New Yorkeko Munduak
New Yorkeko munduak

Sorterrira berriz

2025eko ekainaren 9a
Kirmen Uribe

Ordenagailu eramangarria izorratu eta konpontzera eraman dut. Dendariak, indiar jatorriko gizon batek, gailua begiratu eta ze urtekoa den galdetu dit.
2017koa, erantzun diot nik, baina ondo ibili da orain arte.
Ondo zaindu duzulako. Ez du gauza handia izango, garai hartako Appleak oso onak dira, Steve Jobs bizirik zen orduan. Auto aleman klasikoen iraunkortasuna dute.
Emakume bat sartu da dendara. Dendariarekin berbetan entzunda nongoa naizen galdetu dit.
Euskalduna.
Hara, nire aitona Andaluziakoa zen. Izan ere, dendara etorri naiz Espainiako hiritartasuna eskatu nahi dudalako eta agirien fotokopiak egitera. Aitonak ihes egin zuen Gerra zibilean Mexikora, han jaio zen ama, eta ama Mexikotik hona etorri zen bizitzera. Europako pasaportea nahi dut hemen gauzak ez daudelako ongi, ez naiz fio agintari berriez, aitonaren herrira joan nahiko nuke bizitzera. Azkar egin behar ditut paperak, urrian bukatzen da eta epea.
Ez dakit han ere gauzak okertuko ez ote diren, esan diot nik, baliteke eskumak irabaztea.
Bai, baliteke. Baina beste alde batetik nahi dut pentsatu jendea han konturatuko dela hemen egin dugun hanka sartzeaz eta ez diola eskumari bozka emango.
Ea egia den. Eta nongoa zen aitona?
Torremolinosekoa. Oso leku ezaguna ezta? Aitonaren garaian oso desberdina zen, baditugu argazki batzuk, orain turistez betea dago.
Halaxe da.
Horretan geundela dendaria hurreratu zait nire ordenagailuarekin. Ez zuen ezer. Ur pixka bat teklatuan.
Zenbat da?, galdetu diot.
Ezer ez, hau nire kontu. Ordenagailuak merezi du.
Gailua hartu eta dendatik atera naiz.
Zorte on esan diet biei.
Zorte on erantzun didate haiek.

 

Atal gehiago
New Yorkeko Munduak

Elizdorrearen ordua

2026ko martxoaren 2a

Goizero joaten naiz Columbia Unibertsitatera oinez. Hango liburutegian idazten dut. Hori da nire goizeko ohitura: gosaldu, etxea hustu, eta tipi-tapa egitea etxetik Columbiaraino, 37 kaleak zeharkatuz. Arratsaldean, literatura eskolak. Baina goiza idazteko dut.

Hiria esnatzen egoten da: kafetegiak zabaltzen, kamioiak zama hustutzen. Morningsidera iristeko aldapan gora egin behar da, eta gero argitasuna dator. Etxeak baxuagoak dira. Eta elizdorreak daude, ordua ematen dakiten kanpaiekin. Ematen du herri batean zaudela, nahiz eta hiriaren erdian egon. Orduak ematen dituen elizak itxura gotikoa du, 1868an eraikia izan arren. Eliza atarian ilarak egoten dira, jendea arropa eta janaria jasotzen.

Duela gutxi irakurri nuen berria: elizak bota behar zituzten etxeak egiteko. Nire bideko eliza kuttuna ere bai. Nahiz eta badakidan etxeak behar direla, hutsunea sentitu nuen. Eliza neogotikoaren ordez, eraikin luze bat altxatuko dute, ordua ematen ez dakiena.

Baina New Yorken bizitzak badaki pelikula baten modukoa izaten, eta azken orduko plot twistak izaten dira. Handik gutxira beste berri bat agertu zen: kexak zirela eta, eliza ez zela botako. Ondoan zuen eraikin zaharra bai; han egingo dituzte etxeak.

Elizak, beraz, jarraituko du ordua ematen.
Eta jatekoa eta arropa ere bai, nire Columbiarako goizetan.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Topa!

