Bulldozer hotsa Madrilen

PPren eta Voxen ondorioz Hitzarmen Ekonomikoa arriskuan dagoela esan du PSNk. EH Bilduk EAJri erantzun dio argi izan behar dela «nor den etsaia eta zer dagoen jokoan».

(ID_16645751) (Raul Bogajo/@FOKU) 2026-11-17, Durango. Hauteskundeak, EH Bilduren ekitaldia, irudian Oskar Matute
Oskar Matute, gaur arratsean, Durangon EH Bilduk egindako ekitaldian. Bertan parte hartu dute ere Arnaldo Otegi koordinatzaile Nagusiak eta Idurre Bideguren Senaturako Bizkaiko hautagaiak. RAUL BOGAJO / FOKU
joxerra senar
2026ko azaroaren 17a
22:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Javier Milei Argentinako presidentearen figura estu loturik dago motozerrari. Hala ere, duela urtebete podcast batean Jose Maria Figaredo Voxeko ekonomia arduraduna eta Jorge Buxade Europako Legebiltzarreko eleduna algara betean ari ziren Mileiren motozerra txiki utziko zutela adieraziz: «Gehiengo osoa dugunean, bulldozerrekin sartuko gara, eta guztia eraitsiko dugu!».

Bulldozer hotsak entzuten dira Madrilen, nahiz eta kanpaina honetan isilgailua izan. Voxeko ordezkariak ez dira ausartzen halako atrebentziaz hitz egitera, baina Voxen bulldozerra norabide bikoitzekoa da. Alde batetik, finantza publikoetan errenta zergaren muturreko murrizketa proposatzen du, eta horrek estatuaren diru sarrerak %30 eta %45 artean apalduko lituzke —hots, 12.000 eta 18.000 milioi euro artean—. Noski, neurri bereko gastu murrizketa proposatzen dute, zehaztu barik non sartuko luketen bulldozerra.

Bestetik, eskuin muturreko alderdiak argi utzi du Hego Euskal Herriko zerga eta finantza erregimena eraisteko prest direla; hots, Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa zein EAEko Kontzertu Ekonomikoa.

PPk, berriz, ez du argitu zer egin asmo duen zerga autonomiarekin, baina bai zehaztu du zentralizatzeko borondatea duela: programaren arabera, autonomia erkidegoen eredua berrosatu nahi du, eta estatuaren presentzia indartu Hego Euskal Herrian. Ez da ausartu esatera zer egin asmo duen Hitzarmenarekin eta Kontzertuarekin, baina Nafarroako bazkide UPNk argi utzi dio ez duela foru erregimena ukitzen utziko. Alta, Voxen aldean, UPNren pisua ezdeusa da. 

PSN, euste horma

Horri buruz hitz egin du goizean PSNko Anjel Mauleonek, Iruñeko Gazteluko plazan. Bere esanetan, «mehatxu hori gauzatzeko» eskuinak zein eskuin muturrak beharrezko izango dute bi ganberak kontrolatzea. Horregatik, Senatuko botoaren garrantziaz ohartarazi zien herritarrei, eta nafarren boto baliagarriari egin zion dei. «Nafarroako gehiengoari adierazi nahi diogu gu garela hori ez gertatzeko euste horma, benetako aukera. Guk autogobernua sendotu nahi dugu».

PSNren Senaturako hautagaiak ohartarazi zuen PPko Sergio Sayasek eskumenetan atzera egiteko asmoa azaldu duela eta Voxek, berriz, Hitzarmen Ekonomikoa suntsitzekoa. «Gure autogobernua eta foruak baliogabetu nahi dituzte. UPNk, berriz, dio autogobernua babesten duela, baina PPrekin hitzartu du koalizioa».

Kontraesan hori, baina deseroso zaio UPN-PP koalizioari. Javier Esparza Senatuko hautagaiak nahiago izan du fiskalitateaz hitz egin. Esparzaren arabera, bizimoduaren garestitzearen aurrean zergak murriztea herritarrei laguntzeko modu bat da: «Ez da apeta bat. Hilabete amaierara iristen laguntzeko modu bat da. Uste dugu hobe dela dirua herritarren poltsikoan egotea Ogasunaren kutxan baino». Halako zeharkako zergen inguruan PPk aurkeztutako testuarekin bat egin zuen: proposatu zuen oinarrizko elikagaiei BEZa kentzea eta erregaiaren eta argindarraren tarifaren BEZa %21etik %10era jaistea, eta etxebizitzarena %10etik %4ra.

EAJ, babes botoa

Kanpainaren hasieran, EAJk argi utzi zuen autogobernuarentzako aseguru poliza izenpetu nahi duela, eta klausulen artean sartuko duela Voxekin akordiorik ez egitea. Gaur arratsaldean ere, autogobernuaren defentsa oso presente izan du, Basaurin (Bizkaia) egindako ekitaldi nagusian. Nerea Renteria Kongresuko Bizkaiko zerrendatan hirugarrenak halaxe aldarrikatu du: «EAJn gure erantzukizuna ondorio guztiekin defenditzen dugu. Madrilera goaz autogobernua babestera, gure proposamenak defenditzera, negoziatzera eta adosten dugun hori betetzen dela exijitzera». 

Ildo beretik, egungo testuinguru politikoan printzipio argiak marraztu ditu Idoia Sagastizabal Bizkaiko zerrendaburuak. PPren birzentralizazio asmoen aurrean, autogobernuan sakontzeko asmoa adierazi du: «Uniformizatu gura gaituztenen aurrean, nortasun handiagoa. Gure ordez erabaki gura dutenen aurrean, erabakitzeko gaitasun handiagoa». Gero, EH Bilduren lehiari egin dio aurre. Izan ere, Sagastizabalen hitzetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago jokoan nork gobernatuko duen Madrilen, «baizik eta nork defendituko dituen Euskadiren interesak».  

PP-Voxen amesgaiztoa

Ordu berean, EH Bilduk Durangon egin du ekitaldia, 36ko gerrako bonbardaketa faxisten aurrean zutik geratu ziren arkupeetan. Jakin barik, Idurre Bidegurenek EAJri erantzun dio. «Gure arteko desadostasunen gainetik, erantzukizun partekatua aldarrikatzen dugu. Argi izan behar dugu zein den etsaia. Argi dugu zer dagoen jokoan. Ez da alderdikeriatan ibiltzeko unea».

Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak ere Euskal Herrira ekarri du hauteskundeetako markoa. Alberto Nuñez Feijook azken orduetan Iruñera eta Eibarrera egindako bisitak izan ditu hizpide. PPko buruzagiak zehaztu zuen EH Bildu «ahalik eta gehien ahultzea» duela xede. Otegi: «Eskertzekoa da hain argi mintzatzea. Hemen jokoan dagoena da ea EH Bildu geratzen duten». Bere ustez, EH Bildu PPren eta Voxen «amesgaiztorik handiena» da. 

Geroa Baik, berriz, autogobernuaren beste arlo bati erreparatu dio gaur: Gizarte Segurantzari. Foru Hobekuntzak aitortutako eskumenetako bat izan arren, haren kudeaketa ez da eskualdatu. Pablo Azkona Kongresuko hautagaiaren arabera, «funtsezkoa» da hori egitea: «Gure autogobernua giltzarri da herritarren ongizatearen defentsan». 

Fronte Zabalak etxebizitzari erreparatu dio goizean. Proposatu du EAEn 70.000 etxebizitza publiko eraikitzea eta alokairuen gehienezko prezioa 600 eurora mugatzea. l

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA