Mendi bete film, liburu aurkezpen, erakusketa...

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 19. ekitaldia aurkeztu dute. Abenduaren 4tik 13ra izango da aurten zinemaldia. Jennifer Peedom eta Sayed Alishah Farhang izango dira protagonistetako bi. 49 filmen artean sei euskal ekoizpen aurkeztuko dira.

2026KO Mendi Film jaialdiaren aurkezpena
Antolatzaileak eta erakunde babesleetako ordezkariak, aurkezpen ekitaldian. E. MORENO ESQUIBEL
ramon olasagasti
2026ko azaroaren 24a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abenduaren 4tik 13ra izango da aurten BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia, 10 egunez. Gaur aurkeztu dute mendi zinemaldiaren 19. ekitaldia Euskalduna Jauregian; huraxe izango da mendiko kulturaren kanpaleku nagusia zinemaldiak irauten duen denboran. Jabier Baraiazarra jaialdiaren zuzendariak aletu ditu aurtengo xehetasun nagusiak eta trailer ofiziala eta Lei Bao txinatarraren argazkiarekin egindako kartela aurkeztu ditu.

Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaitzat dauzkaten 49 pelikula izango dira ikusgai aurtengo jaialdian. Hautaketa ez dela erraza izan zehaztu du Baraiazarrak, inoiz baino pelikula gehiago aurkeztu baitura aurten, 231 hain zuzen. Sail Ofizialean 43 pelikula izango dira lehian, eta aurkezpen berezientzat gordetako Zabalandi sailean, berriz, sei programatu dira. «Europa, Ipar eta Hego Amerika, Asia, Afrika eta Ozeaniako ekoizpenak daude, eta jatorrien aniztasun horrek berak berresten du Mendi Film nazioarteko jaialdi erreferentea dela, mendi zinemagintzaren industriako motor eragile sendoa izateaz gain», nabarmendu du Baraiazarrak.

Mendi Film 2026ko trailerra

Aurkezpen ekitaldian izan dira erakunde babesleetako ordzkariak ere: Leixuri Arrizabalaga, Euskara, Kultura eta Kirol Diputatua; Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia; Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria; Nora Sarasola, BBK Fundazioko Gizartekintza Zuzendaria; Iñigo Iturrate, Euskalduna Bilbaoko Zuzendari Nagusia; Andrea Ibañez, EiTB-ko estrategia eta komunikazio arloko operazio zuzendaria; Jon Viteri, Afesa Medioambiente-ko zuzendaria; Mari Carmen Blanco, Ternuako arduradun komertziala; Ricardo Hernani, Euskal Mendi Federazioko presidentea; Argiñe Areitio, SUA argitaletxeko zuzendaria eta Mikel Renteria, The Walk On Project Fundazioko ordezkaria.

Sei euskal ekoizpen

Aurten, sei euskal ekoizpen aurkeztuko dira, horietatik bost Sail Ofizialean. Aner Etxebarriak Abata filma aurkeztuko du. Nafarroa eta Lapurdiren arteko mugan dagoen borda batean, Gerardo Danboriena Etxalarko azken usozale belaunaldiaren ordezkariak zazpiehun urte baino gehiago dituen tradizio horren eta desagertzeko zorian dagoen langintzaren sekretuak agertzen ditu pelikulan.

Oihane Ruiz arkitektoaren eta Ane Barrutia paisajistaren Berdea lanak, berriz, Euskal Herriko egurraren zikloaren inguruan egiten du gogoeta, basotik hasi eta industriaraino. Eta premiazko galdera bati erantzunak bilatzea du helburu: zer baso utziko diegu etorkizuneko belaunaldiei?

Aitor Intxaurragaren Denboraren ibilaldia filmak bidaia bat proposatzen du Gorbeia mendiguneko mila metrotik gorako 50 gailurretan barrena, eta erronka fisikoa lurraldearen memoriarekin lotu.

Joxe Ramon Agirre Marron mendizaleak eta Gexan Mendizabal zinemagileak K2-Lurretik hegan pelikula ondu dute. Mattin Iñiguez da filmeko protagonistetako bat. Iñiguez hegan ibili da aurtengo udan Karakorumen, K2 menditzarrera iristeko ametsa bete nahian, baina, hegaldi eta amets horiekin batera, hango Arando herrixkako biztanleekin izandako esperientzia sakona da pelikularen benetako mamia.