2026ko otsailaren 23a

Asteburuetan ardoa erosten dugu. Ostiral eta larunbat iluntzean edateko. Hemen ez dago hango poteo ohiturarik; asko jota taberna batean geratzen zara, bakar batean, edo etxean.

Ardoa auzoko denda batean erosten dugu. Mundu osoko ardoak dituzte, gehienak organikoak edo jasangarriak. Europakoak asko, baita Euskal Herrikoak ere. Txakolinak arrakasta handia du eguraldiak hobera egiten duenean, eta negu partean Errioxakoek.

Dendakoak euskal izenez galdetzen digu. Gogoan dut behin “Gaupasa” izeneko ardo baten esanahia azaltzen ibili ginela. Segituan ulertu zuen. Irribarre egin zuen.

Ardo dastaketak ere egiten dituzte, eta orduan jendea biltzen da, ardoa probatu eta solasteko.

Aurten, ordea, ez gara hainbestetan joan. Prezioak igo zituzten tarifengatik, eta denda hustuago ikusten zen.

Baina orain, gaupasa baten ondoren bezala, egunak argitu du. Ostiralean jakin genuen Gorenak presidentearen tarifak bertan behera utzi dituela. Schwartz izeneko New Yorkeko ardo saltzaile batek jarri zuen helegitea, eta begira, epaileek arrazoia eman diote. Milioiak ordaindu beharko dizkiote kalte-ordainetan, berari eta inportazioan dabilen beste hainbat enpresari.

Ez dakit ardoaren prezioa jaitsiko den.
Banoa, badaezpada, dendara galdetzera.

Aspaldiko partez, berri onak.

Topa!

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Presidentearen eguna

2026ko otsailaren 16a

1968az geroztik, jai federal gehienak astelehenez dira Estatu Batuetan. Horrela ekidin nahi dira zubiak; langileek, asko jota, hiru eguneko atsedenaldia izan dezaten. Ekonomia da lege hemen. Mundu guztia lanera.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Aitaren erlojua

2026ko otsailaren 9a

Iluntzea da. Osteguna. Metroa beteta dator. Jendea lanetik atera eta etxera bidean.

Bryant Parkeko geltokian gazte aldra bat sartu da trenera. Gehienak erdiko atetik. Bat bakarra hegalekotik.

Bat-batean, taldekoak oihuka hasi dira, hegalekoa ezagutuko balute bezala. Txamarra garestia darama, modako betaurrekoak. Taldeko bi hurbildu zaizkio. Hasieran, agurtzera doazela ematen du.

Baina mutila estutu egin da.

Haietako batek betaurrekoak kendu dizkio. Besteak labana atera du. Lepokoa eta erlojua eskatu dizkio.

Mutilak ezezko keinua egin du aurpegiarekin.

—Bizkor, geltokira iritsi baino lehen.

Azkenean eman dizkie. Biak eta gainerakoak trenetik atera dira.

Mutila barruan geratu da.

—Aitaren erlojua zen —esan du, eta negarrez hasi da.

Gizon bat hura lasaitzen ahalegindu da.

Trena gelditu da berriz. Taldea berriro sartu da. Oihuka hasi dira.

—Hau esperimentu sozial bat zen. Ikusteko zer jarrera hartzen duen jendeak horrelakoetan. Eta inork ez duzue lagundu.

Betaurrekoak, lepokoa eta erlojua bueltan eman dizkiote, eta denak batera atera dira kanpora.

Baina izua ez, hori ez da trenetik atera.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Altxorraren bila

2026ko otsailaren 2a

Ostiraletan apartamentuetako eraikinek birziklatzeko materialak ateratzen dituzte kalera: altzariak, kartoia eta papera poltsetan; beste batzuetan plastiko gogorrak, ontziak eta latak. Poltsak gardenak dira, kanpotik ikusten da barruan zer dagoen.

Ordua iristen denean, jendea ibiltzen da zaborretan bila. Batzuk altzariak hartzen dituzte. Gehienek, ordea, latak jasotzen dituzte. Gero saldu egiten dituzte, zentimo gutxitan, eta asko bilduta bizitzeko zer edo zer ateratzen dute.

Pasa den ostiralean, zero azpitik hotz, etxera nindoan ostiraleko pizza eskuetan. Gizon bat ikusi nuen plastikozko ontzien poltsa batean miatzen. Besoa barruraino sartzen zuen, behin eta berriz. Pentsatu nuen lataren bat jaso nahian ariko zela.

Baina ez.

Atera zuenak harritu egin ninduen: jostailu bat. Poltsatik jostailu bat atera zuen, eta irudikatu nuen pozik itzuliko zela etxera, ume bati oparitzeko.

Ni ere etxera nindoan, pizza eskuetan, poz berarekin.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Pandemia berria

2026ko urtarrilaren 26a

Galdera hori egin genion geure buruari Trader Joe’s supermerkatura iritsi, eta kanpoan ilara luzea ikusi genuenean. Eraikin osoari buelta ematen zion ilarak, pandemia sasoian bezala.

Barrura sartzeko txanda iritsi zenean, ordea, erosle gutxi aurkitu genituen barruan. Ez zegoen jenderik, ez zegoelako janaririk. Apalategiak erdi hutsik zeuden. Arrazoia iganderako iragarritako ekaitza zen, hamarkadetako handiena omen. Hiritarrek probisioak hartu nahi izan zituzten.

Etxean geratzeko eta bero egoteko eskatu zigun alkateak. Eskolak ere ixteko agindu zuen astelehen honetarako.

New Yorken etxejabeak ordaintzen du berogailua. Lurrunezkoa da sistema. 1882an eraiki zuten, hiritarren bizi baldintzak hobetzeko. Kaldera handiak daude auzo bakoitzean, eta beroa hodien bidez iristen da etxeetara. Orduan, agintariek ongizate komunean pentsatzen zuten.

Larunbatean, kalean zero azpitik 20 graduko sentsazioa zegoela, Minnesotatik iritsi zitzaigun bideoa: bigarren manifestari bat hil dute muga-poliziek. Laguntzen ari zen, eskuan mugikorra. Gero, isiltasuna.

Non ote daude ongizate komunean pentsatzen zuten agintari haiek. Ez dut epeltasun hori sumatzen.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Irakurketako lagun ezkutuak

2026ko urtarrilaren 19a

Gailuak eta burua betetzen dizkiguten hainbeste berri txarren artean, hona hemen bat ona. The New York Times-ek inkesta bat egin zuen galdetuz zertan hobetu zitekeen hiria. Erantzuna harrigarria izan da. Ez da izan segurtasun gehiago nahi dela, edo kaleak garbiagoak izatea. Erantzuna izan da: liburutegiak eta parkeak hobetzea. Diru gehiago jartzea horietan.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Gabonetako arbolen usaina

2026ko urtarrilaren 12a

Benetako arbola bat nahi zuen semeak, New Yorken Quebeceko baserritarrek kalean saltzen duten horietakoa. Esaten zidan plastikozko baten karbono arrastoa handiagoa dela, eta hobe dela berariaz hazitako bat, gero konposta egingo dena.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Besteen gabonak

2025eko abenduaren 22a

Gabonetako giroa nabari da aireportuan: argiak, apainketa, Santa Claus eta bastoi erraldoiak. Musika ere Gabonetakoa da, kanta alaiak, familiako hitzorduak iragarriz. Beteta dago aireportua, eta ilara luzeak daude kontroletik pasatzeko. Pantailak dio 45 minutu egon beharko dugula zain. Urratsez urrats, lerroari jarraiki, bira eta berriro ilarara. Jendea nekatuta eta urduri dago, kontrola pasatzeko grinarekin.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Julliardeko kantariak

2025eko abenduaren 15a

Juilliard da New Yorkeko musika eskolarik prestigiotsuena. Zaila da bertan sartzea, eta mundu osoko ikasleen guraria da han ikastea. Alabaren lagunik onenaren aitak bertan egiten du lan, opera kantarien irakaslea da, eta gonbidatu egin gaitu Gabon aurreko ikuskizunera.

