Gernikako Estatutua osatzeko falta diren eskumenen zerrendan bi gutxiago geratzen dira gaurdanik. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak beste bi transferentzia gauzatzea adostu baitute Transferentzien Batzorde Mistoan: nekazaritza aseguruena eta zirkulazio baimenak eman eta gidarien azterketa psikofisikoak egiteko zentroak kudeatzearena. Imanol Pradalesek eta Pedro Sanchezek joan den martxoan lortu zuten eskualdaketa horien inguruko akordioa, eta akordio hori berretsi eta eskualdatzea ofizial egin dute bi gobernuetako ordezkariek gaur. Horiek hala, uztailera begira jarri dira bi aldeak, ordurako itxita nahi baitituzte Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoarena, Fogasa Soldatak Bermatzeko Funtsarena eta Pasaiako portuarena, besteak beste.
Transferentzien sinadura ekitaldia Madrilen egin dute, gaur goizean. Maria Ubarretxena Autogobernu sailburua izan da Jaurlaritzako ordezkaritza zabal baten buru. Harekin batera izan dira Noel d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen eta Nekazaritza eta Arrantza sailburua. Espainiako Gobernuaren partetik, berriz, Miryam Alvarez Lurralde Politikako estatu idazkariak parte hartu du, Angel Victor Torres ministroaren ordez.
25 urte dira aurki Eusko Jaurlaritzak trafiko eskumena jaso zuenetik. 1982an izan zen, eta, orduz gero, Ertzaintza arduratzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetako segurtasuna zaintzeaz. Gaurko itunaren bitartez, baina, zabaldu egingo du eskumen hori, ardura gehiago hartuko baititu bere gain. 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera Jaurlaritza arduratuko baita zirkulazio baimenak emateaz eta ibilgailuen matrikulazioa kudeatzeaz. Baita gidabaimena ateratzeko azterketak antolatzeaz ere. Funtzio hori bere gain hartuta, Jaurlaritzak azpimarratu du arindu egingo dituela gaur egun gidabaimena ateratzeko azterketen antolaketan izaten diren pilaketak. Aztertzaile falta dela eta, traba ugari izan baitira azken urteetan.
«Ez da nahikoa»
Jaurlaritza arduratuko da, halaber, gidarien gaitasun psikofisikoak aztertzeko zentroak kudeatzeaz; halako 150 inguru daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta Segurtasun Sailaren ardura izango da zentro horiek baimentzea, ikuskatzea eta zehatzea. Eginkizun hori izango du gidariak sentsibilizatzeko eta berrezteko ikastaroak ematen dituzten zentroekin ere: halako 24 zentro daude hiru herrialdeetan, eta puntuak berreskuratzeko ikastaroak ematen dituzte horietan. Horrez gain, Jaurlaritza arduratuko da tasak biltzeaz ere.
Nekazaritza aseguruen kudeaketa ere urtarrilaren batean hartuko du bere gain Jaurlaritzak, baina urtebete geroago, hots, 2028an. Zehazki, nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta akuikultura ustiategietarako aseguru polizak kontratatzeko diru laguntzak kudeatuko ditu. Lehorteek, izozteek, kazkabarrek edo abereen gaixotasunek eragindako kalteei aurre egiteko babes laguntzak izan ohi dira.
«Gernikako Estatutua osatzetik gertuago gaude eta ez dugu amore emango helburua lortu arte»
MARIA UBARRETXENA Eusko Jaurlaritzako eleduna
Lakuak emandako datuen arabera, batez beste 2.500 poliza inguru kontratu dira azken urteetan. Estaldurari dagokionez, 60.500 hektareako eremu bat hartu dute aseguruek, eta aseguratutako kapitala 175 milioi eurokoa izan da, 7,5 milioi euro inguruko primak dituztela. Espainiako Gobernuaren menpeko Enesa erakundea arduratzen zen horretaz orain arte, baina Eusko Jaurlaritza arduratuko da aurrerantzean laguntza horiek izapidetu, eman, ordaindu eta kontrolatzeaz. Horiek horrela, Espainiako Estatuari ordaindu beharreko kupotik 17,3 milioi euro deskontatuko dizkiote urtero.
Gizarte Segurantza
Transferentzia horien «garrantzia» azpimarratu du Ubarretxenak, eta adierazi du «pauso garrantzitsua» dela Gernikako Estatutua osatze aldera. Hala ere, ohartarazi du transferitzeko dauden eskumenei buruzko negoziazioak zabalik daudela, eta Espainiako Gobernuari presio egin dio esanez ez diotela eskumen bakar bati ere uko egingo: «Gernikako Estatutua osatzetik gertuago gaude, eta ez dugu amore emango helburua lortu arte. Orain arte lortutakoa baliotsua da, baina ez da nahikoa, eta ez gara lortutakoarekin konformatzen».
Bi dira eskualdatzeko falta diren eskuduntza multzo garrantzitsuenak. Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoa da bat. Langabezia prestazioa eskualdatzeak ate bat zabaldu bazuen ere, ez dirudi Madrilek erraz jarriko duenik. «Konplexua» izango dela aitortu du gaur Ubarretxenak berak, eta, beraz, jakinarazi du txikiagoak eta errazagoak izan daitezkeen beste batzuk lehenetsi dituztela, hala nola mutualitate laguntzaileena, aldi baterako ezintasunarekiko prestazioena eta kotizaziopeko familia prestazioena.Â
Pasaiako eta Bilboko portuena da bestea. Hasiera batean, Gipuzkoako udalerriko portuaren titulartasuna eskuratu nahi zuen Jaurlaritzak, baina hura kudeatzeko orduan «ahalmen handiagoa» lortu nahi duela dio orain. Baita Bilboko portuaren kasuan ere, Espainiako Gobernuak esana baitu ez diola interes orokorreko izendapena kenduko, ez batari ez besteari. Ubarretxenak, hala ere, «borondate politikoa» galdegin dio Madrili «konplexutasun teknikoak» gainditu eta uztailerako ituna egiteko.Â