2026KO Mendi Film jaialdiaren aurkezpena
Sei euskal ekoizpenen egileetako batzuk, aurkezpen ekitaldian. E. MORENO ESQUIBEL

Mikel Urrizaren Zegama Zegama da filma Zegama-Aizkorri mendi lasterketa entzutetsuak 25 urteotan egindako bidearen laburpena da: herri baten, mendi baten eta bien artean urteetan ehundu den harremanaren kontakizuna.

Seigarren filma aspaldikoa da, 1981. urtean Jannu mendia (7.710 m) igo zuten nafarren espedizioari buruzko lana. «Egiazko harribitxi bat», Baraiazarraren hitzetan. Orain, Emmoa-Euskal Mendizaletasunaren Museoak berreskuratu du pelikula, eta Euskadiko Filmategiak digitalizatu du. Iñaki Aldaia, Xabier Garaioa, Mari Abrego, Josema Casimiro, Javier Muro eta Patxi Senosiain mendizale nafarrek Jannu menditzan egindako igoera azaltzen du filmak, euskal mendizaleek Himalaian eginiko jarduera nabarmenenetakoa. Zabalandi sailean proiektatuko da.

Euskal ekoizpenez gain, «nabarmentzeko moduko titulu asko» izango da aurtengoan ere Baraiazarraren hitzetan: Tenzing, The Dark Wizard, Trango, K2 West Face. The Legacy of Two Climbers, YerupajĂ¡, Frost Without Snow and Ice eta I Follow Rivers, besteak beste.

The Dark Wizard dokusaileko protagonista Dean Potter eskalatzaile eta BASE jauzilaria da. Peter Mortimer zuzendariak eta Sender Films ekoiztetxeak lau kapituluko saila ondu dute, zinez ikusgarria. Trango pelikularen oinarria, bestalde, mendizale norvegiarrek Karakorumeko Trango dorreetara egindako bi espedizio dira, bata 1984koa eta bestea 1999koa. «Nazioarteko estreinaldi indartsua» izango da Bilbon. K2 West Face. The legacy of two climbers lanak, berriz, Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima ditu protagonista. K2 mendian bide bat zabaltzeko saiakeran zendu ziren, 2024an. Moe Wada zinema zuzendari japoniar entzutetsuak ondu du filma. YerupajĂ¡ lanak Marc Toralles, Bru Busom eta Ruben Sanmartin alpinisten jarduera itzela azaltzen du. 2026ko Urrezko Pioleta eskuratu du igoera horrek. Frost Without Snow and Ice Asgeir Helgestad zinemagile eta argazkilari norvegiar ospetsuaren lana da. Svalvarden bizi den Frost izeneko hartz eme zuri bat da pelikulako protagonista. Irudien eta naturaren arteko konexioa bete-betekoa da, eta klima aldaketaren ondorio suntsitzaileak agerian geratzen dira.

Sail ofizialeko filmen artean sarituak aukeratzeko lan gaitza beteko duen epaimahaiko kideak bost hauek izango dira aurten: Mikel Urdangarin (Euskal Herria) musikaria eta Itsasora pelikularen egilea; Angela Benavides (Espainia) Explorersweb atariko arduraduna; Roberto de Martin (Italia), Trento Film Festivaleko presidente ohia; Ben Sturgulewski zinegilea (AEB) eta Katie Stjernholm ekoizlea (AEB).

Jennifer Peedom eta Sayed Alishah Farhang protagonista

Jennifer Peedom zinegile australiar entzutetsuak International Alliance for Mountain Film elkargoaren urteko Sari Nagusia jasoko du Bilbon, eta bere azken lana estreinatuko du: Tenzing. Fikziozko lanak Tenzing Norgay Everesteko lehen igotzailearen ibilbidea eta lekukotza jasotzen du. Filma urrian estreinatu zen, eta Mendi Filmekoa pelikularen lehen proiekzioa izango da mendi zinema jaialdi batean. Abenduaren 11n, izango da Jennifer Peedomek berak aurkeztuta.