00:00:00 00:00:00
Podcastak
Berria berriketan
Berria berriketan

Beste mundu bat, baina feminista

Emakumeen Nazioarteko Eguna du hizpide Berriketan saioaren atal honek. Mugimendu feministak bestelako mundu feminista bat aldarrikatuko du, eta elkarlanerako deia eginen du zapalkuntza guziei elkarlanean erantzuteko. Hala ere, aurten inoiz baino deialdi gehiago izanen dira Euskal Herrian martxoaren 8an. Isabel Jaurena BERRIAko Gizarte gaietako koordinatzaileak egoeraren berri eman digu.

00:00:00 00:00:00
MurMur
MurMur

Natali, Bakelite, Unidad Alavesa, Mateo Zikuta…

Nobedadeen berri emango duen lehen ‘MurMur’ saioa da honakoa. Nataliren 'Sua', Bakeliteren ‘Zirrara’, Unidad Alavesaren ‘Sorioneku 2.0’ eta Mateo Zikuta & El Gartoren ‘Furgonetan’ entzungo ditugu.

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Arranoaren hegaldi suntsitzailea

AEBek sistema politikoak aldatzeko egin dituen aireko erasoak ditu hizpide Berriketan saioaren atal honek. Ekainaren 28an Israelek eta AEBek Iranen kontrako aire erasoari ekin zioten, errepublika islamiarrarekin bukatzeko helburuarekin. Ali Khamenei lider gorena eta goi kargu militarrak hil badituzte ere, ez da oraingoz aldaketa politikorik izan. Baina posible al da erregimen politiko bat aireko erasoen bidez aldatu? Horri erantzuteko, historia garaikideari erreparatu diogu Mikel Rodriguez BERRIAko editorearekin.

00:00:00 00:00:00
Berria FM
Berria FM

Haize zakarra eskuinetik

Beste izenburu hau ere har lezake saio honek: Talaiatik ikusten dena (I). Talaia Feminista egitasmoak 2025ari buruz eginiko diagnostikoa hartu dugu abiapuntu, eta, lehenbiziko hurbilketa honetan, haien azterketan azpimarratutako ardatz batean jarri dugu arreta: eskuinera lerratzeko prozesuan. Nikole Ziarrustak lagunduta, eskuin muturraren gorakada, erreakzio patriarkala eta marko feminista antifaxismoaren baitan kokatu beharra izan ditugu hizpide. Bestalde, «kriptoprofeta» kontzeptua aurkeztu digu Andrea G. Galarretak, eta amu bat utzi.

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Presioari ezin eutsi

Iranen kontrako erasoa eta horren ondorioak ditu hizpide Berriketan saioaren atal honek. Ekainaren 28an Israelek eta AEBek eraso egin zioten Irani, eta Ali Khamenei lider gorena eta goi mailako zazpi ofizial hil zituzten, baita ehunka lagun ere. Iranek erantzun egin du, eta erasoak Ekialde Hurbil osora zabaldu dira. Presio eltzeak ez du askoz gehiago jasango. Igor Susaeta BERRIAko Mundua saileko koordinatzaileak egoeraren analisia egin digu.

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Itxi gabeko bala zauriak

Martxoaren 3ko sarraskia du hizpide Berriketan saioaren atal honek. 50 urte igaro dira Espainiako Poliziak Gasteizko San Frantzisko Asiskoaren eliza setiatu eta bost langile hil zituztela. Ehun zauritu baino gehiago ere izan ziren sarraski hartan. Gaur gertakari horiek gogoratzeko ekitaldiak eginen dituzte, eta «egia, justizia eta erreparazioa» eskatuko dute. Gaur egunetik atzera begiratu dugu Peru Amorrortu Barrenetxea BERRIAk Gasteizen duen delegazioko kazetariarekin, gertatu zena gogoratzeko eta erakundeek horren aurrean izan duten jarreraren bilakaera azaltzeko.

00:00:00 00:00:00
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA