Benetako arbola bat nahi zuen semeak, New Yorken Quebeceko baserritarrek kalean saltzen duten horietakoa. Esaten zidan plastikozko baten karbono arrastoa handiagoa dela, eta hobe dela berariaz hazitako bat, gero konposta egingo dena.
Durangoko Gorrotxategi dendara joan ginen, baina han esan ziguten pinurik ez zitzaiela geratzen, denak saldu zirela. Nahi bagenuen, gorosti bat zeukatela, bizirik. Eta halaxe eraman genuen gorostia etxera.
Lurrean aldatu, eta bizirik jarraituko du Euskal Herrian.
New Yorken milaka arbola jasotzen dituzte, eta konposta egitera eramaten. Central Parkean biltzen dituzte asko. Konposta bertako larreetan erabiltzen dute gero. Atzo han aurkitu genituen langileak eta boluntarioak lanean. Telazko poltsak banatzen ari ziren, barruan Gabonetako zuhaitz birrinduak zituztela.
Usain goxoa dute poltsek.
Beharrik, munduari kiratsa dario eta.