Beste protagonista Sayed Alishah Farhang errefuxiatu afganiarra izango da. Berak jasoko du aurten WOP Mendi Film saria. Afganistandik ihesi, Alemanian bizi da gaur egun Farhang, eta iaz Bilboko Mendi Film jaialdiko sari nagusia eskuratu zuen Champions of the Golden Valley filmeko protagonista nagusia da. Sayed Alishah Farhangek bere sorterrian, Bamyan eskualdean, mendiko eskiko txapelketa bat antolatu eta sendotzeko ahalegina egin zuen urte luzez. Talibanen erasoek eta gatazkek gogor zigortutako eskualde batean, mendiaren eta eskiaren bidez osasuna, aisialdia, zoriontasuna eta genero berdintasuna sustatu nahi izan zituen. Sayed Alishah Farhang bera, emaztea eta bi seme-alabak izango dira Bilbon, baita filmeko zuzendaria eta ekoizlea ere, Ben Sturgulewski eta Katie Stjernholm estatubatuarrak. Abenduaren 12an izango da WOP Mendi Film Sariaren ekitaldia.

Jabi Baraiazarra Mendi Film jaialdiaren zuzendaria
Jabi Baraiazarra Mendi Film jaialdiaren zuzendaria. E. MORENO ESQUIBEL

«Mendi Film nazioarteko jaialdi erreferentea da, mendi zinemagintzaren industriako motor eragile sendoa izateaz gain»

JABI BARAIAZARRA Mendi Film jaialdiaren zuzendaria

Horiez gain, mendiko kulturari lotutako beste hainbat saio eta ekitaldi ere izango dira. «Aurten, esaterako, atal berria estreinatuko dugu: Mendi Bosteko. Lurraren zaintza eta harekiko errespetuzko jokaera nabarmentzen duten pelikulak jasoko dira atal horretan; aurten, zortzi lan izango dira», azaldu du Baraiazarrak. Atal horri loturik, mahainguru bat ere izango da abenduaren 5ean, lurraren errespetua eta zaintza hizpide hartuta: Mendi aldakorrak. Hizlariak, hauek: Eñaut Izagirre, Jeronimo LĂ³pez eta Marc Oliva izango dira.

Emakumea eta mendiaren arteko lotura islatzen duten hainbat pelikula aurkeztuko dira aurtengo Mendi Filmen ere, eta, mahai inguru berezi bat ere izango da abenduaren 6an, 16:00etan: Gorputza mendian. Fisiologia, amatasuna eta abentura. Hizlariak: Riccarda de Eccher, Elena Goatelli, Anna Carceller, Esther Morencos eta Maria Francisca Mas Riera.

Hitzaldiak, liburu aurkezpenak, erakusketak...

Mendiko libururik ere ez da faltako. Juan Vallejok Zero azpitik. (Istorioak) aurkeztuko du; Isidoro Rodriguez Cubillasek Pedro Udaondo. Puro alpinismo, Armand Ballart Escalada en B/N ... Hitzaldien artean, Parvaneh Kazemi emakume mendizale irandarra izango da, besteak beste.

Erakusketen artean, CVCE Photo lehiaketako argazki sarituen eta hautatuen erakusketa zabaldu dute aurten ere Bilboko Mendi Filmek eta Bilboko Metroak. Abenduaren 15era arte formatu handiko 20 irudi izango dira ikusgai metroko hainbat geltokitan. Itsasmuseumean, berriz, Yhabril Moro argazkilariaren Yhabril’10 – 10 años de luz, montaña y acciĂ³n erakusketa dago ikusgai.

Workshopen artean, mendiko akuarela esperimentalari eta krokisari loturikoa eta haurrentzako Monotipo botanikoa deritzon saioa izango dira, Eli Azumendiren eskutik, eta erliebezko grabatuei loturikoa, Myriam Gesalaga eta Roberto Riosen eskutik.

Filmen eta gainerako ekitaldien egitaratu osoa, Mendi Film jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke.

14.000 ikusle 2026ko Mendi Tourren

Mendi Filmeko pelikula arrakastatsuenen zirkuitu ibiltarien datuak ere eman dituzte aurkezpenean. Urtarrilean hasi eta azarora arte, iazko jaialdian nabarmendu ziren pelikulekin osatutako saioek harrera oso ona izan dutela azpimarratu du Baraiazarrak. Guztira 50 hiri eta herritara iritsi da Mendi Tour, 87 zine emanaldi eta 14.000 ikusle izan dira Euskal Herri osoan, Herrialde Katalanetan eta Espainian.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA