New Yorkeko Munduak
New Yorkeko munduak

Hauskorra

2025eko martxoaren 10a

 

Pertsona hauskorra da,

eta pertsona hauskorra delako,

hauskorra da demokrazia.

 

Eta demokrazia hauskorra delako,

hauskorra da askatasuna.

Eta askatasuna hauskorra delako,

hauskorra da berdintasuna.

 

Eta berdintasuna hauskorra delako,

hauskorra da errespetua.

Eta errespetua hauskorra delako,

hauskorra da natura.

 

Eta natura hauskorra delako,

hauskorra da etorkizuna.

Eta etorkizuna hauskorra delako,

hauskorra da ametsa.

 

Eta ametsa hauskorra delako,

hauskorra da bakea.

Eta bakea hauskorra delako,

hauskorra da elkartasuna.

 

Eta elkartasuna hauskorra delako,

hauskorra da justizia.

Eta justizia hauskorra delako,

hauskorra da maitasuna.

 

Eta maitasuna hauskorra delako,

hauskorra da pertsona.

 

Maite ditudan gauza guztiak

hauskorrak dira.

Horregatik, zaintzen ditut arretaz.

 

Atal gehiago
New Yorkeko Munduak

Berandu iritsi zen

2025eko urriaren 6a

Berandu zen, ordurako lo zeuden zaldiak,

zutik, basoaren iluna beren begietan islatzen.

Mantela bildu gabe zegoen,

ogi apurrak, janaria hozten.

Dagoeneko erditu ziren haurdun zeudenak,

paseoan zebiltzan gurditxoekin.

Irakasleak ezabatu zuen arbeleko formula.

Dantzariak kendu zituen oinetakoak

behatz zaurituak erakutsiz.

Kale-garbitzaileek bildu zituzten

jaiak utzitako zaborrak.

Harrezkero ez genuen kantatzeko gogorik.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Zer pentsatuko du gutaz?

2025eko irailaren 29a

ZER PENTSATUKO DU GUTAZ?
Zinemalditik itzuli eta biharamunean, Pepe Mujicaren omenezko ekitaldira joan nintzen New Yorken, irailaren 24an. Hamabi urte betetzen ziren Nazio Batuetan eman zuen hitzaldi hura, “Hegoaldekoa naiz…” hasten zena eta mundu osoan itzala izan zuena.
Kartelean iragarrita zeuden politikari eta pentsalari aurrerazale ugari: Sanders, Lula, Sanchez, Boric… Jakinmina handia zen, nahiz eta azkenean Sanders eta Lula ez ziren agertu. Hizlariak modu onean aritu ziren, bai, baina inork ez zuen Mujicaren maila.
Bitxia zen nola ahoskatzen zuten haren izena bere kideek: gaztelaniaz “Mújica” esaten dena, euskarazko azentuarekin esaten zuten, “Mujica”. Haren arbasoak nongoak ziren argi utzi nahiko balu bezala, ez zitzaion gustatzen bestela esatea. Bideo batean haren hitzak jarri zituzten: “Ezinezkoa lortzea pixka bat gehiago kostatzen da”. Eta oroitarazi zigun: bizitzaren zentzua erortzea eta berriz jaikitzea dela, desberdin pentsatzen duena entzun behar dela, ez gorrotatu.
Hitzek oihartzun handia izan zuten. Munduan gerra hotsak baino entzuten ez diren garai hauetan.
Polo Gentilek pasadizo eder bat kontatu zuen: behin Latinoamerikako buruzagi gehienak Mujicaren “Chacra”-ra joanak ziren afaltzera. Telebista guztiak ere hantxe. Bat-batean, Pepek erakutsi zien adarrean pausatutako hegazti bat: “Begira zeinen liraina. Guri begira dago. Zer pentsatuko du gutaz?”
Sanchez ere saiatu zen haren irudi bat ekartzen. Elkarrizketa batean esan omen zuen: “Ez dakit ezer aldatu dudan, baina entretenitu egin naiz bitartean, hori bai”. Barre egin genuen. Eta irribarre horrekin atera ginen gelatik.
Hori zen Mujicak benetan aldatzen zuena: gure aldartea. Eta hortik hasten dira gainerako aldaketa guztiak.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Parkeko umea

2025eko irailaren 15a

Parkeko umea

Oinez egitera atera gara parkera, erdi oinez erdi korrika, udako bekatuak gainetik kentze aldera. Iraileko ilunabarra eder zetorren. Haren argi laruan, jendea jolasean belazeetan, bankuetan irakurtzen, bidezidorretan bizikletaz.

Halako batean, ama gazte bat aurkitu dugu gure bidean, umetxo batekin, bazterreko banku batean zegoen. Hiru bat urte izango zituen haurrak. Bizkor goazela konturatu eta “arratsalde on” esan digu ustekabean, ez agurtzea hezkuntza txarrekoa dela argitu nahiko baligu bezala.

Gure asmoa lasterrean aurrera egitea izan bada ere haren agurrak gerarazi gaitu. “Arratsalde on” esan diogu bueltan. “Nora zoazte hain bizkor?”, galdetu digu. “Bada, paseatzera”. “Baina paseatzera, nora?”.

Isilune baten ostean, “etorkizunera”, erantzun dio Nereak, umeak zer erantzungo zuen ikusteko. “A! Etorkizuna. Ezagutzen dudan toki bakarra, hori da”, esan du, jolasean arreta jarrita, behera begira.

Amak irribarre egin digu, sorbaldak altxatuz. “Gero arte”, agurtu da umea. “Gero arte, bai!”, guk. Eta, halaxe, lasterrean abiatu gara, etorkizunera edo.

00:00:00 00:00:00
Kirmen Uribe

Bidaide isila

2025eko irailaren 8a

BIDAIDE ISILA

Itzuli gara New Yorkera eta, ohi bezala, hantxe eduki dugu gure zain. Ez naiz ari Askatasunaren irudiaz ez, edo txakur, katu edo bestelako etxeko animaliei buruz. Ari naiz gure landareaz. Erosi genuen New Yorkera iritsi bezain laster, zortzigarren urtea izango da aurtengoa, eta geroztik gurekin dago. Ez zen oso handia hartu genuenean, ontzi txiki batean sartzen zen. Gabonetako kaktusa deritzo, negu partean lore zuriak eta gorriak ateratzen zaizkiolako. Ez da landare sofistikatua, ez da orkideak bezain liraina, baina ikusgarri egiten du neguko loratzeak, mundu guztia triste dagoen horretan guri irribarre egiten baitigu lore gorri eta zuriz. Bizirik iraun digun landare bakarra da.

Uda partean bakarrik geratzen da, Euskal Herrira goazen aldiro. Nahikoa ur botatzen diogu badaezpada ere etxetik atera aurretik. Egon daiteke edan gabe hilabete eta erdiz. Edo gehiago. Bi hilabetez kanpoan egon ginen uda batean. Beldur ginen hilik aurkituko genuela gure landarea. Igar igarra aurkitu genuen baina berehala bizitu zen ur pixka batekin. Esker onekoa da, benaz.

Aurten, potoa handitu diogu iritsi garen bezain laster. Umeak nerabe egin diren legez landarea ere zuhaiska bihurtu da. Lur berria erosi eta buztinezko ontzi handiago batean sartu dugu. Ez dakigu onartuko duen bat batean hainbesteko luxua, agian ez zaio komeni bizitza erraza. Espero gaizki ez hartzea.

Ez genuke hura galdu nahi. Ezen gure negua kolorez betetzen baitu, haren lore bizi eta hauskorrekin, gure kaktus zaharrak.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Ezusteko pozak

2025eko ekainaren 30a

Zapato Azule osteko igande beltzari bukaera duina emateko, eta Mutrikun bainua hartu ondoren, pizza afaltzeko plana egin genuen. Ondarroako Basati pizzategira hurreratu ginen Mutrikutik bueltan. Han pizzak hartu eta autora berriz, etxera bidean. Gure autoak baditu urte batzuk, Volkswagen Touran bat da, eta aukeran zazpi lagun sar daitezke bertan. Hainbat eserlekurekin hartu genuen familian edo lagun artean txangoak egiteko. Umeak bertan hasi dira, ume txiki izatetik, aulki txikietan, nerabe izatera.

Baina Artabide kalean, Lekeitiorako bidean buelta hartzera nindoala gurpila zulatu zitzaidan. Ordezko gurpilaren bila hasi ginen semea eta biok. Zazpi aulkien azpian bilatu eta ezer ez, auto azpian begiratu eta ezer ez. Azkenean, Youtube-n aurkitu genuen bideo batek esan zigun Touranak ez duela ordezko gurpilik. Garabiari deitu behar izan genion.

Hantxe, Artabiden, bada plazatxo bat, nondik portua eta itsasoa ikusten diren. Hantxe eseri ginen garabiaren zain. Semeak esan zidan, “badakit zerri buruz egin behar duzun zutabea, gertatu zaigun honi buruz. Begira, gurpila zulatu eta garabiaren zain gaude gaueko orduetan. Baina beste alde batetik, pentsa, izarrei begira ari gara pizza afaltzen. Ezusteko poza esaten zaio horri. Gutxien espero duzunean datorren zorionari. Bestela ez genituen elkarrekin igaroko ordutxo hauek”.

Arrazoia eman nion. Hemen duzue beraz uda aurreko azken zutabea, ezusteko pozez. Iraila arte, izan zuek ere zoriontsu.

00:00:00 00:00:00
Kirmen Uribe

Denon bizitza

2025eko ekainaren 23a

JFK aireportura goiz iritsi ginen kontrol guztiak garaiz igarotzeko. Uda bezperetan, bidaiari andana bildua zen bertara eta ilarak luzeak ziren. Kontroletik pasa eta gero, halako batean, konturatu ginen arten pare bat ordu genituela Atlantikoa zeharkatuko zuen hegazkina hartu orduko. Jatetxe batean eseri eta zerbait afaltzea otu zitzaigun. Batean eta bestean begiratu ondoren, amerikar itxurako batera bildu ginen azkenean, badakizue, garagardoak, hanburgesak, patatak eta horrelako litxarkeriak eskaintzen dituzten horietako bat; bezeroak barran eserita kirola ikusten telebistetan, tipo horretako bat.

Baina tabernara sartzeko ere ilara luzea zegoen. Arraroa zen, jatetxe barrura begiratu eta ez baitzen ikusten beteta, mahai asko zeuden hutsik. Halako batean, zerbitzari bat hurreratu zitzaigun ilarara. “Ez bota niri errurik, Trump presidenteari eskatu kontuak. Mahaiak libre daude baina ez daukagu nahikoa langile haiek zerbitzatzeko ezta sukaldean lan egiteko ere, eta horregatik itxaron beharko duzue. Migratzailerik gabe ez dago afaririk”, bota zigun haserre, “Trumpi esan”. Nonbait langileek ez zuten handik agertu nahi deportazioen beldur, nahiago zuten lanik ez egin kanporatuak izatea baino.

Erabaki politikoek aldatu egiten duten bizitza. Denon bizitza.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Etxeko jana

2025eko ekainaren 16a

Etxeko jana egiten nien seme-alabei eskolara eramateko. Dilistak, garbantzuak, lekak, Euskal Herriko platerrak. Goizean goiz esnatu eta prestatzen nien dena, motxiletan sartu eta eramaten zuten. Asteburuetarako uzten genituen paella edo lasagna eta bestelako gutiziak.

Behin, alabak esan zidan gehiago ez zuela eramango janaririk. Garbantzuekin egindako fideo zopa eraman zuen eskolara, (ez da erraza fideoak aurkitzea hemen) eta neskato batek barre egin zion, “espageti zopa” bazkaltzeagatik. Geroztik, eskolakoa jango zuen: pizza, hanburgesak eta antzeko litxarkeriak.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Sorterrira berriz

2025eko ekainaren 9a

Ordenagailu eramangarria izorratu eta konpontzera eraman dut. Dendariak, indiar jatorriko gizon batek, gailua begiratu eta ze urtekoa den galdetu dit.
2017koa, erantzun diot nik, baina ondo ibili da orain arte.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Auzoko zapata denda

2025eko ekainaren 2a

Auzoko dendarik antzinakoenetakoa da “Tip-Top Shoes” zapata-denda. 1940an zabaldu zuten 72. kalean eta oraindik hortxe dirau. Antzinakoa izanagatik ez da zaharra, eta ez dabil bezero faltan. Bete-betea egoten da beti, auzoko jendeak han erosteko ohitura du, hiriaren erdialdetako saltoki handiak edo amazon bera ahaztu eta nahiago dute bertara bildu.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Chicharrillos

2025eko maiatzaren 26a

65 urte dira gurasoak ezkondu zirela, 1960ko maiatzaren 25ean. Nonbait gure amak abadeari esan zionean Uribeneko Joserekin ezkonduko zela honako hau bota zion elizgizonak, comerás chicharrillos todos los días. (Txitxarro txikiak jango dituzu egunero). Aholkatu zion amari hobe zuela Ondarroatik atera eta Gasteiz aldera joatea bizitzera, han etorkizun hobea izango zuela, soldaduren batekin ezkonduta edo.

 

00:00:00 00:00:00
Podcastak
Berria berriketan
Berria berriketan

Sexu hezkuntzaz hitz egin behar dugu

Bernedoko euskal udalekuen auzia du hizpide Berriketan saioaren atal honek. Zenbait familiek han gertatutakoei buruz egindako salaketak lehenik, eta hezitzaileen kontra zabaldutako mezuek ondoren, polemika bizia piztu dute. Eztabaidaren zentroan batez ere dutxa mistoak eta biluztasuna egon direnez, sexu hezkuntzaz hitz egitea erabaki dugu, Maite Asensio Lozano BERRIAko feminismo gaien arduradunarekin.

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Akusatuak akusatzaile

Harrera ekintzaileen kontrako auzi saioa du hizpide Berriketan saioaren atal honek. 2024ko Korrikan antolatutako taldean 36 migratzaileri muga zeharkatzen laguntzea egotzita epaitu dituzte zazpi ekintzaile. Epaiketa Baionan izan da, eta saioa auzi politikoa salatzeko baliatu dute ekintzaileek. Epaiketaren berri eman digu Leire Casamajou Elkegarai kazetariak, BERRIAk Baionan duen egoitzan aritzen dena.

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Legez kanpoko eraikinen zimendu sendoak

Legez kanpoko eraikinak ditu hizpide Berriketan saioaren atal honek. Azken urteotan, hainbat eraikin eraisteko agindua eman dute ebazpen ugaritan, baina horietako asko ez dituzte oraindik bete. Afera horri buruzko argibideak eman dizkigu Olatz Silva Rodrigo BERRIAko gizarte gaietako kazetariak.

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Gazarako plan bat, Trumpen neurrira

Trumpen Gazarako plana du hizpide Berriketan saioaren atal honek. Bi urte igaro dira Israelek Gazaren kontrako sarraskia hasi zuenetik, eta negoziazio aldi berria ireki da Israel eta Hamasen artean. Donald Trump AEBtako presidenteak ultimatuma emanda, bere plana ezarri du mahai gainean. Plan horren nondik norakoak eta Gazako egoera azaldu dizkigu Igor Susaeta BERRIAko Mundua saileko koordinatzaileak.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak
New Yorkeko munduak

Berandu iritsi zen

Berandu zen, ordurako lo zeuden zaldiak,

zutik, basoaren iluna beren begietan islatzen.

Mantela bildu gabe zegoen,

ogi apurrak, janaria hozten.

Dagoeneko erditu ziren haurdun zeudenak,

paseoan zebiltzan gurditxoekin.

Irakasleak ezabatu zuen arbeleko formula.

Dantzariak kendu zituen oinetakoak

behatz zaurituak erakutsiz.

Kale-garbitzaileek bildu zituzten

jaiak utzitako zaborrak.

Harrezkero ez genuen kantatzeko gogorik.

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Aurrera egiteko oinarriak

Batuz aldatu prozesua eta euskara eskakizunak ditu hizpide Berriketan saioaren atal honek. Batetik, askotariko eragilek sinatu dute euskara biziberritzeko adostasuna biltzen duen dokumentua. Bestetik, hizkuntza eskakizunak erreformatzeko proposamenak aurkeztu dituzte Eusko Legebiltzarrean. Arantxa Iraola BERRIAko gizarte gaietako kazetariak eman dizkigu bi gai horiei buruzko azalpenak.

00:00:00 00:00:00
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.