«Pandemiak ezinbestekoago egin ditu BERRIA eta hedabideak»

2020ko abenduaren 19a
12:07
Entzun
Iban Arregi

Iban Arregi

Lehen ere nahikoa ezinbesteko ez baziren, pandemiak are eta ezinbestekoago egin ditu hedabideak, baita euskarazko egunkari nazional multimedia ere. Bere eginkizun nagusia kalitatezko informazio ematea da, berehalakoa nahiz arnasa luzekoa, egiarekin engaiatua, ikuspegi kritikoarekin eta independentearekin, eta joan den urte zail horretan eutsi egin dio eginkizun horri eta bere balioei.

Pandemiak herritarren informazio gosea areagotu du, informazio landu eta fidagarriaren beharra handitu du; herritarrek ulertu egin nahi dute gertatzen ari dena, egoera interpretatzeko gakoak nahi dituzte. Horretan ari da BERRIA, egunero-egunero: koronabirusa Euskal Herrian eta Munduan uzten ari den datuak bilduz eta interpretatuz, gaitzari buruz ikasten goazena azalduz, administrazioek hartzen dituzten neurriak azalduz, zahar etxeetan, lehen arretan, osasun zerbitzuetan gertatzen dena esplikatuz, adituen eskutik eta osasun krisia lehen pertsonan bizi dutenen ahotsak jasoz, osasun krisia ekonomian sortzen ari den arazoak azalduz.

Lehen ere nahikoa zaila ez bazen, pandemiak are eta zailagoa egin du hedabideen etorkizuna, baita BERRIArena ere. Krisi ekonomikoaren erdian, hedabideen kontsumo joerak asko eta azkar ari dira aldatzen, eta horrek berritzea eskatzen du, ezinbestean; lantaldea erdigunean jarrita, pertsona erdi-erdian kokatuta, etengabeko aldaketa azkar horrek eskatzen du informazio eskaintza areagotzea, joera berriei egokitzea eta era askotako kanalak baliatzea. Horretarako, jakina, inbertsioak behar-beharrezkoak dira, ezinbestekoak. Ez da erraza izango, baina horrela bakarrik lortuko dugu irakurle berriak erakartzea eta gure komunitatea handitzea eta trinkotzea.

 

Irakurleen konpromisoak egiten du posible BERRIAren kalitatezko kazetaritza.

Eskerrik asko, BERRIAlagun, zure ekarpenari esker erantzun diogu 2020ko erronka informatiboari. Oraindik Berrialaguna ez bazara, egiozu ekarpena euskarazko egunkari nazional multimediari.

BABESTU BERRIA
 

 

  • Martxoak 8
    Aritz Loiola | Foku
  • Covid errepideak
    Aritz Loiola | Foku
  • Covid fisioterapeuta
    Andoni Lubaki | Foku
  • Covid tanatorioa
    Gorka Rubio | Foku
  • Covid osagileak txaloka
    Juan Carlos Ruiz | Foku
  • Pentsioduna
    Luis Jauregi Altzo | Foku
  • Etxegarai
  • Hauteskundeak
    Marisol Ramirez | Foku
  • Durangoko azoka
    Marisol Ramirez | Foku

 

«Informatzea da gure ahalegina»

Martxelo Otamendi

Martxelo Otamendi

Urte berezirik izan bada, aurtengoa izan da ezbairik gabe. Guretzat, zuretzat irakurle, eta ia mundu guztiarentzat.

Aurten ikusi da zein garrantzitsua den komunikabide serio eta profesionalen lana, zein beharrezkoak diren, edozein dela euskarria, bere lana zentzuz eta arduraz egiten duten komunikabideak. Gauza bera gertatu da bizitzaren beste esparru askotan.

BERRIAko  lantaldeak, sortu zenetik egin duen legez, ahalegin berezia egin du urte ezohiko honetan bere funtzioa ondo, sendo eta bizkor betetzeko. Ahalegin berezia egin dugu grafikoetan oinarritutako kazetaritza modernoa lantzen, eta informazio praktikoa eta esplikatzailea eskaintzen. Kazetaritzaren eta arlo askotako aditu tematikoen analisien arteko konbinazioaren bidez zuen esku lehen mailako informazioa jartzeko ahalegina egin dugu. Zeuek zeuen ondorioak atera ditzazuen.

Gure gizartearekin daukagun konpromisoaren bidetik, COVID-19aren ondorioak, izan pertsonalak edota profesionalak, jasan dituzten herritarrengandik eta kolektibo profesionaletatik gertu egon gara, komunikabideak direlako kaltetutako sektore horiek haien egoera gizartearen aurrean aurkezteko bide eraginkorra.

