Beacon antzokira hurbildu gara Patti Smithen Horses diskoaren 50. urteurreneko ekitaldira.
Horses da Smithen ibilbideko lanik bereziena, Van Morrisonen “Gloria” haren bertsio indartsua jasotzen duena. Eszenatokian diskoa grabatu zuten musikari berak zeuden: Smith bera, gitarra jotzailea eta bateria jotzailea. Gainontzeko biak, hilda.
70 urte ondo pasata izan arren —edo horregatik agian—, soinua zoragarria zen, garbia bezain indartsua. Patti bera 25 urte izango balitu bezala mugitzen zen, kanten artean politikaz hitz eginez jendea berotuz: emigrazioa, etxebizitza, planeta, bakea.
Smith gaztetan iritsi zen New Yorkera eta aitortu izan du kalean lo egin izana, nekeza izan zitzaiola aurrera egitea. Zortea izan zuen Robert Mapplethorpe ezagutzeko, eta garaiko musikari onenak. Hauxe ere esan izan du:
“Amets bat lortzera joan nintzen New Yorkera, baina konturatu naiz ametsa sekula ez dela heltzen; haren atzetik joan behar duzula etengabe.”
Urte txarrak ere bizi izan zituen: senarra hil zitzaionean, edo erabat modaz pasatu zenean, ia inor ez zenean beraz gogoratzen. Baina azken urteotan gazte andana bildu zaio berriro. Liburuak idatzi ditu, eta Instagramen bere egunerokotasuna kontatzen du: kafe bat, irakurketak, argazki zaharrak, bidaiak. Bera da, berezko eta zintzo. Eta halako olatu bat sortu da haren inguruan.
Kontzertua “People Have the Power” ezagunarekin bukatu zuen. Entzuleak kantari eta dantzari harekin batera. “Zaindu albokoa, hitz egin auzoarekin, zaindu elkar”, zioen musikak jotzen zuen bitartean.
Eta bukatu aurretik, azken mezu bat: “Badakizue zer den gure belaunaldia? Gure belaunaldia hauxe da.”
Eta gitarra elektrikoa hartu eta anplifikadorearen aurrean jarrita, sokak apurtu zizkion; gero lurrera bota zuen, eta zarata handi baten erdian atera zen eszenatokitik.
Errebeldia eta bakea, aldi berean: hori da Patti Smith.




