bat Milanen. Eslalom erraldoian urrezkoa lortu du brasildarrak, Hego Amerikako herrialde batek Neguko Olinpiar Jokoetan lortzen duen lehena.

Cardona eta Fatton, mendiko eskian

Mendiko eskia lehen aldiz kirol olinpikoa izan da Milan-Cortinan, esprinteko eta errelebo mistoetako bi modalitatetan. Luze eztabaidatu daiteke mendiko eskia diren eski pistetan, oztopo artifizialak jarrita eta hain formatu laburrean egiten diren proba hauek, baina telebistaren eskakizunetara lerratu da kirola. Olinpiar Jokoetan mendiko eskiko lehen urrea eskuratzeko ohorea Oriol Cardona kataluniarrarentzat eta Marianne Fatton suitzarrarentzat izan da.

Oriol Cardona mendiko eskiatzailea
Oriol Cardonak urrezkoa lortu du banakakoan, eta brontzezkoa errelebo mistoetan, Ana Alonsorekin. ANNA SZILAGYI / EFE

Cardona zen faborito nagusietako bat urrea irabazteko: iaz Munduko Kopako irabazle izan zen, zortzi probetatik sei irabazita, baita munduko txapeldun ere, eta aurten ere garaile izan zen Munduko Kopako Courcheveleko (Frantzia) proban. Baina faborito izatetik urrezkoa irabaztera dagoen distantzia esprinta baino askoz luzeagoa da sarri. Emakumezkoetan, adibidez, Emily Harrop frantziarra zen hautagai nagusia, baina finalean finago aritu zen Marianne Fatton.

Errelebo mistoetan, hartu zuen ordaina Harropek, Thibault Anselmet herrikidearekin bikotea osatuta, eta hor bai, urrezkoa lortu zuten frantziarrek, nagusitasun handiz. Marianne Fatton eta Jon Kistler suitzarrek eskuratu zuten zilarrezkoa eta Ana Alonso eta Oriol Cardona Espainiako ordezkariek, brontzezkoa.

Holandarrak, Fontana eta Lollobrigida, Heraskevytx...

Izan da goraipatzeko moduko besterik. Izotz gaineko patinajeko abiadurako probetan, sekulako nagusitasuna agertu dute Herbehereetako patinatzaileek. Lortu dituzten hamar urreak modalitate horretan lortu dituzte. Kirol berean, handia egin du Arianna Fontana italiarrak: seigarren Neguko Jokoak zituen, eta seietan lortu du dominaren bat, Turinen 2006an 15 urterekin lehen aldiz parte hartu zuenetik. Francesca Lollobrigida herrikidea ere bikainak aritu da, eta bi urre lortu ditu: lehena, 35 urte bete zituen egunean, 3.000 metroko abiadurako proban, eta bigarrena, 5.000 metrokoan.

ITALY MILANO CORTINA OLYMPIC GAMES
Joy Beune, Marijke Groenewoud eta Antoinette Rijpma-de Jong holandarrak, jazarpeneko proban. Holandarrek hamar urre lortu dituzte patinajean. ROBERT GHEMENT / EFE

Izotz gainean, Ilia Malinin estatubatuarrak bereganatu zituen Jokoen hasierako titulu eta bideo biral guztiak, taldekako lehian, atzeranzko jauzi mortala egin eta ekitaldi miresgarria osatu zuenean. Banakakoan, ordea, presioak gain hartu zion «munduko agertoki handienean», eta bi aldiz joan zen lurrera.

Vladyslav Heraskevytx izan da nahi gabeko beste protagonistetako bat. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak kanporatu egin zuen skeletoneko kirolari ukrainarra, faboritoetako bat, Errusiak hildako 20 atleta eta entrenatzaile ukrainarren omenezko kaskoarekin ateratzeagatik. «Hauxe da gure duintasunaren prezioa», adierazi du Heraskevytxek berak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.