Etxe Zuriak esan du Trumpek erabakiko duela gerra noiz amaitu

Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramailearen hitzetan, AEBetako presidenteak soilik erabaki dezake Teheranek «benetan» amore eman duen. Iranek Trumpi erantzun dio Teheranek erabakiko duela gatazka noiz amaitu; erasoak hedatzeko prest dago.

1979az geroztiko Irango lider gorenak Teheranen gaur, irudi batean: Ruhollah Khomeini, Ali Khamenei eta Mojtaba Khamenei.  ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
1979az geroztiko Irango lider gorenak Teheranen gaur, irudi batean: Ruhollah Khomeini, Ali Khamenei eta Mojtaba Khamenei. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Susaeta - Julen Otaegi Leonet
2026ko martxoaren 10a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trumpekin, ezin jakin. Etxe Zuriko maizterrak gauza bat esaten du, eta, handik egun batzuetara, are ordu bakan batzuetara, kontrakoa esan dezake. Horrela jokatzen du munduko potentzia ekonomiko eta militar nagusiko presidenteak. Ostiralean adierazi zuen AEBek ez zutela Iranekin negoziatuko, aiatolek amore ematea besterik ez zutela onartuko; eta gaur, ordea, Iranekin hitz egiteko prest egon daitekeela esan du, Fox telebista katean egin dioten elkarrizketa batean: «Baliteke, baldintzen arabera. Baliteke, baliteke, baldin eta... Tira, pentsatuz gero, ez dugu zertan gehiago hitz egin, baina baliteke». Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak agerraldi batean azaldu du erasoaldiak ez direla amaituko Iran «baldintzarik gabe errenditu arte», eta Trumpek erabakiko duela gerra noiz amaitu. Hala ere, zehaztapen katramilatsua egin du, esan baitu Teheranek amore emanda ere azken hitza ez dela harena izango: «Trump presidenteak esango du Iran noiz errenditu den benetan, baldintzarik gabe: Ameriketako Estatu Batuentzat eta haien aliatuentzat mehatxu zuzena izateari utzi dionean».

Batek so, besteak arre; horrela ari dira aldeak. Iranek erantzun egin die Trumpek «gerra bukatzear» dela esanez egindako adierazpenei, eta nabarmendu beraiek erabakiko dutela gerra noiz bukatuko den. «Gerra hedatzeko prest gaude», azpimarratu du Guardia Iraultzaileak gaur goizaldean ohar batean, Irango Fars berri agentziak zabaldu duenez. Horrenbestez, erronka jo diote AEBetako presidenteari, hark atzo esan baitzuen «ia bukatuta» zegoela gerra. Trumpek esandakoa zuzendu du Pete Hegseth Gerra idazkariak, Pentagonoan gaur egin duen prentsaurreko batean: gerrak AEBen «egitarauari» jarraituko dio, eta ez da bukatuko «etsaia guztiz eta erabat garaitu» arte.

Teheranek, duela egun batzuk esan zuen ez ziela erasoko auzoko herrialdeei, baina ez du gatazka eteteko asmorik. «Gure misilak gerra hasi zenean baino indartsuagoak dira orain». Otsailaren 28an, AEBek eta Israelek eraso egin zioten Irani, airez, eta Iranek kontraerasora joz erantzun du. Dena den, alde bateko eta besteko hildakoen kopuruak argi erakusten du nagusitasun militarra nork duen: azkeneko hamar egunetan, Israelen eta AEBen erasoek gutxienez 1.300 pertsona hil dituzte Iranen; kontrara, Teheranen kontraerasoak AEBetako zazpi soldadu eta Israelgo bat hil ditu, eta beste 11 lagun Israelen. Horiei guztiei gehitu behar zaizkie tarte horretan Israelek Libanon hildakoak: 570 lagun inguru, iturri ofizialek diotenez.

(ID_15869828) IRÁN GUERRA
Bi emakume Teheranen, herenegun. JAIME LEON / EFE

Iranek ez du amore emateko asmorik, eta Guardia Iraultzaileak argudio bat plazaratu du horretarako: «Segurtasuna edo segurtasunik eza denontzat izango da». Eta ematen du, gainera, balizko negoziazioei ere uko egingo liekeela. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak hori esan dio gaur PBS News AEBetako telebista kateari, AFP France-Press berri agentziak jaso duenez. Adierazi du, bide batez, gerran jarraitzeko prest daudela. «Hau ez da gure gerra; ezarri egin digute». 

Jarrera hori, beraz, neurri batean behintzat ez dator bat Masud Pezexkian Irango presidenteak joan den larunbatean agertutakoarekin. Iragarri zuen ez diela erasoko Ekialde Hurbileko herrialdeei, AEBek ez badiete herrialde horietan dituzten base militarretatik erasotzen; hori bai, Washingtonek berdin jarraituz gero kontraerasoan segituko dutela gaineratu zuen Irango presidenteak. Trumpek ez zituen kontuan hartu adierazpen horiek, eta aurreratu zuen, negoziazio aukerak baztertzearekin batera, Iran gogor bonbardatuko dutela. Pezexkianek, berriz, Vladimir Putin Errusiako bere homologoarekin hitz egin du gaur, telefonoz, TASS Errusiako albiste agentziak jakinarazi duenez —atzo Trumpekin hitz egin zuen Putinek—. Zabaldu dutenaren arabera, gerrari «irtenbidea» emateko eta «bide politikoak» erabiltzeko eskatu dio Putinek Pezexkiani.

Israelen presioa

Araghtxik pentsatzen du, baina, «porrot» egin dutela Israelek eta AEBek, erasoaldia hasita: «Uste zuten bizpahiru egun beharko zituztela erregimena aldatzeko, garaipen azkar eta argi bat lortzeko, baina ez dituzte beren helburuak bete, eta orain, hamar egun geroago, helbururik ere ez dutelakoan nago». Israelek Teheran bonbardatzen segitzen du, baita irandarrei eskatzen ere sistema eroraraz dezatela. Hori egin dute Mossadek eta Benjamin Netanyahuk, nork bere aldetik. Zerbitzu sekretuek mezu hau kaleratu dute Telegrameko beren kanalean: «Pauso bat besterik ez da gelditzen. Bat egin zu zeu bezala erabaki zuzena hartu dutenekin. Zuk eta zure familiak zain dute etorkizun hobe eta seguruago bat Iran berrian, gurekin batera. Jarri gurekin harremanetan modu seguru batean». Lehen ministroak ere antzeko mezu bat plazaratu du, ospitale batera egindako bisita batean.

Libanoko egoera humanitarioaz ohartarazi du OME-k

Iranen aurkako bonbardaketek gerrara bultzatu dute Libano, Israelek egoera baliatu baitu iparraldeko bizilagunaren kontrako erasoaldia areagotzeko. OME Osasunaren Mundu Erakundeak herrialde hartan duen ordezkari Abdinasir Abubakarrek egoera humanitarioaz ohartarazi du gaur sare sozialetan, eta azken asteko gertaerek zer ondorio utzi dituzten plazaratu: 667.000 desplazatu daude, eta bonbardaketengatik 84 adingabe hil dira. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak gaur ohar batean gogorarazi du, bide batez, gerrak bere horretan jarraitzen badu desplazatu kopuruak gainditu egingo duela Israelen eta Hezbollahren aurreko gatazkak (2023-2024) eragindakoa: 886.000 pertsona.

Horren guztiaren harira, Irango Atzerri ministroak adierazi du Mojtaba Khamenei lider goren berria aukeratzea kolpea izan dela AEBentzat eta Israelentzat. Igandean jakinarazi zuten Ali Khameneiren lekua hartuko zuela; hau da, aire eraso batean otsailaren 28an hildako buruzagiaren semeetako batek hartu du azken ia 40 urteotan Irango lider gorena izandakoaren lekua. Eta Trumpek hainbat elkarrizketa eman zituen atzo, baita agerraldi bat egin ere. «Ez dute ez itsas armadarik, ez komunikatzeko gaitasunik, ez aireko indarrik. Misilak sakabanatuta dauzkate. Haien droneak eraitsiak izaten ari dira, halakoak fabrikatzeko lantegiak, suntsituak. Militarki, ez dute ezer», bota zuen CBS telebista katean, eta hau gehitu, gerrazale: «Hain gogor joko ditugu, ez haiek eta ez inork ezingo baitu munduko eremu hori lehengoratu».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA