PKK gerrillariak Turkiatik ateratzen hasi da, bake prozesuan aurrera egiteko

Gerrilla kurduak azaldu du Turkiako mugen barruan gerrillariak izateak gatazkak eragin zitzakeela, eta probokazioetan erortzeko arriskua zutela. Ankarak ontzat hartu du neurria.

PKKren milizianoak, uztailean, armagabetzearen hasiera irudikatzeko zeremonian. ANF
PKKren milizianoak, uztailean, armagabetzearen hasiera irudikatzeko zeremonian. ANF
Paulo Ostolaza.
2025eko urriaren 26a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

PKK Kurdistango Langileen Alderdiak «urrats historiko bat» eman du gaur: Turkian dituen gerrillariak erretiratzen hasi da. Helburua da maiatzetik Turkiako Gobernuarekin negoziatzen ari diren bake prozesuan aurrera pausoak ematea. Gerrilla kurduak maiatzean iragarri zuen borroka armatua utziko zuela, eta uztailean ekin zion armak suntsitzeari.

Irak iparraldean egin dute albistea iragartzeko prentsaurrekoa PKK-ko buruzagiek, 25 gerrillarik Turkia eta Irak arteko muga menditsua igaro berritan. Azaldu dutenez, «urrats handiak» ematen ari dira «bakean biziko den gizarte demokratiko bat lortzeko», eta horietako bat da gaur iragarritakoa. «Gure kideak Turkiako mugen barruan izateak gatazkak eragin ditzake, eta probokazioetan erortzeko arriskua dago», adierazi du Sabri Ok PKK-ko kontseilu exekutiboko kideak. Gehitu du neurriak hartu dituztela Turkia eta Irak arteko mugan talkak ez izateko; PKK-k han ditu bere base garrantzitsuenak.

Turkiako Gobernuari eskatu diote berehala onartzeko PKK-ko kideak Turkian birgizarteratzeko beharrezko legeak, horrela herrialdeko prozesu politiko eta demokratikoetan parte hartzeko eskubidea izan dezaten. Lege horiek onartzeko arduraduna abuztuan Turkiako Asanblean martxan jarri zuten Elkartasun Nazionalerako, Senidetasunerako eta Demokraziarako Batzordea da.

Hortaz gain, aipatu dute Ekialde Hurbilean gaur egun dauden gatazkek eta gerrek arriskuan jartzen dituztela turkiarren eta kurduen etorkizuna.

Gobernuaren lehen erantzuna Omer Çelikek eman du, agintean den AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiko bozeramaileak. Esan du urrats egokia dela, «terrorismorik gabeko Turkia eraikitzeko prozesuaren beste emaitza on bat».

Dena den, azpimarratu du ezinbestekoa dela PKK-k uztailean abiatutako armagabetze prozesua behatzea. «Kontu handia izan behar dugu, eta prozesua babestu mota guztietako probokazioetatik. Badakigu gure eskualdean kaosaren politikak sustatzen dituztenak prozesua sabotatu nahian dabiltzala», adierazi du, zeharka Israel aipatuz. Herrialde horrek Siriako milizia kurduekin aliantzak egiteko zenbait saiakera egin ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.