Baina ez da koronabirusaren urtea soilik izan, kontrakoa eman badezake ere: Zaldibarko zabortegiko hondamendiaren urtea ere izan da, Joan Mari Torrealdai eta Jose Luis Zumeta hil ziren urtea, migratzaile eta iheslarien krisiak etenik izan ez zuen urtea, Eusko Legebiltzarrerako eta Ipar Euskal Herriko udaletarako bozak egin ziren urtea, Iparragirreren jaiotzatik berrehun urte bete ziren urtea, Plateruena itxi zuten urtea, Baikoko pilotariek greba egin zuten urtea, gazte saldo batek elkartasunez gonak jantzi zituen urtea, George Floyd hil zuten urtea, Trumpen aroa bukatu zen urtea, Burgosko Prozesuak 50 urte egin zituen urtea, duela 500 urteko euskarazko maitasun poema bat deskubritu zuten urtea, eta eutanasia legeztatu zuten urtea Hegoaldearentzat. Eta istorio horiek guztiak eta informazio horiek guztiak emateko ahalegin berezia egin du BERRIAk, urte osoan.

Ez hori bakarrik. Askoz gehiago kontatu du BERRIAk ezohiko urte honetan. Allende botatzeko AEBen ahaleginak nola desklasifikatu ziren, Euskal Herriko espetxeetan nola hil ziren hamar preso, Iñigo Urkulluk Kataluniako prozesuari buruz zer idatzi eta gogoetatu zituen, Donostiako Metroko obretan eta Zubietako erraustegia martxan jartzeko lanetan zer arazo sortu diren, enpresa handi askok zenbat langile kaleratu dituzten krisi handi baten atarian, euskal presoen urruntze politikak zer bilakaera izan duen, Durangoko Azoka garai ezohiko honetara nola egokitu den, brexit-a azkenean nola gauzatu den; eta Pello Alcantarilla preso ohiak azaldu zuen Diego De los Cobosek nola torturatu zuen, eta Evo Moralesek bere ahotik kontatu zuen Boliviako krisi politikoa zertan den. Pentsioen erronkei buruzko eta klima larrialdiari buruzko bi liburu ere argitaratu ditugu, Aleka bilduman. Eta Euskaldunon Egunkaria duela 30 urte nola sortu zen gogoratu eta ospatu dugu.

Herritarrek sortu zuten BERRIA, eta herritarren alboan jarraituko du BERRIAk.

 

  • Berria irakurtzen
  • berria mobilean
  • Berria zabalki kanpaina zumaian
  • Berria buzoiak altan 2020

 

«Ahalegina babestu du komunitateak»

Idoia Dadebat

Idoia Dadebat

Pandemia inoizko erronkarik handienetakoa izan da komunikabideentzat, eta azken urteetan gertatzen ari diren hainbat aldaketa bizkortu egin ditu gainera. BERRIAren kasuan, irakurleek eta BERRIAlagunek lehen ere garrantzi handia bazuten, indartu egin da azkeneko urte honetan. BERRIAren komunitatearen konpromisoa agerikoa izan da 2020an berriro, eta konpromiso hori inoiz baino beharrezkoagoa da orain, gure eginkizunean aurrera jarraitzeko.

Kalitatezko informazioa, egiarekin engaiatua, ikuspegi kritikoa eta independentea duena hain beharrezko suertatu den garai hauetan, BERRIAk ahalegin berezia egin du askotariko edukiak sortuz, aurkezteko formatu berriak landuz eta kanal guztiak indartuz. Komunitateak ahalegin hori babestu egin du, eta horren adierazlerik argiena da martxoan eta apirilean azken bi urteetan izandako hazkunderik handiena gertatu dela BERRIAlagun digitalen izen-emateetan.

Gure komunitatearekiko gertutasuna adierazteko hain beharrezkoa zaigun kaleko presentzia mugatua egon da urte honetan, eta garatu nahi genituen proiektu batzuk atzeratu egin behar izan ditugu. Baina arazo berriei erronkak jarriz erantzun die BERRIAk, eta hala erantzun du egunkari honen babes sareak: batez ere digitalki garatu ditugun egitasmoetan parte hartu dute gure irakurleek eta BERRIAlagunek, hala nola, BERRIA Aretoan, euskal liburuen proiektuan eta BERRIA Zabalik egitasmoan. Egokitzeko eta aurrera egiteko gaitasun handia agertu dugu guztiok.

Aurrera begira, egoera aldakor eta nahasi honek eskatzen duen malgutasunarekin erantzuten eta kalitatezko informazioa ematen jarraituko du BERRIAk, komunitatearen sostengu ezinbestekoarekin.

 

  • Koronabirusaren datuak herriz herri
  • Hildakoak astez aste
  • Berria.eus audientziaren hazkundea
  • Buletinak

 

«Berrikuntzaren aldeko apustua areagotu dugu»

Pello Urzelai

Pello Urzelai

Koronabirusaren pandemiak ez du eten berrikuntzaren aldeko ahalegina BERRIAn. Alderantziz, berrikuntzaren aldeko apustua areagotu dugu, batez ere eremu digitalean. Egoerak behar eta lehentasun informatibo berriak ekarri ditu, eta irakurleei zerbitzu on bat eman ahal izateko, bide berriak esploratu behar izan ditugu: datuak era ikusgarri batez eskaintzeko formulak arakatu ditugu, koronabirusaren inguruko eguneroko buletin bat sortu dugu, Astekaria buletina abiatu dugu, itxialdira egokitutako bideo formatuak landu ditugu, urteko liburu eta disko berrien erakusleihoa osatu dugu…

Aipatutakoez gain, elkarlanean —Hamaika Telebista, Elhuyar, Antxeta Irratia, eta Kanalduderekin batera—, berrikuntza proiektu garrantzitsu bat abiatu dugu 2020an: testuetatik eratorritako metadatu semantikoen sorkuntza automatikoa eta hizketa-ezagutza eta transkripziorako teknologiaren garapena dira proiektu horren ardatzak. Eduki guztien katalogazioa ahalbidetuko du, eta hizketa-ezagutzan oinarritutako aplikazio berrien atea irekiko du.

Jarduera digitala nabarmen azkartu da COVID-19aren ondorioz. BERRIAk  zuzenean nabaritu du, besteak beste, sareko irakurleen hazkundean. Beraz, eremu digitalean eskaintza informatibo indartsua inoiz baino beharrezkoagoa da. Norabide horretan urratsak egiten jarraitzeko asmoa dugu, eta hainbat proiektu berri jarriko ditugu martxan 2021ean.

 

  • Durangoko 55. azoka
  • Urteko liburu eta diskoak
  • Euskaraldia
  • Moriako erretratuak

 

«Lankidetzaren kultura zabaldu dugu»

Ainara Lasa

Ainara Lasa

Euskarari eta euskal kulturari pandemiak ekarritako kalteez jabetuta, ahalegin berezia egin du aurten BERRIAk, lankidetza bide berriak proposatu eta esploratzeko. Ikusgaitasuna galdu dute hainbat ekimenek, salmentak jaitsi egin dira, behar berriak sortu dira… Horiei erantzuten saiatu da BERRIA.

Euskaldunon komunitatea kohesionatu eta artikulatzeko tresna ere baden neurrian, ahalegin berezia egin du, aurrez aurreko ekitaldiak egiteko ezintasunaren aurrean, proposamen digitalak ere lantzeko. Konprometitu gara argitaletxeekin, herrietako liburu dendekin, Durangoko Azokarekin, sortzaileekin, tokiko merkataritzarekin, euskarazko zinema ekoizpenarekin, Euskaraldiarekin

Lankidetzaren kultura elikatzen jarraitu dugu eta jarraituko dugu, uste baitugu harago egiten dugula elkarlanarekin, eta eraginkortasunak eta eraldaketak ezinbestekoa dutela lankidetza.

Kazetaritza ardatz izan duten kolaborazio bideak ere jorratu ditugu 2020an: Moriako erretratuak ekimena jarri genuen martxan, Zaporeak elkartea sustengatu eta migrazio politiken esparruan ari diren erakunde eta eragileekin; BerriaFM podcast feministaren emisioa zabaldu dugu hainbat irratitara; hilketa matxistaren webgunea jarri dugu ikusgai plataforma feminista batzuetan...

Balio soziala ez da neurtzen erraza, baina horretan datza BERRIAren ekarpena. Badugu zeregina eta norekin egina 2021ean.

 

 

«Lan talde konprometitua, informatzea helburu»

Elene Barandiaran

Elene Barandiaran

Ziurgabetasun egoera nagusitu den honetan, beste lantalde askotan bezala, koordinazio behar handiagoa izan dugu BERRIAn ere, erabaki ugari hartu behar izan ditugu bata bestearen atzetik eta lan egiteko modu berriak sortu eta lan-leiho berriak zabaldu ditugu parez pare. Konexioak eta hiperkonexioak sentitu ditugu, datuen tauletan buru-belarri aritu gara, erredakzioak eta bulegoak hustu ditugu eta etxeko mahaiak lan-mahai bihurtu ditugu. Denbora oso gutxian asko ikasi dugu, halabeharrez, eta orain, ikasi duguna ondo aprobetxatzea dagokigu.

Halaxe jardun dugu, behar zen guztietan elkarri lagunduz, etxeko martxa eta lanekoa ahal zen bezain ongien zainduz; baldintza zailetan gure onena ematen ahaleginduz.

Zein den gure desioa hasi berri dugun urterako? Aukerak, abaguneak aprobetxatzea, eta aurrera egitea. Izan ere, bidean solasaldi asko galdu ditugu, elkarren ondoan egoteko espazioak eta tarteak; horiek denak eta gehiago galdu ditugu aurtengo urtean. Baina egoera bakoitzak eskatzen zuena baino gehiago ez galtzen saiatu gara beti.

Eta hori da gure asmoa. Taldeak erabakitzen duen bidetik denok batera aurrera egitea, denok elkarren ondoan, irakurlea helburu, informazioak eta informatzeak eskatzen duen pasio guztiarekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.