Renon harrapatu ninduen hauteskunde gauak. Han eman behar nuen hitzaldi bat, Euskal Ikasketen Zentroak gonbidatuta. Asteartean bertan hartu nuen hegazkina New Yorketik hara, eta hegazkinean nengoela hasi nintzen mugikorrean emaitzei begira.
Hasierako emaitzek ez zuten askorik esaten, baina pixkanaka orratza demokraten aldera joan zen. Senaturako berri onak iritsi ziren ezari-ezarian, eta Ordezkarien Ganbera ere haien esku geratuko zela argi geratu zen. Texas, Ohio, Iowa, Kansas, Michigan eta enparauak. Hainbeste diru gastatu eta gero kanpainan, teknoligarkek ez zuten lortu nahi zutena. Hainbeste irain eta mehatxuren ostean, presidentea atzean geratu zen.
Hoteleko gelan CNNko komentaristak ari ziren emaitzak aztertzen. Emakumeek, beltzek, latinoek eta, batez ere, gazteek bultzatu zuten olatua. Duela bi urte beste aldera joandako boto asko berreskuratu zituzten demokratek. Herritarren eguneroko arazoak izan ziren nagusi: prezioak jaistea, gerra amaitzea, osasuna hobetzea, etxebizitza eskuragarri jartzea. Netanyahuren aurrean begiak ixteari uzteko beharra ere aipatu zen. Eta lotsarik gabeko korrupzioa.
Baina bazen beste zerbait, niretzat bereziki garrantzitsua. Polarizazioari eta gorrotoari erantzuteko beste modu bat erakutsi zuten hautagai askok. Ez zuten presidentearen diskurtso bera errepikatu kontrako aldetik. Herritarren kezkei entzun zieten, proposamen zehatzak egin zituzten, diskurtso handinahirik gabe. Arazoa Estatu Batuetatik zetorren beharbada, baina soluzioa ere bai: oposizio batu bat, herritarren kezkei entzuten dakiena, herrarik gabe, polarizazioan erortzeko asmorik gabe.
Demokrazia lezio bat izan zen asteartekoa. Jendeak erakutsi zuen botoek balio dutela, banaka-banaka eta batuta gauzak aldatzeko gai garela. Patti Smith handiak zioen hura, People have the power, egiaztatu balitz bezala. Munduak merezi zuen halako zerbait, Estatu Batuetako klima politikoak planeta osoan baitu eragina.
Horretan nenbilela, afaltzera deitu ninduten hoteleko gelara. Kasino bat ere bazuen hotelak. Pozik jaitsi nintzen. Pentsatu nuen jatetxean emaitzak ikusten jarraituko nuela.
Baina tabernako telebistetan futbol amerikarra ematen ari ziren.
Futbola han, eta jendea makinetan jokoan. Ezer gertatu ez balitz bezala, zorte kolpe baten ametsean.